Biktimak: egia, justizia eta barkamena

Andres Krakenberger, Jon Landa eta Sabino Ormazabal
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gobernu Kontseiluak onartu du 1960tik 1978ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan Poliziaren gehiegikerien biktima izan zirenak aitortzeko eta barkatzeko dekretua.

Funtzionario publikoen aldetik giza eskubideen urraketa larriak pairatu zituzten biktimak aitortzea proposatzen du dekretuak, eta horiek aitortzeaz arduratuko den Ebaluazio Batzordea sortzea. Argituzek nazioarteko zuzenbidea aintzat hartuta baloratzen ditu beti horrelako neurriak. 2005eko abenduaren 16an,giza eskubideen urraketa pairatu duten biktimek helegiteak jartzeko eta ordaina jasotzeko duten eskubideari buruzko oinarrizko printzipio eta jarraibide batzuk onartu zituen Nazio Batuen Batzorde Nagusiak. Printzipio horien arabera, oinarrizko eta uka ezineko eskubideak dira egia jakitea, justizia egitea eta jasandako kalteen araberako ordaina jasotzea. Legearen aurrean denok berdinak izatea da beste printzipio unibertsal bat: nolako urraketa, halako eskubidea.

Gobernuak aurkeztutako Dekretuak badu beste bertute bat ere: eskubideak urratu dizkieten hainbat eta hainbat pertsonaren aitortza egitea, azkenean. Aitortza horrek erabatekoa, egiazkoa eta sinesgarria izan behar du, ordea, eta benetako aitortza eta barkamena egiteko nahiari erantzun behar dio. Zauriak ixteko izan behar du aitortzak, eta ez ez-egite edo diskriminazioagatik laido bihurtzeko.

Argituzen iritziz, gabeziak ditu dekretuak, eta egun dagoen bezala idatzita, minimizatu egiten ditu hainbat eskubide, edo biktimak diskriminatu, eta onartezina da hori.

Adibidez, guztiz egokia da dekretuak kasuak ebaluatzeko batzorde bat sortzea, baina kezkagarria da batzorde horrek ez edukitzea horrelako edozein batzordek behar duen independentzia, eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako burua izatea horren gidari. Nazioartean onartutako ohitura da batzorde horiek babes politiko zabala edukitzeaz gainera nahiko independentzia ere edukitzea, euren lana eraginkortasunez eta zilegitasunez betetzeko, joko politikotik kanpo. Ebaluazio Batzorde horrek gai horretan aditu diren pertsonak behar ditu batez ere, eta Istanbuleko Protokoloa bezalako tresnak, tortura-kasuen ikerketa sinesgarria izango bada.

«Barkamena» eta «kalte-ordaina» nahasteak ere kezkatzen gaitu, eta dekretua kalte-ordainez baino ez arduratzeak ere bai, egia jakiteko eskubide erabakigarria garatzea ahaztuta, horrelako kasu gehienetan ez baita halakorik egon, justizia egiteko atea izan arren.

Estatuak hainbat hamarkadatan ezkutatueta ukatu dituen ekintzak argitara ateratzeko inolako ikerketa-mekanismo aktiborik ez proposatzeak ere kezka-iturri dugu, era berean. Izan ere, traba horiek direla medio, ezinezkoa izango da egia jakitea, Eusko Jaurlaritzak ez badu datuak bilatzearen eta ekintzak argitzearen aldeko jarrera aktiboa hartzen.

Argituzek oso ontzat jotzen du lehenengo idazketetatik pixkanaka Dekretuan aldaketak egin izana; besteak beste, garaiari dagokionez 1968tik 1960ra atzeratzea (dena dela, gehiago atzeratu beharko litzateke, gerra zibileraino), edo «erakundeen ahanztura» aipatzea edo aitortzea, giza eskubideen urraketa horien buru izan baita. Dekretuak jasotako indarkeria politikoaren definizioa oso murriztailea eta kritikagarria da, ordea, lesio iraunkorrak eskatzen baititu gutxienez, bestelako hainbat eta hainbat eskubide-urraketa bazter utzita; torturak batez ere, aurreko zirriborroetan aipatzen baziren ere. Eta Argituzen kezkak areagotzen ditu horrek, halaber; izan ere, 1978ko Konstituzioaren ondorengo aldia jorratzerakoan,litekeena da bigarren dekretuak behar bezala ez aitortzea aldi horretako torturak, erregimen totalitario baten pean eman ez izanagatik. Ezin dira desberdintasunak ezarri urraketa horiek —torturak, kasu honetan— egin dituen erregimen politikoaren arabera; Estatuak giza eskubideen inguruan nazioarteko zuzenbidearen esparruan onartutako betebeharrak bakarrik diragarrantzitsuak, eskubide-urraketa horiek jasan dituzten biktimen eskubideak ezartzeko orduan.

Nekez dator bat Giza Eskubideen nazioarteko doktrinarekin Dekretuak proposatzen duen bezala kalte-ordain batzuk ezartzea Estatuko segurtasun indarren biktimentzat, eta beste batzuk terrorismoaren biktimentzako dekretuak aplikatuko zaizkien antzeko eskubide-urraketa jasan duten biktimentzat. Hau da, segun eta urraketa hori nork egin, kalte-ordain batzuetarako edo beste batzuetarako eskubidea edukitzea. Eta diskriminatu egiten du, era berean, baliaezintasuna eragin duten lesio iraunkorren biktimen kalte-ordainak ezbehar eta gaixotasun profesionaletarako erabilitako baremoaren araberakoak izatea proposatzen duenean. Ezin da ezbeharretarako baremoa erabili tortura bezalako delitu baten ordaina ezartzeko, definizioz dolozkoa dena, eta bat gatoz irizpide horretan Amnistia Internazionala bezalako erakundeekin. Garai bereko beste biktima batzuei aitortzen zaizkien hainbat eta hainbat eskubide ere ez ditu aitortzen, beste dekretu batzuek babestutakoak, laguntza psikologikoa eta psikiatrikoa, premiazko osasun laguntza eta sistema orokorraren osagarri den osasun laguntza, kalte materialen ondoriozko kalte-ordainak, babes ofizialeko etxeak eskuratzeko lehentasuna, edo ikasketetarako laguntzak edo enplegu publikorako lehentasuna baitute. «Bidegabeko sufrimendua» mugatzen du, gainera,froga daitezkeen kalte fisikoek edukiko baitute kalte-ordain eskubidea, sufrimendu psikologia bazter utzita. Horrez gainera, pertsonak du frogaren karga, eta nekez frogatuko ditu torturak, adibidez, bere garaian ikertu ez baziren, Estatuaren eta Justiziaren traben ondorioz.

Argituzek badaki ez dela erraza gai horietan aurrera egitea, baina egin daiteke: giza eskubideen urraketa latzak pairatu dituzten beste gizarte batzuek bidea ireki eta zauriak ixteko politikak ezarri dituzte. Horregatik, dekretu honek suposatzen duen lan-oinarria egin beharreko hurrengo urratsetan areagotzera animatu nahi ditugu Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoak,giza eskubideen inguruko nazioarteko zuzenbidearen parametroak ardatz hartuta. Dekretu horrek ez du amaiera izan behar, beste urrats bat baizik, urrats txikia bada ere.

Egin daiteke. Biktimak aitortzeko, duintasuna itzultzeko eta zauriak ixteko bidea izan behar du dekretuak, baina bermeak eduki behar ditu bide horrek, benetan eraginkorra izatea nahi badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.