Leihotik jariatzen ari diren euri tantetan jarri dut begirada; bata bestearen atzetik doaz, batzuk mantso eta besteak arin, baina denek helmuga bera dute. Bakoitzak bere bideak sortu dituela igarri dut. Baten bat bidetik atera eta bihurgunez betetako eremu batetik ihesi joan da. Beste bat, ordea, zuzenean iritsi da helmugara inongo arazorik gabe. Ur tanta bakoitzak bere bidea, gizabanako bakoitzak bezala. Denok helburu bera parteka dezakegu, baina bertara iristeko bide ezberdinetatik igaroko gara, ez baikara denok berdinak. Batzuk aise eta beste batzuk zailtasun eta denbora gehiago behar izango dute nahi duten hori erdiesteko, batzuetan bidean galdurik.
Bide azkarrak edo bide motzak, bihurgunez betetako errepideak edo errepide zuzenak, autobideak edo bigarren mailako errepideak; jakitun gara bizitzak ez digula utziko gura dugun bidea hautatzen, baina aukeratzekotan zein hautatu? Batak zein besteak onurak eta desabantailak ditu. Autobidea hartzen badugu, begiak kliskatzean helmugan izango gara; bidesaria ordaindu, baina denbora aurreztuko genuke. Egun, gizarte estresatu honetan dena azkar egin nahi dugu, berehala zerbait bukatu beste zer edo zertan hasteko; horregatik jendeak bide zuzena hartzeko hautua egiten du. Nik, ordea, bide luzeagoak nahiago ditut; luzaroan geldituko naiz errepidean murgilduta, baina herri ezezagun batzuk ezagutzeko parada emango dit, alegia, txoko ederretan geldialdiak egiteko aukera. Bidaia luzea eta neketsua izan daiteke, baina paisaiaz askoz gehiago disfrutatuko dut autobidean baino, horretaz ziur nago.
Behin ez gai bat jaso nuen, euskara ikasten ari nintzela. C1 azterketa egiteko pasea behar nuen, baina ezezkoa eman zidaten, prest ez nengoela esanez. Egoera horrek beste bide bat hartzera eraman ninduen, kasu honetan Maizpide barnetegira joatea. Euskara ikasteko eta agiria erdiesteko gerturatu nintzen, baina ez nekien hortik ateratzean euskararekin nuen harremana guztiz irauliko zela. Urtebete gerora agiria lortu nuen, baina hori gutxi balitz bezala, barnetegiko irakasle bati esker nire erroak, hizkuntza eta kultura maitatzen hasi nintzen; Onintza Enbeita eta Andoni Egaña zutabegileen iritzi artikuluak irakurri, Maialen Lujanbioren eta Alaia Martinen hitz jolasean galdu, Karmele Jaioren eleberrietan katigatu eta Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan sartu, Neomak eta Korrontzi taldeen folklorean murgildu, eta, zazpi jauzi eta polka dantzatu. Bide hori hartu izan ez banu, ez nuke orain euskararekin dudan harreman hori edukiko, ez nituzke gaur egun nire bizitzan garrantzitsuak diren lagunak alboan edukiko, eta ez nintzateke naizena izango. Ez dakit erraten kasualitatea edo patua izan den. Gustuko dut pentsatzea patua izan dela nire bizitzako hariak mugitu dituena, euskararekin eta euskarak oparitu didan jendearekin topo egitea eragin duena. Bide bakoitzak, jende anitz ezagutzeko parada eman arren, zerbait irakasteko aukera eman dit; hots, ni bertan konturatu naiz euskara ezin dugula paper txatal batera mugatu, askok sinetsarazi diguten legez, askoz gehiago da; komunikatzeko eta izateko modua. Bulego taldearen abesti batek esaten duen bezala: «Ez begiratu ikusten denera, barruan dagoena da egiten gaituena».
Kontrola izan nahi dugu bizitzako afera guztietan, baina ezin dugu; gure eskuetatik ihes egiten du, ezin dugu ezer kontrolatu. Batzuetan kosta egiten zaigu hori onartzea, baina hala da. Bide batzuk ez dira guretzat izango, nahiz eta gu horietan tematu; bizitzak ez digu bertatik igarotzen utziko. Gure esku dago bidaiaz gozatzea, eta egoera txar bakoitzetik alde positiboa ateratzea. Seguru asko beste bide hartze horrek paisaia eta esperientzia aberasgarria emango digu, nahiz eta momentu horretan ez ikusi.