Gure hezkuntza-sistema publikoan lan egiten dut 2004tik. Hainbat herri, hiri eta lanpostu ezagutu ditut. Ordezko irakasle gisa hasten bazara, Euskal Herria mutur batetik bestera ezagutzea besterik ez duzu, eta, ematen dizuten eskolan, ikasleei beren ikaskuntza-prozesuan laguntzea. Hemen aurkitzen dugu sare publikoaren eta itunpekoaren arteko lehen desabantaila-abantaila. Eskola publikoko irakasle taldeak etengabe aldatzen ari dira. Itunpeko sarean, bestalde, nahi duten irakasle-profila aukera dezakete, eta ikastetxean mantenduko da, baldin eta egindako lana ikastetxearen gustukoa bada. Bi sareak poltsa publiko beretik elikatzen badira, bidezkoa al da bata eta bestea antolatzeko era hain desberdina izatea?
Nire asmoa ez da, artikulu honen bidez, urrunetik datorkigun arazoa konpontzea, ez. Bi alde handi mahai gainean jartzea baizik. Ea denon artean konponbide batera iristen garen…
Bigarren aldea zuzendaritza-taldeen prestakuntza-prozeduretan pentsatzen dugunean nabarmentzen da. Egon al zarete inoiz ikastetxe publiko bateko klaustroaren bileretan hurrengo zuzendaria nor izango den erabakitzeko? Ni bai, eta ez diot inori gomendatzen: kideen arteko liskarrak eta banakako beldurrak ez dira arraroak izaten. Normalean inork ez du zuzendari izan nahi. Klaustroak ez badu inor aukeratzen, ikuskariak aukeratuko du. Nola iritsi gara hain egoera bortitzera? Oso erraza: 1. Gaur irakaslea dena, bihar zuzendari izango da, besterik gabe, bestelako prestakuntza prozesurik gabe; eta 2. Hiru edo lau urte barru, lehenbailehen, irakasle izango da berriro. Ba al du zuzendaritza-proiekturik? Ez. Datorren ikasturterako zuzendari izendatu dute ekainaren azkenengo egunetan, eta oraindik ere ardurak ditu irakasle gisa. Udako oporrak erabiliko ditu zuzendaritza-proiektua idazteko? Norekin proiektua? «Ai, ama! Zuzendaritza-talde bat osatu behar dut! Eta atzo nire kideak zirenak, orain nire ardurapean daude! Ai, ama!». Horrela eraiki nahi dugu kalitatezko eskola publikoa?
Nik dakidanez, Heize Euskal Eskola Publikoko Zuzendaritza Elkarteen Federazioko kideek denbora daramate egoera aldatzeko lanean. Euskadiko Eskola Kontseiluaren 2020ko Eskolako Zuzendaritza Publikoa txostena ere ezagutzen dut. Aurrerapausoak ematen ari dira, bai. Baina badakit, egin berri dudan ikerketagatik, Eskola lidergoa lehen hezkuntzan Euskal Autonomia Erkidegoan, bi sareen arteko desoreka egiturazkoa dela, eta administraziotik aldaketa sakonak errazten ez badira eskola publikoaren desabantailek luzerako iraungo dutela.
Itzul gaitezen zuzendaria hautatzeko prozedurara, baina, oraingo honetan, jar gaitezen itunpeko ikastetxe batean. Bertan, aldez aurretik prestatzen ari dira behar duten zuzendari mota, eta horretarako egokiena nor den hausnartzen ari dira. Irakasleen artean norbait egokia aukeratu badute, prestakuntza berezia eskaintzen ari dira. Zuzendaria kanpotik ekartzen badute, esperientzia duen norbait kontratatuko dute, ikastetxeko hezkuntza-proiektua aurrera ateratzeko aproposena. Segur aski, beharrezko prestakuntza eskainiko zaio. Zuzendari berria, egia esan, prest iritsiko da postura, ziur aski proiektu zehatz batekin.
Bi gai baino ez ditut jorratu gainetik: irakasle-taldeen egonkortasuna eta zuzendaritza-taldeen hautaketa eta prestakuntza. Biek zuzenean eragiten dute ikasleen ikaskuntza-prozesuen arrakastan. Ikastetxeetako ikasleak gure gaurko haurrak dira, gure etorkizuneko helduak. Gaurko eskoletan etorkizuneko gizartea osatzen ari gara. Bi sareak behar ditugu? Hala bada, bidezkoa al da bien arteko baliabide banaketa? Ezetz esango nuke.
Bi hezkuntza sareak behar ditugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu