Bigarren aizkorakada

2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gutxi iraun du Hezkuntza Lege berria bideratzeko asmoz Gasteizko Legebiltzarreko lau indar politiko nagusiek pozez eta atseginez ateratako argazki instituzionalaren «adostasunak». Zuzendaritza guztiek herritarren aurrean eredugarritzat jo zuten akordioa desegin egin da, egitasmoa martxan jarri aurretik, hori bai, bideraturik zegoen hezkuntza arloko greba bertan behera utzi ondoren eta kalapita ederra sektore osora zabaldu eta gero. Inork entzun al du nonbait inorenautokritikarik txikiena?

Denborak erakutsi du justifikatuak zirela lorpen historikotzat jo zen hezkuntza esparruko «adostasunak» euskal jendarteko sektore zein eragile askorengan —bereziki, arlo sozialean, sindikalean eta euskalgintzan—sorturiko kezka larriak. Unea iritsi denean, ustezko akordioa pitzatu egin da, eta kritikak ugaritu: hizkuntza eredua, segregazioa, curriculuma, kudeaketa, lan baldintzak, finantzaketa, proiektu nazionala... dena arazo bihurtu da. Adostasun instituzionala eta batasun soziala bi gauza ezberdin direla ikusi dugu berriro ere, eta lehenak ez duela bigarrena ordezkatzen, gainera.

Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Hik Hasik, LABek, ELAk, Steilasek eta Heizek osatu duten proposamenak, besteak beste, euskarazko hizkuntza eredu orokortu eta inklusibo bakarra hezkuntza sare osora zabaltzea proposatzen du. Egitasmo hori Hezkuntza Lege berrian jasotzen ez bada, Euskal Herriko proiektu nazional zein sozialaren aurkako EAJ eta PSEren aizkorakada estrategiko berria izango da.

Eta orain, bigarren aizkorakadaestrategikoa ematera dator EAJ-PSE gobernua. Administrazioaren esparruan oraingoan. Urkulluren gobernuak 2023ko maiatzeko hauteskundeen aurretik administrazioaren euskalduntze prozesuan izugarrizko eragina izango duen Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berria zirriborratu du. Hemen ere, gainera datorkigun atzerakada ikusirik, Kontseiluak, ELAk eta LABek Sektore Publikoa euskalduntzeko proposamena kaleratu dute.

Ekarpen hauek Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berrian jasoko diren ala ez ikusteke dago oraindik, baina Hezkuntza Legearen inguruan bezala, administrazio alorrean ere itxura txarra du honek guztiak.

Izan ere, ez dugu ahantzi behar PSEk 2012an, Hezkuntza kudeatzen zuen garaian, Baliokidetza Dekretua jarri zuela abian. Bertan, DBHko ikasketak D ereduan —murgiltzean— burutzen zituzten ikasleei administrazioko II. Hizkuntzan Eskakizuna (B2 nazioarteko hizkuntza mailaketan eta Hezkuntza Lege berriaren terminologian) baliokidetzea erabaki zuen, eta unibertsitateko ikasketak euskaraz burutzen zituztenei, administrazioko III. Hizkuntza Eskakizuna, EGAren baliokidea dena (C1 nazioarteko hizkuntza mailaketan). Baina guztiok dakigu D ereduaren —murgiltzearen—emaitzek, onenak izanik ere, askotan ez dutela hizkuntzaren behar bezalako gaitasuna bermatzen, ez DBH amaieran, ezta unibertsitate bukaeran ere... Eta, halere, titulazio hori aitortuko zaie erabat euskaldundu ez diren ikasleei? Zertarako?

Inork uste al du murgiltzea Hezkuntza Lege berritik kendu ondoren eta «euskara ardatz izango duen eredu eleanitza» martxan jarrita, egoera hau hobetuko denik, Legean jarri arren ikasleek ikasketa amaieran B2 maila izan behar dutela? Egoera honetan Hezkuntza eta Administrazioaren arteko baliokidetza automatiko horiek bere horretan onartu behar al ditugu?

Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berriaren helburu nagusia ez da administrazioko langileen euskararen erabilera arautzea, langileen euskararen ezagutzan eragitea baizik. Proposatzen diren Hizkuntza Eskakizun «asimetrikoen» bidez, euskaraz hitz egiten «ondo», baina «idazten ez dakiten» funtzionarioentzat ateak zabaldu nahi dituzte. Zalantzarik gabe, erdaraz lan egingo duten horrelako euskaldun asimetrikoz bete behar dugu euskal administrazioa? Administrazioak onartuko al lituzke erdaraz «ondo» hitz egiten baina «gaizki idazten» duten funtzionarioak? Norentzako dira profil asimetriko horiek? Hezkuntzak ondo euskaldundu ez dituen langile berrientzako, agian? Eta noiz arte horrela?

Gaur gertatzen den moduan, euskaldundu eta alfabetatu ditugun administrazioko milaka langile euskaldunen jarduna erdaraz egiten jarraitzen uztea onartu behar al dugu? Dagoeneko euskaldundu direnak ez al ditugu derrigorrez euskaraz lanean jarri behar? Horretaz ezer gutxi zehazten du Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berriaren zirriborroak, horretan ere ez baitago adostasunik aipatu lau indar politikoen artean.

Azken hamarkada hauetan Hezkuntzaren bidez euskaldundutako milaka euskal herritar erdaldundu ditugu, administrazioan erdara hutsez lan eginaraziz. Asko izan dira urteotan lanpostua eskuratzeko Hizkuntza Eskakizuna eskuratu behar izan duten langileak —ez politikariak—, eta, ondoren, lanean inoiz erabili ez dutenez, euskara gaitasuna galdu dutenak. Kontuan izan behar dugu langile horietako askok, lanean ez bada, beste inon ez dutela euskararekin kontakturik, ez familian, ez lagun artean, ez etxean, ez bizitza sozialean... Horretan ere, COVID-19aren pandemiaren eragina izugarri kaltegarria izan da. Hori izan da urteotako dinamika ustela: esku batekin irabazten genuena, bestearekin galdu. Horretan jarraitu behar dugu? Noiz arte?

Hezkuntzan lehen aizkorakada eman digute, baina borroka ez da amaitu. Hezkuntza Legea zertan geratzen den ikusteke dago oraindik. Orain bigarren aizkorakada eman nahi digute, administrazioaren esparruan. Eta hemen ere borroka ez da amaitu. Guk geureari eutsi behar diogu, euskal herritarrok azken Korrika ikaragarrian erakutsitako herri gogoari, nahiari.

Legez eta adostasun politiko instituzionalez ezin bada, desobedientzia zibilez ekin behar diogu euskalduntzearen erronkari. Ezin dugu amore eman. Euskal jendartea da ahaldundu behar duguna. Oztopoak eta muga legal zein instituzionalak gaindituko dituen herri tsunami erraldoia da sortu behar duguna, Ipar Euskal Herria eredu. Jon Lopategi Baltza bertsolariak ondo esan zuen moduan, «herri libre bat iritsi nahi badugu bihar etzi, arma benetan ziurrena den euskarari eutsi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.