Joseba Zulaika.
Antropologoa

Bidenen kapitulazioa

2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Estatu Batuetako politika ezkerretik bizi dugunontzat, Biden izan da salbazioa trumpismo mehatxu larriaren aurrean. Ez zen izan ezkerreko demokraten hautagaia, hori Berny Sanders zen, baina irabazi ondoren honen politika aurrerakoiak bereganatu zituen. Epidemiaren ondoren laguntza masiboak eman ziren, hauek inflazioa ekarri zutelarik eta Bidenen popularitatearen beherakada (Afganistandik irteteko egin zuen erabaki ausartarekin batera).

Putinek Ukraina inbaditu zuenean, nazio erasotuaren alde irmo jarri zen Biden: kanpoko eta etxeko etsaien aurka ari zen horrela. Aldiz, ezaguna da Trumpek Putin duela gogoko; diktadoreak ditu bere modelo. Trumpen jarraitzaileak Ukrainarako diru laguntzari uko egiten aritu dira ordezkarien ganberan. Zer esanik ez, Errusia komunista izan da amerikar eskuinarentzat mamu historikoa Gerra Hotzetik gaur arte. Trumpismoak azpikoz gora jarri du guztia.

Eta gero Urriaren 7ko Hamasen eraso terrorista gertatu zen, 1.200 israeldar hilik eta berrehunetik gora bahituak utzi zituena. Bidenek ez du batere gogoko Netanyahu; bien artean mesfidantza eta arbuioa izan da orain arte. Baina Hamasen erasoaren ondoren Netanyahu besarkatzera joan zen amerikarra. Estatu Batuen eta Israelen arteko harremanak aspalditik dira ukiezinak eta espero zitekeena zen estatubatuarrak beste behin esatea Israelek bere burua defendatzeko eskubidea duela. Ulergaitza eta eskandalua, halere, astea joan eta astea etorri halako sarraski katastrofikoa babesten jarraitzea, konplize izateraino.

Hamas eta Netanyahu: betidanik jakina da biak elkar berrelikatzen direla. Netanyahuk hasieratik babestu eta finantzatu zuen Hamas, ondoren «terrorismo» delakoa borrokatuz dena irabazteko duelako, horrela Palestinar zatituen ordezkari politikoekin bi estatuen soluzioa gauzatzea alde batera utziaz. Ezaguna da baita ere herri mugimendu baten barruko talde militarizatuek herriaren izenean zer nolako erabaki suizidak har ditzaketen, herriaren kaltea bost axola zaiela.

Bidenen kapitulazioaren aurrean, demokraten aliantza aurrerakoian (gazteak, emakumeak, beltzak, hispanoak, musulmanak) asko dira haserretu direnak; datorren urteko bozketan Biden zigortzeko parada izango dute. Ondorioa jakina da: Trumpen garaipen posibilitateak areagotzen ari dira, Trump diktadura gisako erregimen baten aldeko deklarazioak gero eta publikoago egiten hasi den egun hauetan. Trumpismoa da Estatu Batuen dekadentziaren sintoma larriena. Baina ezin ahaztu, neurri handian, buruzagi demokratek ahalbidetu dutela. Obamarekin liluratu ginen asko, eta gerra krimenak egiten amaitu zuen milaka zibil eta ehundaka haur dronez hil zituenean lege internazional guztien aurka. Obamaren jarraitzaile izan behar zuen Hillary Clintonen estratega gogokoena zein izan den jakina da: hil berria den Kissinger, askoren ustetan gerra kriminal bat, azken batean Clinton izanik Trump bera baino gerrazaleago.

Orain Netanyahu ustelari besarkatuta ikusten dugu Bidenen figura izoztua. Legedi internazionala eta giza eskubideak? Besteei gogor exijitzeko dira, norberarentzat ergelkeriak diren bitartean. Datorren urteko hauteskundeetan zer nolako emaitzak jaso ditzakeen kontuan harturik (demokraten %65 gerra honetan hartutako politikaren kontra daude), Bidenek bere Estatu Idazkari Blinken bidali du Ekialde Hurbilera, zibilak ondo trata ditzatela dioen mezu patetikoarekin, milaka gazatar hilko dituen bi tonako bonbak eskatu ahala Israeli ematen dizkion artean, eta Nazio Batuen Erakundean su-etenari betoa ezarriz. Diktadore aprendiz eta basakerian konplize diren demokrata koldarren artean dago aukera. Baina bai, bertsolariak esan bezala, gizakiarengan sinetsi beharra daukagu; eta, ikusirik munduaren indignazioa goraka doala Gazako irudien aurrean, sinetsi beharra dago Palestinarentzat ere justiziaren eguna hurbilago dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.