Bezpera da. Egin dezagun flashback bat eta begira dezagun une batez atzera: 2007. urtea. Ideologia eta talde politiko desberdinetakoak diren bi pertsona, umetatik lagunak eta biak abertzaleak badira ere, beren herritik kanpora elkartzen hasten dira elkarrekin bildu eta politikaz lasai hitz egin ahal izateko. Beraien beldur nagusia: elkarrekin hitz egiten ikusiz gero herrian beraiez zer esango ote duten.
2018. urtea. Dozenaka mila pertsona, lagun eta ezezagun, elkartuko dira bihar Euskal Herriko errepideetan beldurrik gabe elkarri eskua eman eta erabakitze eskubidea den adosgunean bat eginez. Beldur nagusia, 100.000 laguneko kopurura ez iristea eta euria egitea.
Hasieran bi lagunen ezkutuko bilera baino izan ez zena, ondoren Gipuzkoako Goierri eskualdeko Nazioen Mundua bihurtuko zen, eta gaur egun Euskal Herri mailako Gure Esku Dago herri mugimendua da. Urte guzti hauetan, bi lagunengandik hasi eta gure historiaren gertakizun mingarri guztien mendiaren gainean bere burua eraiki eta asmatu behar izan du mugimendu herritar berri honek. Europan gertatzear zeuden mugimendu berrien jakitun, Euskal Herrian zerbait berria sortu, jendea erakarri, hausnartu, hedatu, eredu bat osatzen joan, konfiantzak irabazi, pedagogia egin, aurkako iritzi eta mugimendu guztiei aurre egin eta barne orekak bilatu behar izan ditu.
Horretan ari zela, guztiok ezagutzen ditugun aldaketa historikoak gertatzen hasi ziren Euskal Herrian, gertakizun horiei aurrea hartuta zetorren mugimendu horren mesedetan. Aldi berean, Europako beste nazio batzuetan, Katalunian edo Eskozian kasu, erabakitze eskubidearen inguruko prozesu desberdinek abaila handia hartuko zuten, bilakaera desberdinarekin biak ere. Orain 2018. urtean gaude, eta, gaur egun, bizi dugun garaiari eta egoerari tamainako erantzun bat ematen saiatzen ari den mugimendu nazionala izatera iritsi da Gure Esku Dago, izena eta jarrera batean hartu dituen esperientzia berria eta berritzailea. Historia bihurtu den istorioa da.
Berria eta berritzailea behar zuen. Izan ere, honaino ekarri gaituen iraganak etorkizuna beste era batera irabaztera behartzen gaitu. Oraindik orain, herri honen gatazka lazgarria jadanik bukatu dela edo bere kasa bukatuko dela sinisten duena, oso oker dagoela pentsatzeko frogak baditugu: gure historiaren azken ehunka urteak. Euskal jendarteak gai honekiko duen kezkak gora ala behera egin dezake ziklikoki, baina konpontzeke jarraitzen duen arazo historikoa da gurea. Dakigunez, sorburua erauzten ez bada, gaitza berriz agertzeko aukerak beti egongo dira hor. Lehen, orain eta gero.
Gure Esku Dago garai honetako jende honetatik sorturiko tresna da eta era batera edo bestera parte hartzen dugunok ematen diogun forma, indarra, ahulezia, aniztasuna edo aniztasunik eza, dinamika gaitasuna, baliabideak, baldarkeriak, ilusioak eta ezinak ditu. Eta, noski, ez zaudetenok ere egiten duzue Gure Esku Dago. Zuen ausentziak, kritikek, kolpeek, desadostasunek edo interesik ezak ere Gure Esku Dago egiten dute. Zuengana ere iristea da gakoetako bat. Nahi eta ahal duenaren artean dabilen mugimendua da hau.
Gure Esku Dago ez da behar besteko plurala ideologikoki, ados nago. Erronka hori irabazteko urrats sakon(agoak), berritzaile(agoak) eta zintzoak egin behar dira oraindik, eta, hala ere, ez litzateke bermatuta egongo pluraltasuna lortzea. Nahikoa da pixka bat aztertzea, ez dela lan erraza ohartzeko: adibidez, biharko giza katean parte hartuko duzuen independentistek tolerantzia ariketa erraldoia egingo duzue zuen azken gogoa guztion arteko erabakitze eskubidearen menpe jartzeko. Bukaera ziurrik ez duen bide berri bat da hau zuentzat. Enpatia eta pragmatismo ariketa handi bat. Bejondeizuela, beraz, guztioi. Bestetik, independentziarik inolaz nahi ez duzuenok derrigorrezko enpatia ariketa erraldoia egin beharra duzue, egungo egoera irauli eta aukera guztiek eskubide berdinak izan behar dituztela onartu behar baituzue, subjektu erabakitzailea euskal jendartea delako ardatzarekin ados egon, eta giza katean parte hartuz. Horrela ikusita ez da erraza aniztasunarena, ezta? Ongi etorri animatuko zareten gutxi horiei. Tartean politikarekin desenkantatuak zaudete. Bejondeizuela ilusioa eta jarduera berreskuratu duzuenoi. Aniztasun ideologikoa berez eta edonon zaila bada, are gehiago hemen, Euskal Herrian, milaka etxetan hamarkadetan finkatua dagoen zauriaren muinean. Beraz, esan dezadan garbi: gabeziak gabezia, Euskal Herrian ez dago herri mugimendu anitzagorik, ekintzaileagorik eta jendetsuagorik hau baino.
Artikulu hau idazten ari naizela, Altsasuko gazteen atxiloketen berri jasotzen ari naiz. Zauria zabalik mantentzeko ahaleginak dira. Topagune berri bat eskaintzen duenarentzat testuinguru zaila da amorrua, zaila gorrotoa, zaila mina. Baina zailagoa izan zen hasi zenean. Iraganera lotu nahi gaituzten indarrek ez dute atsedenik hartzen. Iraganeko baldintzak, moduak, jokalekuak... Ezer aldatu ez dadin. Soluzioak behar ditugu. Sakonak eta iraunkorrak. Erabakitze eskubidearen gauzaketa exijitu eta gauzatzeko prest egongo den gehiengo sozial berri bat.
Maila indibidualean zein kolektiboan geure buruen gain erabakitzea zein onuragarria den jabetu gara azken urteotan eta arlo askotan. Beste aukera guztiak txarragoak direla ohartu gara eta jadanik ez gaituzte asetzen, eta, behin horretaz jabetuta, atzera egitea frustrazioa da. Hemen eta orain, porrot posible bakarra ezer ez egitea litzateke. Ia inork ez dugu nahi iraganera itzuli. Alderantziz, etorkizunera garaiz iritsi nahi dugu gehienok. Behin baino ez gara biziko. Momentuz, honaino iritsi gara. Hau da gure ahalegin zintzoa, nirea bai bederen. Batzuetan asmatuko dugu, besteetan ez, baina bizitzan erabakiak hartu behar dira, ausardiaz. Gure bizitzez ari garenean, kantuak dioen bezala, pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Gure gabezien eta minen gainetik ilusioa, borondatea, kezka, indarra, beharra eta ardura sentitzen dugulako gara gai 200 kilometroko giza kate bat, askeago egingo gaituen kate bakarra egiteko. Gurearen neurriko mina pairatu ondoren etorkizunari bizipozez begiratzeko gai den jendarte honek hainbeste merezi du. Biharkoak mereziko luke baita errepide bazterrean, ezkutuan eta euripean, elkarri eskua emanda elkartu garen bi ezezagun besterik izango ez bagina ere.
Bi ezezagun errepidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu