Bi bertsio heterodoxo gatazkarekiko

2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Bi dokumental berri gatazka delakoaren inguruan. Bata, Aitor Merinoren Asier ETA biok; mundu desberdinetan murgildurik dauden gaztaroko bi lagunen (bata ETAko militantea, bestea Madrilen bizi den aktorea) istorioa, zeinean kosta ala kosta aspaldiko adiskidetasunari eusten ahalegintzen diren. Bestea, Ander Iriarteren Echevarriatik Etxeberrira (laster aurkeztuko dena Bartzelonako Euskal Etxean), zeinean Oiartzungo ezker abertzaleak, bere aniztasunean, biolentziarekin izan duen harreman korapilatsua azaltzen den.

Desberdinak, abiapuntuan, erritmoan eta egituran, Euskal herri nirea, Xabier Leteren poesia hankaz gora jartzen dutenak. Euskal Herritik urrun eta aparte bizitzera behartuta daude (horrek esan nahi duenarekin), baina eusten diote lagunarekiko (kasu batean) edo herriarekiko (bestean) maitasunari.

Biek garbi dute denborak eta deserriak deslokalizatu egin dituztela beren sentimenduak. Hangoak eta hemengoak direla aldi berean. Eta etengabeko joan-etorrian bizitzeak atarramentu eta, aldi berean, argitasuna ematen diela gatazka delakoaren inguruan. Biek sufritzen dute Madrileko zein Bartzelonako lagunen ezin ulertua eta, aldi berean, Euskal Herrira itzultzen direnean, ezker abertzale ortodoxoekin duten desadostasuna oso deserosoa egiten zaie. Eta dialektika horretan iritzi propioa izatera heltzen dira.

Dena den, bi zuzendarien ikuspegia gatazkarekiko ez da guztiz berdina. Aitor Merinori, ETArekiko desadostasuna ez ezik, ezker abertzalearen diskurtso ideologikoa, independentzia, sozialismoa, jada oso demodé iruditzen zaio; Ander Iriarte, berriz, ez dago ados ETArekin, baina bere burua ezker abertzalekoa dauka.

Bi errelato, gatazkarekiko errelatoaren eztabaida orokorrarekin topo (edo tupust) egiten dutenak. Eta gurekin zaude hala besteekin lerratzetik ihes egiten dutenak. Bi errelato nagusien barnean edo kanpoan beste errelato edo azpi errelato batzuek ere beren tokia lortu behar dutela. Nire aspaldiko aldarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.