Bihurguneak osasun sexualaren legearen aurrean

2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Emakumeen eskubideak berriro dira (eta izango dira) eztabaidagai udaberri honetan. Espainiako Berdintasun Ministerioak abortu lege berriaren zirriborroa kaleratu zuen egunetik milaka artikulu, txio, adierazpen eta iritzi zabaldu dira. Ohi den bezala, emakumeen bizi kalitatea eta duintasuna ziurtatzera zuzenduriko neurriak beste ezer baino errazago jartzen dira zalantzan. Bat-batean, denak dira abortuan adituak (adin ertaineko gizonak batez ere), erditzean edota hilekoak eragiten duen (edo ez duen) minean.

Proposamena, orokorrean, aurrerapauso handia da emakumeen eskubideei dagokienez. Ez bakarrik abortu segurua, osasun publikoan eta legala ziurtatzen duelako, hori giza eskubidea dela argi eta garbi adieraziz, baizik eta haratago doalako beste zenbait eskubide zabalduz, osasun sexualarekin eta menstrualarekin loturikoak besteak beste.

Adibide zehatzak jartzearren, proposatzen diren neurrien artean dago sexu-heziketa derrigortzea hezkuntza-maila guztietan. Gainera, sexu-heziketa berri horrek sexu-aniztasuna, sexu-transmisiozko infekzioen eta haurdunaldien prebentzioa eta hilekoari genero-ikuspegitik heltzea landuko ditu. Bestalde, eremu ginekologikoan eta obstetrikoan emakumeen aurkako indarkeriak legez aitortuko dira eta jardunbide egokiak erdigunean jarriko dira, indarkeria mota horiek amaitzeko modurik onena lehenetsiz.

Baina, zalantzarik gabe, eztabaidarik handiena hileko min ezgaitzaileen ondoriozko bajena izan da. Hilekoa inoiz izan ez duten adituek diotenez, horrek emakumeak gezurra esatera bultzatuko lituzke lan egiteari uzteko, ibuprofeno bat hartu eta kexatzeari utzi beharrean. Jakina, gizon baten lunbalgia nahikoa arrazoi da lanik ez egiteko, baina hilekoaren ondoriozko min jasanezina ez da aitzakia onargarria.

Hasieran esan bezala, emakumeen eskubideak zabaldu nahi direnean erresistentziak inoiz baino nabariagoak dira beti. Dena da eztabaidagarriagoa, dena da zalantzazkoagoa. Aldi berean, eztabaida politikoan eta publikoan azaleratu diren erresistentzia horiek sintoma dira: proposamena benetan aurreratua dela eta une egokian iritsi dela argiki adierazten duen sintoma.

Aipatutako neurriak proiektuaren zertzelada batzuk baino ez dira, emakumeentzako itxaropen eta urgentziazko momentu batean iristen direnak. Gaur, emakumeen eskubideak mehatxupean daude. Estatuko eskuinak eta eskuin muturrak feministak eta emakumeen eskubideak identifikatu dituzte etsai nagusi gisa, eta gero eta era bortitzagoan saiatzen dira horiek mugatzen. Hilabete honetan, abortuaren aurkako kanpaina indartsu baten lekuko izan gara zenbait hiritan, eskubide feministen belaunaldi berriak dakarren aurrerapenaren aurkako erasoaldiaren adibide argia.

Europa mailan, Roberta Metsola bezalako pertsona bat da Parlamentuko presidentea talde anitzen botoei esker (sozialistak horien artean), hainbatetan abortatzeko eskubideari edo haren despenalizazioari eraso egin ondoren. Bestalde, emakumeen sexu- eta erreprodukzio-eskubideak murrizteko saiakerak larriak dira zenbait herrialderen kasuan, horien artean Poloniako Gobernuaren eskutik etorri direnak bereziki. Eta mundu mailan, Estatu Batuetako Auzitegi Gorena bera abortatzeko eskubidea zalantzan jartzen ikusi dugu. Simone de Beauvoir filosofo eta idazleak aspaldi ohartarazi zuen bezala: «Ez ahaztu krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat nahikoa izango dela emakumeen eskubideak berriro zalantzan jartzeko. Eskubide horiek ez dira inoiz eskuratutzat ematen, zuen bizitza osoan adi egon beharko duzue».

Edonola ere, itxaropen zantzuak ere izan dira azkenaldi honetan. Kolonbia, Txile eta Argentina bezalako herrialdeetan feministek eskubideak konkistatzen jarraitu dute. Asko dago oraindik egiteko, hori egia da. Zenbait neurri garrantzitsu geratu dira proiektutik kanpo, horien artean tasa arrosaren amaiera, emakume izate hutsagatik pobretzen gaituena. Ziur naiz beste proposamen asko hobeak edo are ausartagoak izan litezkeela. Baina larrialdi une batean, borroka feministak oraindik gehiengoa duenean Diputatuen Kongresuan, pozten naiz aurrera egiten duten herrialdeen artean egoteaz, eta ez atzera egiten dutenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.