Ibai Iztueta Azurmendi.

Bikaintasunaren alde

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzan A-B-D ereduen sistema martxan jarri zenean,1982/83an, D ereduan matrikulaturiko ikasleak %15 eskas ziren, eta A eredukoak %80. Handik hamabost urtera, 1997/98 ikasturtean, A eredukoak %45 ziren, B-koak %19 eta D-koak %36. Gaur egun, berriz, LHko ikasleen ia %80 dabiltza D ereduan. Baten batek D eredua bazterrean irauteko jaio zela usteko zuen, casheroen hizkuntza txikiari hezkuntza formala handitxo geratzen zitzaiola sinetsita. Ez da hala izan, ordea. Eta, orain, ziklo aldaketa baten atarian omen gaude. Aukera bat D ereduak irekitako bidea bikaintasunera eramatea da, zoritxarrez eta zorionez, hobetzeko tarte handia dago-eta. Beste aukera, berriz, inboluzioa da, hau da, D ereduari merituz irabazi duen espazioa kentzea eta, elebitasunaren izen ona konplexu handirik gabe ebatsi ondoren, B eredua biziberritzea. B ereduak ikasle elebidunak hezten kale egin du. Halere, sintomatikoak dira azkenaldian ikaste-emaitzen gainbehera D ereduari leporatzen dioten prentsako albisteak edota hizkuntza-eskakizunak jaisteko aldarri eta legeak. Planifikatua dirudi.

Ikusmiran diren hizkuntza proiektuei dagokienez, bi dira aipatu beharreko elementuak: Euskarazko B2delakoa eta eskolen autonomia kontzeptua. Lehenengoa helburuarekin lot liteke; bigarrena, aldiz, helburu horretara iristeko bideekin.

Euskarazko B2 mailak, hitz lauz esanda, hiztunari, hala behar edo nahi izanez gero, goizetik gauera euskaraz komunikatzeko oinarrizko ahalmena eskaintzen dio. B2ak alde ahulak ditu: emozioen adierazpenak eskatzen duen mailaz azpikoa da, eta aprobetxatua izateko motibazio handia edota inguru babestua behar ditu. Era berean, arraroa da B2 maila doi-doi duen norbaitentzat etxeko transmisioa. Alderik onena, berriz, zera du, hiztunari oinarrizko autonomia bat bermatzen diola. Euskarazko B2a EAEko edozein ikaslek espainolez praktikan erdietsi ohi duen —eta erdiestea onartuko litzaiokeen— maila baino askoz apalagoa da, noski. Eta, halere, nola gabiltzan ikusita, aurrerapausotxoa izan liteke.

B2a hiztuna elebiduntzat jo litekeen oinarrizko maila da, eta hari uko egiteak gizarte elebidunari atea ixtea esan nahi du. Gero, euskarazko B2a gutxieneko helburutzat orokortzea gure ikasleentzako langa garaiegi jartzea dela inon irakurri edo entzunez gero, ez sinetsi. Egia da, badira trataera eta neurri propioa eskatzen duten ikasle soslaiak. Baina, oro har, EAEko hezkuntzan hamahiru urte emango duen edozein ikaslek du B2rako ahala, eta lortuko du baldin eta hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztien artean sentsibilitatea, kohesioa, profesionaltasuna eta ezagutza zientifikoa zaintzen eta aplikatzen badira. Aipaturikoetan hutsuneak badira, berriz, eta bide honetan irakasleak bakartuta uzten badira, zailagoa izango da.

Gakoetako bat DBHn dago, ziurrenik. Adibidez, gaur egun arrunta da gela-orduetan ikasleak gazteleraz aritzea, baita irakaslearekin ere. Eta geroz eta arruntagoa irakasle gazteak irakasle-gelan elkarrekin gazteleraz aritzea ere. Edota, ikasleak gazteleraz egiten diolako, irakasleak edota gurasoak euskaraz egiteari utzi eta gazteleraz hastea, egoera nola kudeatu ez dakitelako. Ikasleen ezintasuna al dago errealitate honen atzean? Ez. Ikas- komunitatearen sarea findu beharra dago, nik uste. Esaterako, imajina dezagun, une batez, DBHko gela barruko jardunean ikasleen euskararen erabilera emendatzen asmatze hutsak ekarriko lukeen mesedea.

Hizkuntza-proiektuari dagokion bigarren elementua autonomia dela esan dugu. Eskolak inguru soziolinguistiko ezberdinetan daudenez, bakoitzak B2rako bere bidea egin behar duela adierazten du. Halabiz. Guztiarekin ere, oroit dezagun A-B-D ereduen sistema bera errealitate ezberdinetatik abiaturiko bideei jarraitzeko antolatu zela, Ameriketatik ekarritako berme zientifikoekin, gainera. Praktikan jartzean, ordea, huts egin dute A-k eta B-k, hasieratik bertatik, D-koa baino maila akademiko hoberik ez eskaintzeaz gain, elebitasunetik urrun geratu direlako. Zentzuak eskatzen du, hortaz, erantzukizunen inguruko gardentasuna behar dela ikastetxeen autonomiaren osagarri. Ez pentsa, ni neu B ereduarekin esperimentatzearen aldekoa naiz, zenbait tokitan, faseren batean aplikatuta, emankor izan daitekeelako, agian. Baina arduraz, eta emaitzak eskatuz.

Jauzia egiteko orduan, begiratu beharra dago oina jarriko dugun zorua sendoa ala ahula den. Ahula bada, hautsi egingo da, erori egingo gara, eta min hartuko dugu. Zoru sendoaren gain egindako jauzia, aldiz, ona izango da. Hori horrela, Eusko Legebiltzarrari eta Hezkuntza Sailari erantzukizuna zain dezatela eskatu nahi nieke, eta monitorizazio dispositibo bat diseina dezatela zoru sendoaren parekoa, besteak beste: a) jarraitutasunez, klaustroei formakuntza eman eta hezkuntza-komunitateei hizkuntza-planak ezagutza zientifikoren bidez garatzen lagunduko diena, b) hizkuntza erabilerarako irizpideak eta gainditu beharreko egoerak argi eta arrazoiz markatuko dituena, c) iruzurrerako aukerarik gabe emaitzak jarraitutasunez ebaluatuko dituena, eta d) bide arrakastatsuak zein antzuak zaluki identifikatuko dituena, hala arrakastetatik nola porrotetatik ikaskizunak atera eta segidan behar diren moldaketak egiteko.

Garrantzitsua da erantzukizunen erregistro hau, bai, zeren eta jakina baita bidean katigatzen bagara zer izango dugun zain: betikoen tekela eraberritu nekagarria, kulpa guztia «pribilegiatuak» izan nahi dugun euskaldun «aberaskumeona» dela, «atzerapenaren alde» eta «demokraziaren kontra» egoteagatik; eta euskararena ere bai, hain gauza gutxi izateagatik.

Hobe bikaintasuna, eta kontuak argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.