Hartzea Lopez Arana adiskideak halaxe bota zuen Argia aldizkarian 2018ko uztailean argitaratu zuen Oldartze eraginkor baten alde izeneko iritzi artikuluan: «Proposamen ausart, integral eta prestuen tenorea etorri zaigu […] Euskal Herria munduko altxamenduen artean sar dadin berriro». Sei urte pasatu dira geroztik eta geure buruari galdetzen diogu: Euskal Herria munduko altxamenduen artean sartu al da berriro? Eta, bestetik: Zertan dago munduaren altxamendua?
Mundua aspaldiko urteotan izan den krisialdirik larrienean murgilduta dabil, Suitzako Davosen elkartzen den World Economic Forum erakundean zuzenean ala zeharka parte hartzen duten kapitalismoaren arduradunek bideraturiko politika suntsitzaileen ondorioz. Izan ere, beraiek kontrolpean dituzten hedabide nagusiek munduaren egoerari buruzko informazioa ematen dutenean, eguraldiaz ari direla ematen du, munduari gertatzen ari zaiona naturala izango balitz bezala, beraien ardura etengabe ezkutatuz ala zurituz.
Davoseko bileretan garbi ikusi dena zera da, azken hamarkadetan kapitalismoak munduan indarrez inposatu duen eredu integrala agortuta dagoela, baita beraientzat ere. Orain arteko bidetik kapitalismoak ez du etorkizunik eta Berlingo harresiaren erorketak zabaldu zizkien amets bide eroenek ere goia jo dute. Mugarik gabeko etekinen metaketaren tesia eta iturria lehortu zaie eta, ondorioz, mundua errotik aldatzen ari da, milioika langileen, emakumeen, gazteen, migranteen, herrien, Estaturik gabeko nazioen eta naturaren erresistentzia zein ustiapen suizidaren erdian. Hor kokatu behar da munduak egun bizi duen egoera. Krisialdi globalaren larritasunaren neurrikoa da bizi dugun tragedia, eta neurri berekoa izan beharko du eman beharko diogun erantzunak, bizirik jarraitu nahi badugu, behinik behin: munduaren altxamendua.
Libanoko kazetaria, antropologoa eta ezkerreko militantea den Leila Ghanemek, Israelek Libanoren bonbaketa hasi eta Hassan Nasrallahren hilketa burutu ondoren, Madrilen eman zuen La situación en Oriente Medio hitzaldian (sarean ikusgai), argi eta garbi adierazi zuen Palestinaren aurka ari dena ez dela Israel, munduaren krisialdiari ikuspegi kapitalista berri bat eman nahi dion Bloke Mendebaldar osoa baizik. Eta gauza bera esan dezakegu mundu osoan zehar gerra —ezaugarri ezberdinekin bada ere— bizi duten beste herrien kasuan; hala nola Libano, Siria, Iran eta Yemen, baina baita Venezuela edota Kuba ere. Ukrainan gertatzen ari dena edota BRICSen indartzea ere talka horren isla baino ez da. Eraso global horri aurre egiteko testuinguruan kokatu behar dugu planetan indartzen ari den munduaren altxamendu berria, Sri Lankako hauteskundeetan ere ikusi berri dugun moduan. Baina munduaren altxamendu hori ikusteko, ezinbestean, Bloke Mendebaldarrak jarri dizkigun betaurrekoak baztertu eta mundua geure betaurrekoekin begiratzen ikasi behar dugu.
Munduarentzat kapitalismoak dituen plan berriak dira, beraz, jokoan daudenak. Horregatik suntsitu nahi dituzte borroka handiena eman eta eredu alternatiba izan daitezkeen erresistentzia foku nagusiak. Arazoa, hortaz, munduaren ikuspegi antikapitalista eta antikolonialista dugun guztiona da eta, kapitalaren proiektuari benetan aurre egiten badiogu, ikusten ari gara zein izango den jasoko dugun erantzuna: gerra modalitate ezberdin guztiak edota asimilazioa prozesu orokorra.
Munduaren testuingurua hori bada, Euskal Herriak bat egin behar du planeta osoan indartzen ari den munduaren altxamendu berriarekin. Baina horrek azken urteotan gure herrian indartu eta zabaldu den politikagintza konbentzionala iraultzea eskatzen du. Etsaia ez dugu limurtuko, ez dugu konbentzituko, ez dago hirugarren biderik. Bizi dugun asimilaziorako prozesu mailakatuaren aurrean, desobedientzia zibilaren eta jendarte mugimenduaren herri estrategiak ardatz bihurtu behar ditugu, herri boterea indartu behar dugu, euskal espazio antikapitalista artikulatu behar dugu. Gogorra izango da, baina latzagoa da garatzen ari diren asimilazio prozesuaren bidez gu nola desagerrarazten ari diren egunero ikustea.
Presta gaitezen, kendu ditzagun jarri dizkiguten betaurrekoak, jarri ditzagun geureak; orduan, ohartuko gara zein ezberdina den errealitatea zapaltzaileen ala zapalduen betaurrekoarekin begiratzen denean... Hori egin ezean, okerreko bidetik bidaliko gaituzte beti, gu askotan ohartuko ez bagara ere. Bizi dugun asimilazio prozesuaren aurrean, beraz, landu ditzagun erresistentzia zein eredu alternatiboaren garapenerako aukerak. Zutik gauden bitartean, horretarako aukera izango dugu, gero beranduegi izango da. Sartu dezagun berriro Euskal Herria munduaren altxamenduan.