Soziologia irakaslea EHUn

Bidasoko mugaren humanizazioa

Ignacio Mendiola
2024ko urriaren 15a
05:00
Entzun

Elkartasunari polizialki eta judizialki jazarri nahi zaionean, bi estrategia jartzen dira martxan. Lehenengoa elkartasuna jadanik gauzatzen ari direnak zigortzean datza; bigarrena solidarioa izan nahi duenari mezu bat helaraztean, bere asmoa desaktibatzeko. Bi estrategia hauek, orainaldiari eta etorkizunari begira jarriak, beldurra sortzeko abiatzen dira. 

Bidasoaren mugako geografiak, neurri batean, beldur mota desberdinak ditu barnean: poliziaren presentziak sortu nahi duen beldurra, etorkinek, muga ixten zaienean, sentitzen duten beldurra muga hori ezkutuan zeharkatzeagatik. Beldurra sentipen bat da, baina gorputzen artean erlazionatzeko modu bat ere bada. Botereak beldurra erabiltzen eta ekoizten du: muga zeharkatzen saiatzen diren etorkin horiengana ez hurbiltzeko. Bidasoko mugara, intentsitate desberdinekin, urteak dira etorkinak iristen ari direla, eta urteak dira poliziak pertsona horiei erasotzen diela. Sortu den beldur-atmosferaren helburuak etorkinak bakarrik egotea du xede nagusia: errazago ehizatu daitezen, gehiago sufri dezaten, gorputzean beldurra dutela pasa daitezen, lan informala elikatuko duten subjektu diziplinatuak izan daitezen.

Presio horren aurrean, 2018tik, badira elkartasuna gauzatzeko mobilizatzen diren pertsonak, poliziaren jazarpenak sortzen duen beldurra eta presioa gainditzen duten sare solidarioak. Bidasoko mugan etorkinen igarotzea duindu nahi duten keinu txikiz osatutako nolabaiteko koreografia sortu da. Gauero Irungo autobus geltokira hurbiltzea etorkinak laguntzeko, Irungo udaletxe ondoko plazan harrera egitea, muga zeharkatzeko moduari buruzko argibideak ematea, behar izanez gero, arropaz hornitzea ere; eta Iparraldean, Baionako Pausa harrera zentrora eramaten laguntzea, batzuetan etxe partikularretatik pasatuz atseden har dezaten. Modu isolatuan hartuz gero, txikiak diruditen keinuak. Baina oro har hartuta, eguneroko errepikapenean, muga humanizatzen duen beste atmosfera bat sortzen laguntzen duten keinuak dira. Poliziaren jazarpenaren eta erakundeen gabezien aurrean, keinu solidarioek etorkinen ehiza salatzen dute. Badago aldez aurreko kontu bat, utziezina: muga igaro daiteke, mugitzeko askatasuna bermatu egin behar da.

Ipar Euskal Herrian jazarpen mota ezberdinak egon dira keinu solidario horiek ehuntzen dituzten pertsonentzat: etorkinak daramatzatenean errepidean atzeman, komisariara eraman, legez kanpoko zerbait egiten ari direla jakinarazi, errieta egin, ondorio penalez ohartarazi. Beldurra senti dezatela. Joan den urriaren 2an, jazarpen horrek beste pauso bat eman du, eta zazpi aktibistari jakinarazi zitzaien haien aurkako prozesu bat hasi dela, pertsonen trafikoa ahalbidetzea leporatuta. Poliziak legearen baitan dagoen indarkeria jakinarazten du: etorkin bat inolako konpentsazio barik muga zeharkatzen laguntzea delitua da. Indarkeria ez da soilik zuzenbidetik harago sortzen. Legea ere bortitza izan daiteke, eta, lizunki, indarkeria hori erakuts dezake: ekintza solidarioak zigor penala jaso dezake.

Baina elkartasuna ez da gelditzen, eta, aldi berean, legeak ezartzen duen egiturazko indarkeria hori ere aurkarazten du. Bidasora hurbiltzen den etorkina, ihesean datorrena, kolonialismoak ekoitzitako espazioetatik agertzen zaigu, eta erasotzen dion jazarpen sekuritarioarekin topo egiten du. Zauri kolonialari, horrela, indarkeria sekuritarioa lotzen zaio, muga honetara heltzen den etorkinari, mespretxuz eta axolagabekeriaz tratatzen. Lotura horretatik eraikitzen da Bidasoan errepikatzen den egiturazko indarkeria.

Indarkeriaren aurka egiteak interpelatuta sentitzea eskatzen du. Senti dezagun indarkeria hori onartezina dela. Senti dezagun lotsa eta amorrua. Beharrezkoa dela iristen den etorkinen berezitasuna errespetatzea eta arrazismo kolonial-sekuritariotik ateratzea. Arrazismo horrek bereizi gabeko magma batera proiektatzen du etorkina, non mehatxuak edo biktimak baino ez dituen ikusten, agentzia politikorik gabe. Horren aurrean, Bidasoa zeharkatzen duen elkartasun keinuen sareak aurpegiak ikusten ditu, egiturazko indarkeria salatzen du eta muga igarotzea duintzen du. Hortik beldurra garaitzen da eta sufrimendurik sortzen ez duten espazioak eta denborak irekitzen dira.

Bidasoan keinu sare bat dago, denboran zehar mantendu dena, errespetua eta aitorpena merezi duen erreferente etiko-politiko bihurtu dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.