Irakaslea

Betikoa

Jon Xabier Basogain Urrutia
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Ondarretatik Juantxorainoko paseoa egin nuen aurrekoan Donostian. Paseo horretan ikusi ohi den guztia ikusi nuen, betiko hori ikusteak ematen duen lasaitasunarekin. Ikusi nituen hondartzak, ikusi nuen jendea paseatzen, ikusi nituen gaztetxo-taldeak hondartzan jolasten, ikusi nituen tolderoak eta ikusi nituen Lurraldebuseko autobusak alde batera eta bestera.

Ikusi nuen barre artean euskal txapela bat ondo jantzi ezinik zebilen turista bat ere, bere souvenir berriarekin jolasean, eta baita argazkirik ederrena lortzeko landatu berri zegoen zuhaitz baten tutoreetan mugikorrari eusteko ingeniaritza-lanak egiten ari zen bikote bat ere. Eta une batez hori ere betikoa zela iruditu zitzaidan, betiko paisaiaren parte, azken finean, halako jendez beteta zegoen paseoa. Atzerrian egonda inork ezagutzen ez zaituela jakiteak ematen duen lasaitasuna ere senti zitekeen momentu batez.

Etxean egonik ere atzerrian sentitzen den jende asko dago. Bartzelonan, adibidez, lortu dute autobus linea bat Google eta Apple enpresen mapa-aplikazioetatik ezabatzea. Güell parkearen aurrean geltokia duen linea bat da, eta auzokideak kokoteraino zeuden ezin erabiltzeaz, autobusak turistaz lepo baitzeuden. Dagoeneko ez. Orain 527 linea klandestinitatera pasatu da, eta ez da inongo mapatan azaltzen. Ez pentsa oraindik ere zenbaki hori duenik; izena ere aldatu behar izan diote, etsaia despistatu behar da eta. Eta, momentuz, ematen du irtenbide egokia dela bertakoa eta bertakoak babesteko.

Norberarena babesteko norberarena ezkutatzeak ez du irtenbide desegokia ematen. Euskaldun gutxik ezagutzen du Mestre. Gasteizen tamainako hiri bat da, Veneziatik oso gertu dagoena, nahiko arrunta, inongo ezaugarri berezirik gabekoa eta turistentzako ezezaguna dena. Hain arrunta izanik, pentsatuko du irakurle arretatsuak ez duela inongo aipamenik merezi. Eta hala izango litzateke ez balitz izango Mestre turismoaz eta bere ondorioez ihesi alde egin behar izan duten veneziarrez betetzen ari delako.

2023an 10.000 pertsona mugitzeko gaitasuna duen itsasontzia pleitatu zuten. Eta halakoek turismo masiboa kontrolaezina bihurtzen dute: imajinatzen al duzu, irakurle hori, itsasontzi horren lehorreratzea? Imajinatzen al dituzu 10.000 pertsona zure herrian, denak aldi berean?

Horren ingurumen-inpaktua alde batera utzita, turismo masiboak zaildu egiten du bertakoen bizitza. Badakit guztiok, ahal dugun momentuan, turista bihurtzen garela eta beste nonbait hasten garela «molestatzen». Baina fenomeno honek kontrolaezina dirudi. Eta ulertzen dut, inbaditzailea izatea atseginagoa da inbaditua izatea baino.

Turismoak dirua dakar, bai, baina arazoak ere bai. Pisu turistikoen eta hotel berrien ugaritzeak garestitu egiten ditu bertako etxebizitzen prezioak eta urritu egiten du bertakoentzako eskuragarri dauden etxebizitza-kopurua. Duela gutxi jakin dugu Mundakako Udalak erabaki duela urtebetez erabilera turistikoko etxebizitza eta apartamentuetarako lizentzia berririk ez ematea; eta, gainera, laguntza eskaini die inguruko udal-gobernuei erabaki bera har dezaten.

Turismoarekiko kezka gero eta handiagoa da eta badago kezka honi «turismofobia» deitzea otu zaionik ere, nolabait-edo horrek benetako arazoa islatuko balu bezala. Jarri nahi zaion izena jarrita ere, ezin daiteke ukatu egonezina gero eta nabariagoa dela. Argi dago turista guztiak ez direla berdinak, badira errespetuz jokatzen dutenak eta tokiko kulturan benetako interesa dutenak, noski. Arazoa turista zaratatsu eta lotsagabean datza, eta jakina da turista horren arazo nagusia dela bere herrialdean hemen bezain gogaikarria dela.

Honekin guztiarekin esan nahi dudana da Kontxako pasealekuan euskal txapelari barreka eta argazki perfektua lortzeko dena aldrebestu behar dutenak betiko paisaiaren parte izango ez balira, arazoaren zati handi bat konponduta izango genukeela. Beraz, honek hala jarraitzen duen artean, Euskal Herriko Mestre guztietan babestu beharko gara, zehazki zeinetan esan gabe; izan ere, ez ahaztu, helburua etsaia despistatzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.