Bidesarien krisia, gobernatzeko era baten ondorio zuzena

Aitziber Ibaibarriaga
2017ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ez dago krisirik gobernuan. Ez dago eta ez da egon». Hori izan da azken egunetan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gehien errepikatu duen esaldia. Gehiegitan errepikatu du bere gobernu taldean inolako krisirik ez egoteko.

Izan ere, azken egunetan giro nahasia bizi izan dugu Bilboko udalean. Nahiz eta Aburtok behin eta berriro esan ez dela arazorik egon, gobernua osatzen duten EAJ eta PSEko buruek (Aburtok eta Alfonso Gilek, hurrenez hurren) krisialdi larria bizi izan dute haien gobernu akordioan.

Krisiak, ustez, Bilbora autoz sartzeko bidesariak jartzeko proposamenean du jatorria. Ika-mikaren detaileak ezagutzen ez dituenarentzat, horra laburpen txiki bat: Gil Mugikortasun zinegotziak Bilbon auto kopurua gutxitzeko bidesariak jartzeko aukeraren inguruan hitz egin zuen. Ideia hori ez zen zinegotziaren ateraldi bat. Aukera hori beste 50 proposamenen artean bere arloak kudeatzen duen prozesu parte-hartzaile baten barnean egindakoa zen. Hiriaren Mugikortasun Jasangarriaren Planaren barnean egindako lana, hain zuzen ere.

Hala ere, handik gutxira, prozesu parte-hartzailea abian jarri eta gutxira Aburto alkateak argi utzi zion ez zela inolako ordainsaririk jarriko Bilboko sarreretan. «Neurri hori ez da abian jarriko», bota zuen ETB1eko elkarrizketa batean.

Beste era batera esanda, zinegotziak herritarren proposamen baten berri eman zuen eta alkateak, herritarrek beren iritzia eman baino lehen, argi utzi zuen horrelakorik ez zela egingo. Herritarren parte-hartzea sustatzeko eta ulertzeko era xelebrea Aburto alkatearena, zalantzarik gabe.

Aburtok ez ditu prozesu parte-hartzailea, horren epeak eta zinegotziaren lana errespetatu eta, horren ondorioz, azken egunetan orain arte ezezaguna zitzaigun egoera bizi izan dugu udalean: EAJ eta PSEren arteko haserrealdia. Horren adierazlerik argiena ekitaldi ofizialetan elkar agurtzen ez duten gobernukide bi. Eta hori ekitaldi horietan batera egon direnean. Izan ere, Gil hainbat ekitalditara ez da joan alkatearekin topo ez egitearren.

Jarrera horri hiru egunez eutsi dio Gilek Aburtoren keinu baten zain, baina alkatearen keinu hori ez da heldu eta azkenean sozialistek onartu behar izan dute nork eta nola agintzen duen Bilboko udalean. Izan ere, hor dago arazoaren iturria eta ez ordainsarien inguruko polemiketan.

Argi dago arazoa ez dela trafikoaren inguruko ika-mika artifizial bat. Jarrera arazo bat da. Legegintzaldi erdia bete baino lehen bere lantaldeko pertsona garrantzitsuena joan zitzaion Aburtori eta, orain, gobernukidearekin ika-mika.

Izan ere, alkatearen jarrera hori prozesu parte-hartzaile horretan aritu garen guztienganako errespetu falta ikaragarria izan da. Herritarrak, elkarteak, oposizioko alderdiak... guztiak aritu gara Bilboko mugikortasuna zehaztuko duen plan horretan lanean. Hiriarentzat hain garrantzitsua den erabaki batean parte hartzea berebizikoa iruditzen zaigu baina, argi geratu denez, batzuek nahiago dute politika zaharreko eredura itzuli eta erabakiak bulego itxietan hartzea, eztabaida soziala egin gabe.

Hala ere, egun horietan bizi izandakoak hainbat irakaspen utzi dizkigu. Alde batetik, orain badakigu nola ulertzen duen Aburtok parte-hartzea. Hurrengo prozesu parte-hartzailea iragartzen duenerako badakigu zeintzuk diren joko-arauak: herritarrek, asko jota, proposamenak egiteko aukera izango dute soilik eta azken hitza Aburtorena izango da beti. Hori da bere parte-hartze eredu zaharkitu eta irreala. Guk, horren aurrean, benetako prozesu parte-hartzaileak proposatzen ditugu. Herritarren erabakiak benetan errespetatuko dituzten prozesuak, alegia.

Beste alde batetik, gobernuan izandako krisi egoera horrek beste irakaspen bat utzi digu. Agerian gelditu da nork agintzen duen Udaleko arlo guztietan (nahiz eta ardura EAJkoa ez den zinegotzi batek izan). Legegintzaldi erdira heldu garenerako agerian gelditu da bi urte hauetako sozialisten ekarpen bakarra zein izan den: haien lau zinegotziekin Aburtori gehiengoa ematea Udalbatzan.

Aurreko guztia esanda, Aburtok hainbestetan errepikatu duen esaldiak beste zentzu bat hartzen duela esan daiteke. «Gobernu taldean ez dago krisirik» esaldia ez da baieztapen bat. Esaldi hori agindu bat da. Eta agindu horren aurrean PSEk bi aukera zituen: edozein gai eztabaidatu daitekeen bestelako Bilbo baten alde lan egin, edo ezer gertatu ez balitz bezala jokatu eta haiek aintzat hartzen ez dituen EAJren itzalpean, burumakur, jarraitzea hurrengo itsusikeria gertatu arte. Eta, zoritxarrez, badirudi PSEk ondo ulertu dituela Aburtoren hitzak eta aukeraketa egin duela: orain arte bete duen Aburto eta EAJren konpartsa lana egitea, alegia.

Zoritxarrez, azken egun hauetan, bilbotarrok aukera ederra galdu dugu. Bilboko mugikortasuna antolatzeko prozesu parte-hartzaileak eta etorriko diren hurrengo prozesuek zeukaten sinesgarritasuna galdu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.