Onartu den hezkuntza legea etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko aukera galdua dela salatu zuten abenduaren 18ko agerraldian Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntzako eragile garrantzitsuenetarikoak (Ikastolen Elkartea, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi), hezkuntzako langileen gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS), euskalgintzako eragileek (AEK, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU) eta kulturgintzako hainbat ordezkarik. Zilegi da hainbeste ahots eta hain arrazoi sendoen aurkako legea? Zilegi da berrogei urtetako porrota zein ezina betikotzeko den legea?
Hezkuntza giza eskubidea da, eta, ahalmen eraldatzaile handiko ardura izanda, oso garrantzitsua da gizakiaren duintasun eta osasunaren aldeko klabeetan eraikita egotea eta ez, esaterako, gizakia eta lurraren suntsipena dakarten merkatuaren aginduen azpian. Eta ezin da onartu, esaterako, norbere gorputza ezagutu barik hiltzera kondenatzen duen hezkuntzarik, ezta norbere hizkuntza eta kultura gutxitua desagertzera kondenatzen duena ere.
Iraganeko hutsetatik ikasi beharko genuke eta arrazoiz beteko kexuei entzuten jakin. Galdutako aukera betiko galdutako une zein mundua da. Euskaldunok batez ere erdaldunak sortzen dituen hezkuntza sistema daukagu. Eta euren buruari jaten emateko horretan aritu direnen erretolika hutsa den erreformak, zentzubako erretorika hutsala aplikatzeko jarduerekin, guztiz lanpetu ditu irakasleak ezertarako ere ez, Tere Maldonadok bere BERRIAko artikuluetan ederto adierazten duen moduan (abenduaren 8an «Kritika antzua heziketa politikaz», urtarrilaren 16an «Pasilloak», otsailaren 14an «Ezinezkoa»), hezkuntza den ardura guztiz garrantzitsuari inoiz oratzen ez zaiola, edo oratu ezin zaiola.
Irakasle arduratsuak ez zaizkigu falta. Unai Artabek urtarrilaren 11n bere BERRIAko artikuluan («Zigarroa itzali, pantailak piztu») ere ederto adierazten du digitalizazio planak ekarri duena: «...Pantaila bidezko ikaskuntzak ikasleen gaitasun kognitiboak apaltzeaz gain, pantailen erabilera masiboak (eskolan zein eskolatik at) osasun-arazo mental eta emozionalak eragiten ditu. Horrela adierazi du Mark Baurlein ikertzaile britaniarrak...». Eta zenbat diru gastatu da ikasle eta irakasle bakoitzari ordenagailu bat egokitzeko? Ez da kontsumismo basatiaren eta ekozidioaren aldeko hautua izan? Ez da ordenagailua partekatzea askoz mesedegarriagoa zentzu guztietan? Digitalizazio planak zer konpondu du? COVID-19aren garai gogorrenean ere argi geratu zen ikasleek, ordenagailuak barik, gure aurrez aurreko lana behar dutela. Zenbat depresio ugaritu ziren orduan? Eta buru hiltzeak ere egon ziren, bestelako egoera baten beharbada gertatuko ez zirenak. Digitalizazioak ezer konpondu ez, ikasleak dorpetu eta kokolotu, hizkuntza eta kultura gutxituaren asimilazioa azkartu eta arazo konponezin gogor-gogorrak ekarri ditu. Orain ume eta nerabeen pornoaren kontsumoaren arazo gogorrak hautsak harrotu ditu, baina zenbat bestelako min ugaritu dira? Jazarpen digitalak nerabe asko depresio gogorrean eta euren burua hiltzeko trantzean jarri ditu. Eta adikzioarena zer? Drogarik gogorrenarekin moduan pantailari josita bizi direnekin zer? Asko eta asko guztiz gaixorik daude. Zelan jarriko dute arretarik irakaslearen azalpenetan? Ez, nik ez dut inoiz ordenagailurik klaseetan erabili, baina ezertxo ere ez azaltzeko PowerPointak jasan behar izan ditut, eta ez ikasleen eskutik. Kontsumismoa, itxurakeria eta hutsalkeriaren gizartean bizi gara. Eta smartphoneari josita dauden ikasleekin zer egin? Ikastetxe barruan smartphonearen erabilera debekatu egin behar izan genuen, eta araututa genuenari jarraituz, ikaslea klasean smartphonea erabiltzen harrapatuz gero, smartphonea kendu eta gurasoei deitu behar genien euren seme-alaben smartphonearen bila etortzeko. Iazko ikasturtean zehar bigarren batxilergoko hiru ikasleri kendu behar izan nien smartphonea klasean (une ezberdinetan eta klase ezberdinetan), hirurak mutilak. Eta bere smartphoneari guztiz josita zegoen ikasle hauetako batek, klasea amaitu zenean, bere smartphonea emateko eta emateko eskatzen zidan bitartean, nire atzetik itsatsita egin zituen solairu biko igarobide luze guztiak, eta, smartphonea utzi behar nuen zuzendaritzako gelara heldu ginenean, neuretzako gura zuen upilako ukabilkada ateari emanez joan zen, nire existentzia madarikatzen. Bai, irakaslea izateak arriskua dauka eta ikaslea izateak ere bai. Nik, hezitzaile ona izateko, bere ekintza eta jarreragatik partea ipini behar izan nion, baina ez nuen egin, lehenago partea ipintzearen alferrikoa frogatuta nuelako. Bai, iazko ikasturtean niganako jarrera basatia izan zuten ikasle ezezagun biri partea ipini behar izan nien (mutilak biak eta guztiz ezezagunak niretzat, klaserik ez nien ematen eta), baina ez nuen lortu neurri zuzentzailerik ezartzerik, ez euren gurasoekin batzartzerik (nire harridurarako, bat izan ezean beste hirurak irakasleak). Ba ikasle hauetako batek ikastetxetik kanpoko borroka baten bere ikaskide bat (bigarren batxilergoko beste mutil bat eta niretzat ezezaguna hau ere) zauri larriekin ospitaleratzea egin zuen.
Hezkuntzaren bitartez gure errealitate guztiz erdalduna eta justiziarik bakoa euskalduntzeko eta aldatzeko aukera galtzen ari garen bitartean, bortizkeriak, diruak eta era guztietako kontsumismo basatiak eguneroko errealitatea eraikitzearena guztiz onartu da. Mundua ugazaba eta esklaboen artean banatzea guztiz onartu da. Indarkeria, genozidioa eta ekozidioa onartu dira. Denbora gutxian, herrian telefono bakarra izatetik etxe bakoitzean bizilagun baino telefono gehiago izatera igaro gara, eta bakoitzak bere smartphonea behar du derrigorrez. Herrialde garatuetako umeen eta ez hain umeen burmuina guztiz hondatzen duten smartphoneak egiteko, herrialde ez garatuetako umeak eta ez hain umeak sakrifikatzea onartu da. Laster guztiz arrunta eta normala izango da azkenetan dauden gurasoak etorkin egoiliarrek zaintzen dituzten bitartean, seme-alabak Everest zein munduko azken bazterrak kolonizatzen eta zanpatzen ibiltzea. Gizakiaren barrua aldatzen ari da eta ez klabe etikoetan, merkatuaren klabeetan baino. Lehen guraso zahar eta arropa zaharrak betiko zaintzeko beharrizan, gogo eta poza zen nagusi, eta orain guraso zahar eta arropa zaharrak pikutara botatzeko beharrizana eta gogoa nagusitu da. Naturarekin bat eginda bizi diren Amazoniako indigenak eta hemengo baserritarrak, gero eta irrealago guztiz desagertu arte, pelikuletarako geratuko dira, edo horretarako ere ez. Merkatuak errealitatean edo errealitatetik kanpo jartzen dituen produktuak gara. Horixe dakar munduak. Beti egon dira, euskalduna ezereza baino gutxiago dela mamurtu eta ulertu, eta euskalduna izateari uko egin diotenak. Kategoria eta kultura ere, diruak eta erdara (espainiera, frantsesa...) ondo jakiteak ematen duela ulertu da. Gaur egun ideia hau berriro indartzen ari da. Laboral Kutxan mutil gazte harro batek erdaraz eman zidan arreta. Euskaraz gura nuela esan nionean, horrela gura banuen egingo zidala esan zidan, baina bere ondoko lankidearekin erdaraz berbetan jarraitzen zuen bitartean. Gaur egun ere euskaldunek batez ere erdaraz, espainieraz edo frantsesez irakurtzen dute, irakasle euskaldunek ere bai. Bernardo Atxagaren lana ere erdaraz, espainieraz irakurri duenarena dakit eta guztiok dakigu zein den hemen egunkaririk irakurriena, eta euskaraz oso gutxi irakurtzen dela. Bilbora bizimodua atera eta dirua egiten joandako baserriko seme-alaba askok euren euskara ere abandonatu zuten eta haien bilobek orain Madrilen jarri dituzte begiak.
Udetan praktikak egiten dituen farmazian ikusi du. Ikasketak amaitu ditu eta lana Madrilen aurkitu duela esan dio, eta bere neba-arrebak ere hantxe ari dira ikasten. Barruko etsipenetik bota dio galdera: «Baina orduan nor geratuko da hemen?». Eta bere euskara galduan erantzun dio: «Inor». Bai, zuzendu egin behar izan dio, baina ez du egin. Inor ere ez.