Biba mintzalagunak!

Leire Lardizabal Azurmendi
2017ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ezer gutxi eskatzen omen du eta asko ematen. Probatu dutenek diote jendearen arteko harremanak areagotzeko ezin hobea dela eta lehen ezinezkoak iruditzen zitzaizkien hainbat gauza egiten dituztela orain; euskaraz poteatzea, kasu. Ezin hobea da, gainera, nork bere buruarengan konfiantza, soltura eta maila hobea eskuratzeko. Ez da harritzekoa probatu duten gehienek esatea orain gehiagotan egiten dutela lankideekin, lagunekin, baita merkatariekin ere.

Ekimenaren bueltan, Euskal Herrian 6.000 pertsona elkartzen dira astero euskarari arnasa emateko. Ordubetez aritzen dira elkarrekin euskaraz hizketan. Hogeita lau urte daramatzate mintzalagunek txingurri lan etengabe horretan, euskaraz praktikatzeko gogoz diren bidelariak eta horretan laguntzen dieten bidelagunak. Erleak eta loreak bezala, batak besteari emanez, inguruko guztioi on eginez. Mintzalagunek herriz herri egiten duten lanari esker, euskal hiztunak ugaritzen direlako, harreman sare berriak sortzen direlako eta euskaraz aritzeko gune berriak irabazi.

Mekanikoak, sukaldariak, erizainak, jardineroak, administrariak, zerbitzariak, ikasleak, jubilatuak, mendizaleak, parrandazaleak, musikazaleak, txirrindulariak, kazetariak, okinak, irakasleak eta bururatu ahal diren ofizio eta bizio guztietakoak dira. Motibo ezberdinengatik hasi ziren honetan: euskaraz aritzeko lotsa gainetik kentzeko, ahaztutako hizkuntza freskatzeko edo beste batzuei lagunduz euskarari ekarpena egitearren... ordubeteko konpromisoa astean. Urrea balio dute ordubete horiek! Talde bat elkartzen denero ematen da euskaraz bizitzeko pauso bat.

Ordubete horiek askorako ematen dute, gainera. Kafe baten bueltan hasitako berbaldi horiek bestelako formak hartzen dituzte: pintxo-pote, mendi-buelta, kontzertu, jaialdi eta abarrak. Elkarri kontu gehiago esan ahala, konfiantza irabazi ahala, lotsak biluztu ahala, esperientzian sakontzeko gogoa indartzen baita. Kariñoa hartzen diote elkarri. Halaxe sortzen dira gero lagun talde euskaldun berriak. Udaberrian loreak bezala. Eta halaxe jarraitzen dute askok elkartzen egitasmoaren helburua bete ostean ere.

Bidelariak eta bidelagunak. Kontzienteki ala ez, gure hizkuntzaren aktibistak dira. Euskararen erabilera indartzen ari diren aktibista zuzenak. Elkarrekin astero euskaraz arituz, arnasa freskoa ematen diotelako gure hizkuntzari. Arian-arian, egunero euskaraz bizitzearen aldeko jarrera iruten dabiltzalako Euskal Herri osoan zehar.

Lasai esan dezakegu Mintzalagunek Lourdeseko urak baino onura gehiago dakartela gurera, mirarietan baino, ekinaren ekinez lortutako ezinetan sinesten dugulako. Guk berbalagunen, mintzalagunen, solaslagunen, solaskideengan sinesten dugu,euskaraz bizitzearen alde dabiltzalako. Astero-astero eta herriz-herri, geroz eta gehiago dira euskararen alde egotetik euskaraz egitera, praktikotasunera, jauzi egiten ari direnak. Euskararen aktibistak.

Asteburuan ospatuko dute Mintza Eguna Derion. Euskal Herri osoko Mintzalagunak elkartuko dira, festa giroan, euskaraz gozatzeko. Izan dadila Derio harremanak estutzeko hitzordu. Izan dadila urtean zehar egindako lana eta etorriko diren lorpenak ospatzeko jaia. Mintzalagunen jai handia! Bejondeizuela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.