Idazlea

Bide onetik al doa ezker abertzalea?

2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Horixe baietz, galdetzea ere! Begiratu azkenaldiko hauteskunde-emaitzak. Eta bai, egia da oso onak direla, nahiz eta ez zenbaitek amestu bezain onak. Baina ezker abertzalearen DNA odolean daraman oinezko honi zalantzak sortzen zaizkio, eta granoak ateratzen, baldin eta bere kezkak partekatzen ez baditu. Ondoren aipatuko dugun gai bakoitzak orrialde asko beharko lituzke garatzeko, baina galdera-sorta batera mugatuko gara.

Hurbilenetik hasita. Podemostik eta EAJtik boto asko etorri zaizkio. Ez ote dira lehengo lekura itzuliko, egunen batean ezker abertzaleak, bere oinarri ideologikoei jarraiki, independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen baditu? Edo Espainian indar alternatibo serio bat eratzen bada PSOEren ezkerrean? Eta itzuliko ote dira ustez epelegi jokatzen duelako ihesi joan zaizkion ohiko botoak?

Hegoaldeko parlamentuetara etorrita, Nafarroan, nahiz eta beste soineko batez jantzi, nik lehendakaritza emango dizut eta zuk emaidazu alkatetza negoziatu zen itxura batera. Madrilen ere PSOEri presidentetza eta aurrekontuak bideratu zitzaizkionez, ezin al zen trukean euskararen zonifikazioa negoziatu? Edo PSEk eta PSNk babesten dituzten eraso judizialak etetea? Edo Hezkuntza Lege hobe bat EAEn, azkenean ezker abertzaleak onartu ez zuena? Zergatik Trantsizio Energetikoaren Legean adostasunera heldu ahal izan da eta beste gaietan ez?

Trantsizio Energetikoaren Legea onartu du Gasteizen PSE eta EAJrekin batera. Seguru al dago ezker abertzalea aldaketa klimatikoa gizakiaren jardunaren eta behien CO2 isurien ondorioa dela eta ez etengabe ematen diren eguraldi-zikloena? Deskarbonizaziorantz jo beharra dago, ados, baina horretarako ‘katastrofismo klimatikoa’ besarkatu behar al da? Hainbat adituk iragartzen duten moduan, laster ziklo hotz batean sartuko bagina, zer? Eta ez al diote zer pentsatua ematen, mendietan jarri nahi diren parke eolikoak direla eta, berak kudeatzen dituen zenbait udalerritan sortu diren herri-plataformek, udalbatzek ere bat egiten dutenean euren jarrerarekin?

Madril. Eskuin muturrari bidea ixtea omen da hautesleengandik jaso duen mezua, eta horri bideratuta egon da politika guztia. Ondo dago faxistei bidea ixtea, baina hori al da benetan ezker abertzaleak Madrileko parlamentuetan duen helburu nagusia? Horrek PSOEk proposatzen duen ia guztiari baietza ematea ekarri dio, jeltzaleak ere jokoz kanpo uzteraino. Ez al da jabetzen txiripa aritmetiko bati esker dabilela hain adeitsu PSOE, independentista katalanen amnistia ere onartzeraino, boterean jarraitu ahal izateko? Eta Madrileko gorteetan katalanez eta euskaraz egitea baimentzeraino (Junts gogor jarri zelako, bide batez esanda). Ahaztu al zaio PSOE Katalunian 155a aplikatzearen alde agertu zela, PP eta Ciutadans bezain sutsu? Eta txiripa aritmetikorik suertatzen ez denean lehengora itzuliko dela?

Ez al dira Independentzia eta sozialismoa ezker abertzalearen helburu estrategikoak? Katalanek hitzetik hortzera aldarrikatzen dute independentzia; ezker abertzaleari, aldiz, ez zaio hitza entzun ere egin kanpaina osoan. Noizko utzi da? Ez al da pedagogia etengabea egin behar independentziaren alde, egunen batean lortu nahi bada?

Inbertsio funtsek eta elite globalistek agintzen duten ekonomia neoliberalean murgilduta bizi gara. Ez al da ordua informazio eskubidea ere lapurtzen diguten elite horiei maskara kentzeko eta sozialismo jator baten alde pedagogia eta borroka egiteko? Borroka instituzionala ondo dago, baina ez al dira baztertzen beste borroka mota batzuk, desobedientzia zibila, esaterako?

Denok ezagutzen dugun batek «txertaketa, txertaketa, txertaketa!» aldarrikatu zuen bere agiria erakutsiz, eta gero ikusi zenean indizioak ez zuela ez babesten eta ez transmisioa eragozten (eta bai arazoak sortzen), ez al zituen buruzagi horrek azalpenak eman behar? Beti memoria historikoa aldarrikatzen dugunok ahaztu egin behar al dugu duela hiru urte tabernara, zinera edo kiroldegira sartzeko ‘pasaportea’ exijitzen zigutela, baita ezker abertzaleak gidatutako udalerrietan ere? Izurrite berriak etortzen badira (Big Pharma ari omen da beste bat aurreikusten; dardaraz jartzekoa), berdin jokatzeko asmoa al dago? Maiatzean Osasunaren Mundu Erakundea bilduko da eta «osasunaren gaineko gobernantza mundiala» proposatuko du, hau da, aurrerantzean OMEk aginduko luke osasun arazo larrietan, eta estatuek eta medikuek isil-isilik obeditu beharko dituzte haren jarraibideak. Horren aurrean, zein izango da ezker abertzalearen jarrera? OMEk eta Big Pharmak agindutakoa onartuko du ala hortzak erakutsiko ditu?

Espainiako Gobernuak hasieratik Zelenskiri laguntzen dio Ukrainako gerran, eta armak bidaltzen dizkio, duela gutxi azkenak. Horren aurrean ez al du ezer esan behar ezker abertzaleak? Ez al zuen gure herriak NATOren aurka bozkatu? Erakunde hori ondu egin al da harrezkero? Errusia al da gure etsaia? Jakinik ukraniarrak hiltegira eramateko besterik ez dutela balio ematen zaizkion armak, ez al da iritsi bakearen eta negoziazioaren alde inplikatzeko momentua? Gerra handiago baten arriskua, nuklearra barne, areagotzen ari da. Ez al da heldu ahotsa altxatzeko ordua?

Inperioak ez dira betiko izaten. Angloamerikarra gainbehera doa, eta berarekin Europa. Herrialde emergentez osaturiko BRICS+ mugimenduaren inguruan ari da biltzen munduaren zati handi bat, eta joera hori areagotzen ari da abiada bizian. Ez al luke ezker abertzaleak mundu horretara hurbildu beharko? Nork markatzen du egun ezker abertzalearen ildo ideologiko-estrategikoa? Ez ote lieke gehiago entzun behar analista eta pentsalari berriei, geopolitikan adituei, Ekai Center-ekoei, esaterako?

Galdera erretoriko deserosoak dira, badakit, baina nire antzeko ustez abertzale ezkertiar askoren buruan dabiltzanak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.