Bide erreak, ingurubideak, norabide eza eta bidegurutzea

2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Neska Saharar batek Suedian ikusi zuen, liluratua, elurra estreinakoz. Harrigarria iruditu zitzaion. Bertakoak ere harridura handiz saiatzen ziren imajinatzen neskaren bizimodua bere herrialde urrunean. Nola aurkitu dezakezue norabidea basamortuan, errepiderik izan gabe? Galdetu zioten neskari. Eta zuek nola aurkitu dezakezue bidea hainbeste errepide izanda? Galderantzun zien gazteak.

Euskal Herriak aspaldi galdu du iparra lurraren artifizializazioari dagokionez. Gure lurra, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, errepidez eta hormigoiez dago josita. Gure paisaiak desagertzen ari dira, asfaltoak zanpatuak, eta lurraren fisionomia aldatzen ari da. Larre berdeak, baso mixtoak, errekak, ibaiak, akuiferoak eta mendi magalak biaduktoek, basamortu koloreko lubakiek, zubiek, tunelek etahormigoi zutoin erraldoiek ordezkatzen dituzte. Nola aurkituko dugu bada gurea hainbeste bideren artean?

Baserri lurra abiadura handiz ari da desagertzen. Bailara emankorrenak aspaldi izan ziren hormigoituak industrialdeak eratzeko, eta gaur bizirik geratzen den nekazari lur aberatsa oso egoera larrian dago. Gaintxurizketan egin nahi duten plataforma logistikoak, adibidez, 180 ha nekazari lur desagerraraziko luke, eta 22 etxalde eta etxebizitza betirako suntsituko lituzke porlanak. Hori al da belaunaldiz belaunaldi lurra zaindu eta landatu dutenek merezi duten ordaina? Bertako baserritarrei esker mantendu dira larreak, landak, bailarak, errekak, zuhaitzak, eta landare, sastraka eta mota guztietako animaliak bizi dira beraiek txukundutako ekosisteman. Hori dena hormigoiz gainezka da etorkizunerako nahi dugun fisionomia Euskal Herrirako? Halaxe bada, bihozgabe bilakatu gara.

Baina herria esnatzen ari dela dirudi. Pasaiako kanpo kaiaren mehatxua gainean duten herriek «superporturik ez» ozenki esatera ausartu zen formazio politiko bakarrari eman diote botoa. Ausartuko al da Lucio Hernando «Pasaiako auzokideen gehiengoa superportuaren alde dago, baina aurkakoak zaratatsuagoak dira» berriro esatera? Nola zurituko du demokratikoki kanpo kaiaren alde egitea hemendik aurrera hauteskundeen emaitzak ezagututa?

Oso esanguratsua izan da alderdi «demokraten» erreakzioa Bilduk Gipuzkoan eskuratu duen garaipen itzelaren aurrean. BILDUrtuak daudela dirudi. «Euskadi geldiarazi nahi dute», «Erdi Arora itzularazi nahi gaituzte», «ezin dugu onartu Gipuzkoarekiko estrategikoak diren egitasmoak kolokan jartzea», errepikatzen dute etengabe. Herriaren gehiengo esanguratsu batek bere onespena eman dio «hormigoirik gabeko egitasmo erraldoiak» aldarrikatu dituen koalizioari. Ez al du uzten horrek agerian herria heldua dela eta gezur narkotikoen gainetik badakiela AHTa, Superportua eta abar gutxi batzuen negozioetarako soilik direla estrategikoak?

Gelditzea ez da hain txarra daramagun norabidea okerra dela kontuan hartuz. Orain arte hartutako bideak erreta daude, ezin dugu erepikatu huts egiten duen eredua. Estatuak, munduan Abiadura Handiko km gehien duen estatua izan arren, langabeen kopuru handiena ere badu Europan. Erdi Arokoak dira AHTaren tajoan lanean ari diren langile immigranteen lan baldintzak. Erdi Arokoa da 10.000.000 euro diru publikoarekin ordaintzea pertsonen oinarrizko beharren lepo. Horiek bai herrialde atzerakoi baten jokabideak!

Alba Ricoren ipuin batean familia batek bi urte eman zituen M30ean atrapatuta, ingurabidetik ateratzeko bidea aurkitu ezinik. Horrela bukatu nahi al dugu guk ere, aurrera baina nora goazen jakin gabe etengabe bueltak ematen? Edo hobe dugu bidegurutzean gaudela baliatuz hausnarketa sakonak eta jendarte eztabaida jukutsuak eramango gintuzkeen norabidea hartzea? Arrasaten egonen gara larunbatean.

Por zierto, Suedian ez dago AHTrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.