Bidegurutzean, mundu berrirantz

Markel Peñalba
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Konfinamenduan zehar sarritan aipatzen zen sare sozial zein bideo (edo bideorik gabeko) deietan pandemiak pertsona hobeak izateko eta gizarte hobe eta justuago bat eraikitzeko balioko zuela. Konfinamendutik irten ginela bi hilabete pasatu diren honetan, ohartu gara pandemia bat bakarrik ez dela nahikoa. Kateak askatu orduko hartu du bakoitzak bere berezko joera, arraina uretara eta satorra lurpera. Ez nahiz tabernetara itzuli diren gazteez ari, bizi garen munduak dauzkan inertzia eta bizioez baizik: CO2 isuriak iazko maila gainditu izana, suspertze ekonomikoa ekologiaren aurretik jartzea, erregai fosilezko autoen salmenta laguntzea...

Bada, ordea, zerbait pandemia honek zeharo aldatu duena: bizi dugun momentuarekiko pertzepzioa. Izan ere, COVID-19 pandemiak eman digun irauliari esker ohartu gara bidegurutze batean gaudela eta bidegurutze horretan hartzen dugun bideak gure etorkizuna eta hurrengo bi edo hiru belaunaldirena erabat baldintzatuko duela. Are gehiago, pertzepzio horrekin batera gehiengo zabal batek ulertu du orain arteko bidean jarraitzeak (Business As Usual, BAU, deritzonak) hondamendi ekologikora, ekonomikora zein sozialera garamatzala ziztu bizian.

Ez da hau bidegurutze baten aurrean gauden lehen aldia. Azken hamarkadetan zientzialari, soziologo zein ekonomialari askok ohartarazi digute aspaldidanik goazela okerreko bidean. Aurrerago ere izango dira bidegurutze gehiago, baina, denbora askoan lehen aldiz, gauzak errotik aldatzeko aukera paregabea eskaintzen digu gaurko kontestu soziopolitikoak; BAUaren bidera bultzatzen gaituzten inertzia guztiak hautsi eta mundu berri baterako bidea hartzeko aukera, alegia.

Izan ere, hondamendia saihesteko aldaketa baten beharraren pertzepzioa ez da herritar xumeen artean soilik zabaldu, munduko hainbat agintari ere uste berekoak dira. Hori dela eta, Europan aspaldi ikusi gabeko erantzun bateratu bat adostu du Europar Batasunak. Inbertsio publiko hutsez hornitutako plan bat. Beharrezko aldaketa guztiak gauzatzeko urriegia badirudi ere, etorkizun berri bat eraikitzen hasteko momentu ezin hobean datorrena.

Mundu berrirako bidean, ordea, Europako ezohiko finantzaketa izanda ere, etengabe izango ditugu krisiaren zein atzeraldiaren mamuak inguruan, eta horri aurre egiteko alternatiba bakarra gure ekonomiaren transformazio eta berregituratze sakona egitea da. Ekonomiaren maila ezberdin guztietara iritsiko den berregituratzea. Inor atzean utziko ez duena. Jasangarritasunean, bere zentzurik zabalenean, eta digitalizazioan oinarritua. Horrek esan nahi du gaur egun gure ekonomian pisu handia duten sektore batek baino gehiagok (autogintza sektore tradizionalak, sektore turistikoak edo hegazkingintzaren sektoreak, adibidez) birmoldaketa handia jasan beharko dutela. Are gehiago, sektore horietako batzuk desagertu ere egin beharko dute, ez baitira zbenetako garapen jasangarriarekin .

Mariana Mazzucato ekonomialari italiarrak dioenez, ezinbestekoa izango da inbertsio publiko hori estrategikoki koordinatzea eta sortu behar dugun mundu berriaren zerbitzura jartzea. Horrela, etorkizuneko erronkei aurre egiteko erresilientzia handiagoko egitura ekonomiko bat sortu ahal izango dugu, etengabeko berrikuntzan oinarritua eta kalitate handiagoko enplegu eta bizitza mailak ahalbidetuko dituena.

Berregituratze ekonomiko hori bi ardatz nagusitan oinarritu beharko da. Alde batetik, sektore eta lanpostu berriak sor ditzaketen erronka zientifiko-teknologikoak izango ditugu: sistema energetikoa %100 berriztagarri bihurtzea, garraiobide eredu jasangarria eraikitzea, etorkizuneko hondamendi naturalei aurrea hartzeko planak diseinatzea edo gaixotasun ezberdinen (gizarte zaharkituago batean izango ditugunak) sendabideak topatzea. Hala ere, oso kontuan izan beharko da sektore berri horiek ezingo dutela desagertutako sektore zaharren lan kopurua mantendu. Ez, behintzat, bizi garen Lurraren mugak, gero eta gertuago ditugunak, gainditu gabe.

Beraz, berregituratzearen bigarren ardatza aldaketa sozialena izan beharko da. Beharrezkoa izango da lanaren banaketa orekatuago bat egitea, lanordu gutxiagoko lanpostu gehiago sortuz; ekonomiaren garapena neurtzeko barne produktu gordinari alternatiba bat bilatzea eta fiskalitate paktu berriak sortzea.

Berregituratze horretan, Jeremy Rifkin soziologoak glokalizazio deitzen dion aroaren atarian gaude. Mundu globalizatuko konexio globalak erabat desegin gabe, ekonomia lokalago batean oinarrituko den gizartea sortu beharko dugu. Gutxiago kontsumituko duen gizartea. Erritmo txikiagoan eta era sinpleagoan biziko den gizartea.

Bidegurutzeetan, bidea oso ondo ezagutu ezean, ziurgabetasunak eta ezezaguna den etorkizunak ezinegona sortzen digu. Ezinbestekoa da, beraz, denok, ez agintariak bakarrik, etorkizun berri hori imajinatzen hastea, utopia berriak marrazten hastea. Izan ere, utopiek ez dute gauzak egikaritzeko balio, baina bidea erakusten digute. Eta bidegurutzeetan bide zuzena zein den jakitea da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.