Ane Labaka Mayoz.

Beti gauza bera

2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zaila zait kalkulatzea bost mila karaktere inguruko zutabe batek zenbat denbora eta espazio okupatzen duen nire garunean. Zutabegintzak une oro ingurukoari adi egotera narama ni behintzat; beti alerta egoeran, beti atezuan. Gutxien espero dudanetan sortzen zaizkit idazgai posible gehienak. Hori dela eta, neure burua harrapatu izan dut goizeko ordu txikietan ohetik arrapaladan altxa eta hurrengo goizean dagoeneko hain ona irudituko ez zaidan arren une horretan munduko ideiarik bikainena dirudiena mesanotxeko koaderno txikian zirriborratzen. Beste zenbaitetan, neure burua harrapatu izan dut bere buruari audio bidezko mezu kaotikoak bidaltzen, irratian entzundakotik edo trenean parez pare eseri zaizkidan bidaiarien elkarrizketatik sortutako burutapenari ihes egiten ez uzteko helburuarekin.

Gogoratzen dudanez, oso kasu bakanetan gertatu izan zait agendan markatutako entrega egunaren bezpera iritsi eta idatziko dudanari buruzko arrastorik ere ez izatea. Hala ere, zeri buruz idatziko dudan aurretiaz erabakia izan eta bizitza osoa «hurrengoan lehenago hasiko naiz» errepikatzen igaro arren, azken-azken unean presiopean eta erlojuaren aurka funtzionatzen dutenen —eta behin honetara ezkero hau aldatzeko esperantza gutxi dutenen— klubeko kide fidelenetako bat nauzue.

Zutabe bat zurekin bizi da ideia sortzen zaizun unetik pantailaren aurrean idazten jartzen zaren arteko denbora tartean ere. Noranahiko auto bidaietan joaten da garatzen, forma hartzen, eta norbaiten edo zerbaiten zain igarotzen dituzun minutuetan taxutzen da. Beti iruditu izan zait kuriosoa nola, gai konkretu bat buruan darabilzun artean, inguruko jende guztiak egin ohi dizkion keinu txikiak gaiari berari, modu inkontzientean bada ere. Ustekabean, irakurtzen ari zaren liburuan erreferentzia bat agertuko zaizu bat-batean, edo egunkariko albisteren batean topatuko duzu oihartzunen bat, edo aspaldi ikusi gabeko lagunak kafea hartzera joan eta proposatuko dizun laugarren hizketa-gaian. Beti egongo da presente, beti zuri jarraika; tantakako braimstorming moduko bat osatuz. Lagun batek kontatzen zuenez, ama izan nahi ote zuen edo ez buruan bueltaka zerabilen garaian, erabakia obsesio iturri bilakatu zitzaion eta emakume haurdunak baino ez zituen ikusten nonahi; harategiko ilaran, hondartzako paseoan nahiz herriko plazan. Uste dut niri ere antzeko zerbait gertatu ohi zaidala.

Idazten ez zekiten garai bateko bertso-jartzaileek buruan ibilitakoak papereratuko zizkien norbaitengana joatean egin ohi zuten modura,nire kasuan ere burmuineko egosaldiaren ostean iritsi ohi da hausnartutakoa pausatu eta forma emateko garaia. Orduan hasten da esaldiak bihurritu ahala hitz bakoitza limatu eta kimatzeko ahalegina.

Hain zuzen ere, prozesu horri jarraikiz, ikasturte honetan zehar neska gazteok sorkuntzaren plazara —eta, oro har, plazara— jauzi egiten dugunean pairatzen dugun aitakeriaz, Patxi Etxeberria bertsolariaren emazte Iñaxi Etxeberriaren heriotzak sentiarazi zidanaz, gabonetan mahai bueltan pilatzen den biolentziaz, maitasuna ulertzeko eta bizitzeko dudan moduaz edo martxoaren hasierak utzitako aje emozionalaz idatzi dut txoko honetan. Gainera, apirilean Nafarroako Bertsolari Txapelketako Finala aitzakiatzat hartuz bertso sistema egituratzen duten txapelketen inguruan jardun nuen, eta azkenik, maiatzean, Errealeko emakumeek Granadan lortutako garaipenaren argi-ilunak ekarri nahi izan nituen orriotara.

Hizpide ezberdinak aukeratu izan ditut nahita hausnarketarako, zer eta duela gutxi gizonezko batek nire zutabeak irakurtzen dituela, baina beti gauza berari buruz idatzi ohi dudala aurpegiratzeko. Zer eta orain artean gizonezko gehiagok zeharka iradoki izan didatena eta ziurrenik askoz ere gehiagok pentsatuko zutena parranda giroan esplizituki esateko.

Niretzat ahalduntze ariketa ausarta da horrenbesteko zabalpena duen egunkari batean hilean behin lehen pertsonan idatzi eta zuk kontatzeko daukazun hori jendearentzat —edo jende batentzat, behintzat— interesgarri suertatu daitekeela sinesteko egin beharrekoa. Eta zer esanik ez bueltan horrelako mezuak jasotzeko arrisku erreala daukazula aurretiaz dakizunean.

Gu beti aritzen garelako gauza berari buruz hizketan; beti gauza berari buruz kantatzen dugulako, beti gauza berari buruz idazten, beti gauza berari buruz sortzen... «Gure gaiak» asperdura eta betekada sentsazioa ekar ditzakeelako ezertan hasi orduko.

Baina «gurea» ez da gai bat; ez ditut sei iritzi zutabe idatzi neska gazte sortzaileei, heriotzari, Gabonei, maitasunari, martxoaren zortziko grebari, bertsolari txapelketari edo futbolari buruz. Jakin badakit, ordea, «gureak» aurreko zerrendakoak eta gainerako gaitegi posible guztiak zeharkatzen dituela erdiz erdi.

Horregatik saiatzen naiz ni ere, ahal dudan neurrian, mundu honen ertz ezberdinak ikuspuntu edo begirada beretik lantzen. «Beti gauza bera»-ri buruz idaztera narama egunero bizi nauen eta dudan mugimenduak, parrandan zerbait entzun eta «hurrengo zutabean honi buruz idatziko dut» pentsatzerainoko psikosia sorrarazten didanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.