Gure belaunaldiak ez du inoiz ezagutu, ez Euskal Herrian ez Europako Batasunean, ezta Lur planetan ere, COVID-19 birusaren edo koronabirusaren pandemiaren ezaugarriak dituen pandemiarik.
Gizalegearen kontrako Espainiako gerraren izugarrikeriei buruzko gure erreferentziak, ondorengo II. Mundu Gerraren izugarrikeriei buruzkoak eta beste izugarrikeria batzuei buruzkoak —eta horiei emandako erantzunei buruzko erreferentziak— ez dira egoera honen parekoak; izatez, haiek milioika biktima eragin zituzten, zorigaizto kontaezinak sortu zituzten, eta milaka familia desegituratu zituzten, baita gizarte osoak ere.
Ez gaude gerra batean. Osasun pandemia baten aurrean gaude (gizateriak hainbat ezagutu ditu) eta erantzunak askotarikoak izan dira.
Gaur egun, eta ez duela urte askotatik hona (termino historikoetan, adibidez, Osasunaren Mundu Erakundea 1948an sortu zen), herritarren zerbitzura dauden zientzia eta erakundeak ditugu, gabeziak dituzten arren. Geuk, euskaldunok, ere gabeziak ditugu.
Pandemia honi ematen ari gatzaizkion erantzunean ikus dezakegu hori; lehen mundu gisa ezagutzen diren herrialde batzuetako errezetetatik hasita (hildakoak kamioetan, bat-bateko gorputegiak, eta abar), eta hurbilago, Euskal Herritik kilometro gutxira (ospitaleetako kolapsoa, korridoreak gainezka, egoera tamalgarrian dauden adinekoen egoitzak, izotz jauregiko gorputegi inprobisatuak, eta abar).
Europako Batasuneko herrialde guztiek —Espainiako Estatuak ere bai— gainezka egin dute, hein batean edo bestean, etaguzti-guztiek osasun neurriak hartu behar izan dituzte, baliabideak eskuratu behar izan dituzte, proposamenak egin behar izan dituzte eta gure eskubideak eta askatasunak nabarmen murrizten dituzten neurriak hartu behar izan dituzte. Horren balorazioa beste une baterako geratuko da.
Zer gertatu da hurbiletik ezagutzen dudan eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoan? Pertsona bakoitzak bere balorazioa du, eta izango du. Horri dagokionez, nik argi eta ozen esan behar dut: bi mila esker, Osakidetza; bi mila esker osasun langile guztiei eta zerbitzuetako langile guztiei.
Erantzuna guztiz laudagarria izan da, Osakidetzak pandemiatik eratorritako guztiari arreta emateaz gain (asko izan da eta ebaluatu egin beharko da), pandemia bete-betean beste osasun kontingentzia batzuei ere arreta eman baitie. Horren jakinaren gainean nago.
Beldurra nagusitu da, eta gure bizitzaren zaurgarritasuna agerian geratu da; horrekin batera, bistakoa da gizateria komun bateko kide garela, eta haren etorkizuna elkartasunean soilik oinarritu daitekeela edo, bestela, autosuntsiketa dela etorkizuna.
Giza harremanak ez dira berdinak izango pandemiaren aurretik eta ondoren, ezin dira berdinak izan. Ezta gure erakundeak (Osakidetza, hezkuntza eta abar) bermatu behar dituzten ordezkari politikoen arteko harremanak ere.
Hiperkomunikazioko garai honetan, egungo epidemiak agerian utzi du gauza garrantzitsuen hutsaltze masiboa, azaleko iritziaren inperioa, sare sozial hutsezinen paroxismorainoko abusua eta hausnarketa sakonaren eta zientziaren mespretxua, Fake news-gezurrak biral bihurtuz.
Pentsamendu zorrotza aldarrikatzeko eta gure erakundeak —haien muga guztiekin— babesteko garaia da. Sentimenduen eta harreman zintzoen eta eraikitzaileen garaia da.
Funtsezko balioak berrezartzeko garaia da: errespetua; elkartasuna; konpromiso kolektiboa; merituaren aitorpena; eta errespetu instituzionala, gure erakunde guzti-guztien gaineko errespetua, betiere Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean eta gure autogobernuko erakundeetan jasotako subsidiariotasun-printzipioan oinarrituta.
Traineru gehiago, sokatira gutxiago. Bi mila esker, Osakidetza.
Bi mila esker Osakidetza - Gizatasuna - Elkartasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu