Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduan 46 hilabete daramatzagu gure herri eta hirietan mobilizazioak egiten, eta hasieratik Pentsioen Sistema Publikoarekin lotutako hainbat kontzeptu bereizi ditugu. Ez da gauza bera adinekoez mintzatu edo pentsioez, pentsiodunez, erretiratuez. Estatu mailan eta zenbaki biribiletan esanda: zaharrenak (65 urtetik gorakoak) hamar milioi gara, pentsiodunak bederatzi milioi, 65 urtetik gorako pentsiodunak zazpi milioi, erretiratuak sei milioi, nahiz eta azken hauen kotizazioei esker ordaintzen diren kotizaziopeko hamar milioi pentsio, eta kotizazio gabeko beste 600.000 pentsio.
Esaten denean kotizazioek ez dutela ematen baby-boom-erako egungo erretiro mailari eusteko, irakurketa faltsua da. Hau da, gezurra esaten da. Kotizazioek erretiroa soilik estali behar balute, %80ko Birjarpen Tasarako ez ezik (BT = pentsio publikoak estaltzen dituen azken soldaten ehunekoa), %100erako edo gehiagorako ere emango luke. Egia esan, langileen kotizazioek erretiroko pentsioa estaltzeaz gain, ezintasun iraunkorrak, alarguntasuna, zurztasuna eta bestelako familien aldekoa ere estali behar dituzte; horregatik, batez besteko pentsio bera ere ez da iristen batez besteko soldataren %60ra.
Pentsio horiek guztiak Pentsioen Sistema Publikoak bermatzen jarraitu behar dute. Baina langile-klaseak jartzen duen diru guztiaz gain, gizarteko beste taldeek ere beren zatia jarri behar dute: aurrekontuek tokatzen dena jarri behar dute. Ez gehiago, ez gutxiago: pertsona guztientzako bizitza duina bermatzeko falta dena. Guztiz egokia da esatea «historiako aurrekonturik sozialenak» ez direla Eusko Jaurlaritzarenak, ezta Espainiako Gobernuarenak ere, langileen kotizazioetatik sortutakoak baizik. Inoiz ez da izan (eta inoiz ez da izango) aurrekontu sozialagorik.
Eta horrek galdera hau dakar: aurrekontu hain sozialez harrotzen direnek nolatan bota nahi dute hankaz gora Pentsioen Sistema Publikoa? Pentsioen Sistena Publiko hori gizarte aurrekontuen ispilu galanta eta sendoa denean... inoiz izan diren sozialenak direnean... zergatik ez da hobetzen sistema hori gutxieneko pentsioa 1.080 eurora eta LGSa 1.200 eurora igoz? Zeren beldur dira? Gastu ekonomikoaren beldur? Ez dut uste. Boteretsuek beldur diote gizarte osoak bizitza duina izateko eskubidea duela onartu beharrari. Hori gertatzen bada, zer gertatuko da boteretsuen posizioarekin? Zer gertatuko da saltzen ari zaizkigun sasi-demokraziarekin? Nola biziko dira boteretsuak neskame eta morroirik gabe? Zer gertatuko da kontsumo-gizartearekin, beren negozio eta amarruekin?
Kotizazioek beraiek bakarrik bete behar badituzte gizarte osoaren behar sozial guztiak, argi dago ez direla iristen. Eta, era berean, ez da erretiro duin baterako iristen ekarpen handiena egiten dutenentzat, hau da, langile-klasearentzat.
Langile klaseak eta bere sindikatuek, mahai gainean jarri behar dute ahalegin hori: argudio handia eta sendoa delako, eta eskubide sozioekonomikorik ez galtzeko. Beharrezkoa den erreforma bakarra dagoena hobetzea da. Soldata errentek ezin dute igoera gehiago jasan.
Hori esanda, dena esan dugu. Langile klasearen bizkar jartzen da gizarte honetan dugun gizarte-laguntzako sistema osoa. Kotizaziopeko pentsioen ondoriozkoa ez ezik, baita gutxieneko sarrerarena, pentsio ez-kontributiboak, klase pasiboen pentsioak eta beste laguntza publiko batzuk ere; izan ere, Estatuko Aurrekontu Orokorren %85 soldata-ordainsarietatik (soldatak + pentsioak) ordaintzen ditugun zergetatik sortzen dira.
Finantza-bankaren eta boteretsuen kontakizuna sumingarria da: langile klaseari txanoaren eta arlotearen irudia eman nahi diote. Aurrekontu guztia jartzen duen klasea, hain zuzen ere.
Hau guztiagatik, denok kalera bihar, azaroaren 13an. Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio eta soldata duinak eta zerbitzu publiko unibertsalak defendatuko ditugu.
Bihar argi hitz egingo dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu