Las Carrerasko Saihesbidea Stop

Bidegabekeria

Rolando Gonzalez Gonzalez
2024ko azaroaren 13a
05:00
Entzun

Komunitate zaharra da gurea, egun Abanto-Zierbena (Bizkaia) udalerrikoa. Auzo nagusiak: Putxeta, San Pedro, Las Carreras, Murrieta eta San Lorenzo. 2.500 bat biztanle. BI-734 errepideak Las Carreras auzoa zeharkatzen du. Eta 2023ko martxoaren 23an, Las Carreraseko Saihesbidea aurkeztu zen, antza, auzokideon bizi kalitatea hobetzeko asmoz. 

Imanol Pradales jauna —garai horretan Bizkaiko Diputazioko Azpiegitura eta Garapen Saileko diputatua— bazen gizon aritua saihesbideetan. Eta Errekaldekoa aurkeztean honako hau esan zuen: «Saihesbide honek desagerraraziko du A-8 errepideak ezartzen duen hiri-horma, eta, horrela, hainbat eremu liberatuko du, herritarren gozamen eta aisialdirako». Ederto! Baina, guri, laudorio eta hitz hutsalen atzean, honelako mezua iragarri zigun: «Herriaren erdian, ekialdetik mendebaldera, irekiko dizuegu hiri-horma hau: 1.500 bat metro luze eta 35 bat zabal, hiru metroko panelak bazterretan, eta, hainbat tartetan, 14 metroko ezpondak; eta eremurik liberatu baino, hainbat auzo baztertu eta itxi egingo ditugu». Hori guztia gure bizi kalitatearen aldeko, omen. 

Zorionez, Diputazioko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sailak, 2023ko abuztuan, proiektuaren alegazioak aztertuta, hainbat oker larri antzeman zituen. Egitasmoan zazpi saihesbide agertzen dira, baina, funtsean, berdinak dira. Hortaz, kontraste egiterik ez dago. Eta hori gaindiezinezko oztopoa da hainbat arazori aurre egiteko. Horretaz gain, sailak honako akats larri hauek aipatzen ditu: herriaren zatiketa; hainbat auzuneren bazterketa; kalte latzak auzokideei, paisaiari, ingurune naturalari eta nekazaritza lur urriari; konektibitate ekologikoaren galera; inpaktu izugarria batailako historia-ondareari; gehiegizko zoru okupazioa... Eta irtenbideen artean tunela gailentzen da, hark herriaren zatiketa eta auzoen bazterketa saihesteaz gain, kalte anitzen larritasuna nabarmen leunduko luke eta. 

Bi asteren diferentziaz egin ziren saihesbidearen aurkezpena eta Murrietako Parke Teknologikoaren inaugurazioa, non jaun eta jabe agertu ziren lehendakaria, diputatu nagusia eta Petronorreko presidentea. Azkenek urte asko daramatzate negozioak egiten gure lurrean eta gure larruaren lepo. Auzi honetan ere bai. Petronorrentzat, findegiarekiko lotura egingo zuen saihesbidea ez da nahikoa, haiek nahi dute findegitik Parke eta autopistarako errepide zuzena. Hortaz, Diputazioak saihesbideari adar bat atera dio, findegia eta Parkea lotzeko. Luxu zarrastela eta ankerra, Murrieta eta San Pedro auzo historikoak bakartu eta trafikoaren torturapean hiltzera kondenatzen dituelako; gainera, beharrik gabekoa, Petronorren automobilek saihesbidetik zirkulatu behar dute eta, horretarako baita. Bestetik, Petronorrek Las Carreras eta Murrietaren arteko lurra eskuratu nahi du. Helburu horri begira, diputazioak petrolerari eremua eskura uzteko, saihesbidea Las Carrerasko iparraldeko etxeei atxiki zaie, bertako auzokideei eta auzoaren etorkizunari kalte larriak eraginda. 

Bularreko mina sentitzerainokoa da gurekiko mespretxua, bazterkeria eta adarjotzea. Horren froga, Pradales jaunaren esanak: «Ez dakit kexaren zioa»; «Lau landa baino ez dira»; «Tunelak gustu kontua dira»; «Horrelakorik ez zait inoiz gertatu»... Gure udaleko alkatea ere kontra ari zaigu: «Badakusat tunel bat Markinako saihesbidean, baina Las Carreraskoan ez». Halere, guk nahi genuke alkateak tunela ikustea, eta Pradales jaunak bere proiektuak ekarri behar zigun bizi kalitatearen hobekuntza moldaketa berriak ekartzea. Arazoak gaindigarriak dira, eta auzia konpon daiteke. Horrek, gure komunitatea hobetzeaz gain, erakundeetara ere hurbil gaitzake. Borondate ona eta adosteko jarrera baino ez da behar horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.