Bide hezkuntza ikastetxeetan

2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Trafiko istripuek heriotza eta zauritu tasa handia dute mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundearen kalkuluen arabera, milioi bat pertsonak baino gehiagok galtzen dute bizia urtero bide-ezbeharren ondorioz, eta gizakiaren bederatzigarren heriotza kausa da. Gainera, hildako gehienak bide erabiltzaile ahulenak izaten dira: oinezkoak, txirrindulariak, motorzaleak eta garraio publikoko erabiltzaileak. Nabarmendu behar da errepideetako istripuek heriotzak eragin ez ezik, urtean 20 eta 50 milioi zauritu artean ere eragiten dituztela munduan, eta horietako askok hainbat larritasuneko gaixotasunak jasaten dituzte. Gertaera hauek sortzen duten sufrimendu pertsonalari maila indibidualeko eta sozialeko kostu materialak gehitu behar zaizkio, errepide istripuek larrialdi zerbitzuetan gainkarga eta kostu ekonomiko handiak eragiten baitituzte osasun sistema publiko osoan. Horrenbestez, beharrezkoa da hezkuntzan Bide Hezkuntzaren garapen sakona lantzea, aipatutako kopuru horiek murrizteko eta saihesteko.

Alde batetik, Bide Hezkuntzaren helburua trafikoan jokabide seguruak sustatzea da, baina bidaiatzeko eta mugitzeko eskubidea mugatu gabe. Mugikortasun seguruaren sustapenaren bidez. Haur Hezkuntzako etapatik hasi eta heldutasunera arte etenik gabeko ikaskuntza prozesua da, prebentzio estrategiak, prebentzio politikak eta trafiko lege-arauak barne hartzen ditu; ezagutzaren, trebetasunen, mugikortasun ohituren, balioen eta jarreren bitartez. Hezkuntza sisteman aipatutako Bide Hezkuntzaren ezaugarriak udalerrietako udaltzainek ematen dituzte, ikastaro jakin batzuen bitartez. Batez ere trafiko arauetan jartzen da arreta, baina ikastaroakbukatu ostean ez da era iraunkor batean ikasgeletan lantzen jarraitzen, eta jasotako kontzeptuak ahaztu egiten dira. Beraz,horien eraginkortasuna zalantzan ipin daiteke.

Beste alde batetik, segurtasunera bideratutako heziketaren ikuspegiak alde batera uzten ditu mugikortasunerako eta garraiorako alderdi garrantzitsu batzuk. Besteak beste, garraioaren irisgarritasuna eta iraunkortasuna garrantzi handiko gaiak dira. Motordun bidaiak gero eta sarriagoak diren heinean, hezkuntzak garraioari buruzko ikuspegi kritikoa eta etorkizun hurbileko alternatibak bultzatu behar ditu. Eztabaidatu beharreko arazoen artean daude motordun ibilgailu pertsonalen erabilera hedatuaren ondorioak eta garraiobide publikoen onura indibidualak eta kolektiboak. Nabarmendu behar da errepideetan gizakiak egiten dituen ekintzek beste bizidunetan eragina izaten dutela; horregatik, Bide Hezkuntzak harreman etiko eta sozialeko arazoak konpontzera bideratu behar du ikaslea, gatazka eta istilu konponbidearen bitartez, eremu publikoan bizikidetza bermatzeko helburua izanda.

Laburbilduz, haurren Bide Hezkuntzak garraio seguruagoa, arduratsuagoa, eta jasangarriagoa izateko balioetan trebatzera jo behar du. Izan ere, haurrak dira trafikoan ahulenak, eta haien garapenaren etapan Bide Hezkuntza funtsezko tresna izan daiteke jokabide arriskutsuei aurre hartzeko eta mugitzeko ohitura osasungarriagoak izateko. Hortaz, gakoa prebentzioan eta hezkuntzan dago, baina gehiago sakondu eta askoz haratago joan behar da. Ez da nahikoa eskoletan publizitate kanpainak egitea edota udalerrietako udaltzainek ematen dituzten irakastordu batzuetako lantegi soilak lantzea. Bide Hezkuntzak curriculumaren barnean egon behar du, eta ikaslea pentsamendu kritikoa eta erabaki arduratsuak hartzera bideratu behar du bideetan, errepideetan eta kaleetan segurtasuna bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.