Asko entzun dugu Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan PAI arautzen duen 57/2024 Foru Aginduari buruz, baina ezer gutxi Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan programa eleaniztuna (PAIren jarraipena) arautzen duen 58/2024 Foru Agindu berriari buruz.
Foru agindu horrek funtsezko aldaketak dakartza. Alde batetik, D ereduan bi ordu gehiago eman beharko dira ingelesez (6tik 8ra igoz), G ereduarekin parekatzeko. Gure ustez, ez da kontuan hartu D eredua euskarazko murgiltze-eredua dela, eta hizkuntza horretan ematen diren orduak murrizteak kalte egin diezaiokeela gure ikasleen euskalduntze prozesuari, eremu misto zein ez-euskaldun deiturikoetan berez zaila baita.
Bestalde, ikasgai jakin batzuk ingelesez ematera behartzen du (Biologia eta Geologia, Geografia eta Historia, Fisika eta Kimika eta Gorputz Hezkuntza, Ingelesa ikasgaiaz gain). Orain arte, ikastetxeak aukera zuen irakasgaiak aukeratzeko eta eskaintza bere hezkuntza-beharretara egokitzeko.
Gainera, interinitate handiagoa ekarriko du ikastetxeko plantillan, berez oso ezegonkorra dena hezkuntza publikoan. Horrek zaildu egingo du ikasleei arreta pertsonalizatua ematea eta ikastetxeko proiektuei jarraipena ematea Bigarren Hezkuntzako etapa osoan.
Iruñeko Iparralde DBHIko klaustroak erabateko desadostasuna adierazi nahi dio Hezkuntza Departamentuak egindako inposaketa berri honi. Adostasunik gabe onartu da, hezkuntza-komunitateari kontsultarik egin gabe, ingelesezko irakaskuntza-orduak gehitzeko beharra babesten duen justifikazio zientifikoa eman gabe, eta azaldu gabe gehikuntza hori zergatik aplikatu behar den ikasgai jakin batzuetan. Irizpide-aldaketa hau ez dago arrazoituta, eta ez du azaltzen zer helburu duen.
2018-2019an bere ibilbidea hasi zuenetik, Iparralde institutuak hezkuntza berrikuntzaren aldeko apustu irmo eta sendoa egin du, eta 2022-2023 ikasturtetik aurrera esparruka lan egiteko proiektua inplementatu zuen, non hainbat irakasgaitako curriculum elementuak integratzen diren. Proiektu hori positiboki baloratzen ari dira ikastetxeko familiak zein gertuko eta nazioarteko hezkuntza komunitatea, eta asko dira ikastetxeak jasotzen dituen bisitak gure proiektua ezagutzeko eta beraienetara zabaltzeko.
Foru Agindu berriak behartuko du une honetan esparruen barruan ematen diren ikasgai batzuk ingelesez ematera. Horrek esparruak hautsi behar izatea ekarriko die programa eleaniztuna egiten ari diren ikasleei. Hezkuntza Departamentuari esparruka lan egitea mantendu ahal izateko irtenbide bat eskatu eta gero, ezezko erantzunak baino ez ditugu jaso, klaustroak egindako lana gutxietsiz.
Salatu nahi dugu Hezkuntza Departamentuak ez duela inolako negoziatzeko jarrerarik, D ereduan orokorrean programa eleaniztunaren inplementazioa malgutzeko, eta Iparralde institutuan zehazki, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren jarraipena ahalbidetzeko. Hainbesteko lan, ahalegin eta dedikazioari esker sortutakoa, eta emaitza onak ematen ari dena, bai akademikoki, bai ikastetxeko bizikidetzari dagokionez.
Azkenik, uste dugu ikastetxeen autonomiaren aurka doala erabat. Egungo LOMLOE 3/2020 Hezkuntza Legearen arabera, ikastetxeek antolamendu-erabakiak hartzeko eskubidea dute, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzera bideratuta. Kalitate hori murriztu egingo da Foru Agindu hau aplikatzen bada.