Irakasle erretiratua

Bi alabei eta lau bilobei

2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Jakina da Herri txikia osatzen dugula, euskaldunok gutxi garela eta hiru eremu administratibotan zatituak gaudela, horrelaxe erabaki zuen Historiak bere abagune desberdinetan, baina halaz ere hemen gaude irmo eta zutik Herri bezala. Gara eta gaude, eta erabakia dugu asmoz eta jakitez, ekinaz eta zuhurtziaz izaten jarraitzeko. Ez diogu beldurrik etorkizunari, ez gara lehenengo euskaldunak egoera zailei aurre egiteko paradan gaudenok. Eta horretan ere sinesten dut. Eta barkatu irakurle, estimatua, baina itxaropenez eta desioz beteriko lerro hauetan nire bi gogoeta plazaratu nahiko nizkieke, bihotzez, nire bi alabei, Leire eta Enarari, eta baita nire lau bilobei ere, hala nola Noa, Natale, Eki eta Kairi nahiz eta egunkaritan idatzia izan: euskaldunak gara, Euskal Herrikoak hain zuzen, Euskadin bizi gara, euskal lurreko seme-alabak zarete, ez ahaztu hori inoiz, bere burujabetza posible eta osatuena bila dabilen herri honetako seme-alabak zarete, ez «txanda-pasarik» egin, jator jokatu, zintzo eta leial, lan egin etorkizuneko euskal gizartea hobea izan dadin. Zuek erabaki nola eta zelan, non, noiz eta zertan. Gu, zuen aita naizen eta ama Patri den, amona eta aitona garen gu biok, horretan saiatu ginen eta gara eta horretan jarraitzeko asmoa dugu mundu honetan gauden artean. Jokoaren arauak errespetatu egin behar dira elkarrizketa sustatuz, irekia eta mugarik gabea izango den elkarrizketa bultzatuz, inor kanporatu gabe eta baldintza politikorik gabe ideiak bide demokratikoetatik bakarrik defendatzearen printzipioa errespetatuz. Gogo eta itxaropen garaiak datozkigulakoan nago. Zorionez. Bake garaiak, itxaropen eta aldarrikapen garaiak goiz-alba argi baten gisa alboan nabaritu nahiko nituzke eta ez soilik amets goxo baina supituki hautsi baten eran.  

Eta bigarren gogoeta garrantzitsua, orain, gaur egun, globalizazioan murgilduta gaudelarik buru-belarri, euskararen aldarrikapenaren aldeko gogoa, euskararen ezagupenaren etengabeko aldarrikapena eta euskararen erabileraren xede eta helmugak, esaldi hark zioen bezala zahar berri esamoldeari heldu diezaiogun irmoki. Eman diezaiegun gure, zuen, ondorengoei gure aurrekoek eskueran utzi ziguten altxor preziatuena, zeina baita euskararekiko atxikimendua eta konpromiso solidarioa, hots, euskararen ezagutza eta erabilpena. Erabilpena, horra hor benetako hitz klabeenetan klabeenetakoa. Jarrai dezala kateak. Katea ez baita eten. Izan zirelako gara, bagarelako eta nahi dugulako izango dira, jaioko dira kimu berriak, ari dira sortzen. Jakin ezazue, Leire, Enara, Noa, Natale, Eki eta Kai, gauza asko lortu direla. Asko eta onak. Baina badago, noski, hobetu beharra, beti baitago hobetu beharrik. Zuek ezagutzen duzuen gaur egungo Euskadi, esfortzu, ahalegin eta kemen askoren emaitza emankorra da. Zuentzat normala den Euskadi hau euskaldun askoren, gizon eta emakume askoren egoskorkeriari esker lortua izan da, euskarari eta zazpi lurraldetako Euskadiri, urte ilun, latz eta zailetan izandako atxikimendu zintzo eta leialari zor zaio. Oraindik badago lortu beharrik. Jarrai dezala kateak. Ez eten Herri honek daraman lehia etorkizuneko Europan eta munduan leku egoki baten bila. Oso aspalditik datorren Herri zahar bat gara, baina biziberrituz dagokigun etorkizuna gazte baten gisa bila gabiltza.

Zorte ona izan dezazuela seiek, Leire, Enara, Noa, Natale, Eki eta Kai. Bizitzan zehar norbait, estropezuz, lurrera eroriko balitz, ahalik eta lasterren zutitu dadila eta segi dezala aurrera, abestiak zioen bezala. Aurrera beti. Erortzean, zutitu. Ez zimurtu. Zuen ama, eta amona, Patri den eta ni neu, zuen aita, eta aitona naizen, oso harro gaude zuetaz. Ahalik eta erarik txukunenean saiatu gara zuekin, geure borondate onenarekin izan gaituzue, beti. Dena dela, okerren bat egin izan bagenu, ahaztu, eta ondo eginak gogoratu. Jarraitu geurekin kontatzen, gu geu «ahal dugun» bitartean prest (izango) gaituzue. Muxu bana. Bedi bada. Bejondeizuela guztioi, seioi. Bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.