Bestela pentsatuz gero, ez ezazue berdin joka

2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Azer katastrofe politikoa krisiak eragin duena! Ondorio sozial latzak ari da ekartzen. Kapitalismoak banako lerroan jarri ditu erakundeak eta alderdiak, bere zerbitzura jardun dezaten, eta koartadatzat Europa antidemokratikoa eta espainiar estatu neozentralista erabili ditu. Gogorra izan da, eta izango da aurrerantzean ere. Emergentzia sozialeko une bat bizi dugu. Euskal alderdi eta erakundeek galdera bati erantzun behar diote... Otzan jokatuko dute, bildotsen moduan, edo duintasunez aurre egiteko prest daude, ezetz esateko prest? Botere ekonomikoak jokabide psikopatak ditu; ez du badaezpadako jarrerarik nahi, mendekotasuna baizik. Eta guk, klase-eta kontrabotere-erakunde garenok, ezin ditugu itxurakeriak, propaganda eta erretorika hutsala onartu. Ez gaude manipulaziozko eta hipokrisia politikozko ikuskizunak onartzeko prest.

Zein unetan bizi gara? Konstituzioaren erreforma egin dute, zor publikoarekin espekulatzen dutenei ordaintzeko; batik bat, bankuei. Aurrekontuen Egonkortasun Legea onartuko dute administrazio guztiek defizita murritz dezaten, gizarte-gastua eta enplegua gutxituz. Gainera, PPk erabaki du —lehenago Zapaterok bezalaxe— murrizketa horiek ezartzeko oinarri-legeak erabiliko dituela, administrazio guztiek berak esandakoa egin dezaten; bakoitzari, dagozkion eskumenen arabera. Osasungintzak, hezkuntzak okerrera egingo dute, inoiz ikusi gabeko moduan.

Elite politikoek badakite arazoaren gakoa bankuetan dagoela; badakite zorra pribatua dela... Ez omen dira asimilatu higiezinen eta banketxeen sektorean egin diren gehiegikeriak, eta hori guztion artean ordaindu behar dugula erabaki dute; horretarako, eskubide laboral eta sozialak murriztu behar dira. Bankuak ukiezinak dira. Etekinak banatzen dituzte laguntza publikoak jaso ahala, eta zor publikoarekin espekulatuz diru mordoa irabazten dute. Bai, zorrak pribatuak dira, eta gezurrak, publikoak. Gogoan al dituzue bankuekin eta aurrezki-kutxekin duela gutxi egin ziren test haiek? «Europaren inbidia» ei ziren. Inork ez zuen esan test horietarako aurkeztu zen higiezinen aktiboen balioa gezurrezkoa zela, erabat puztua (aktiboak desjabetzeekin eta porrot egindako proiektuekin hazi ziren); balioa puztuta zegoen, aitortzen ari ziren ondasun horien balioa ez zelako merkatuko prezioen araberakoa, higiezinen burbuila lehertu aurreko garaikoa baizik. Gezur publikoak, zigorrik gabeko gezurrak. Eta gezur horiek bota dituztenak oraindik murrizketa sozialak ari dira ezartzen. Ekonomia kolapsora eraman duen jende hau epaitu egin beharko lukete, iruzurra eta delitu soziala egin baitute. Kapitalari aukera ezin hobea eman diote eskubide sozial eta laboralei inoiz ikusi gabeko erasoa jotzeko.

Elite horiek guztiek, salbuespenik gabe, finantza-boterearen eta enpresa handien zerbitzutan dihardute. Ikusi besterik ez dago gobernuetako «aldi publikoa» amaituta norentzat hasten diren lanean. Jendeari sinetsarazi nahi diote (Argentinan erabaki duten YPF-Repsolen nazionalizazioa dela medio) estatuaren eta herritarren interesak eta enpresa zein bankuenak berberak direla. Alabaina, alderdi handiek berdintsu jokatzen dute gobernuan daudenean, EBrekin hitzartutako murrizte-politika babesten baitute. Hitzartu egiten dela nabarmendu nahi dugu, ez baita inposizio bat.

Praktikan, aipatzen ditugun alderdi horiek beti bat datoz, eta gobernuan ala oposizioan egoteak gauza bakarra aldatzen du, politikaren antzezpenean erabiltzen diren hitzak. Esaterako, PSOEk Aurrekontuen Egonkortasun Legea ez babesteko aitzakia %0,4 bat da, ez gehiago: 2020rako PPk %0ko defizit publikoa iritsi nahi du, eta PSOEK, berriz, %0,4 (!). Hori al da desberdintasun guztia? Lege hori ez dute babestuko, bai baitakite PPren botoak aski direla, hots, testua onartzeko euren botoak ez direla beharrezkoak. Lege honen ama, erreforma konstituzionala, onetsi egin baitzuten. Eta EAJk bere abstentzioa azaltzeko dio EAEko eta Nafarroako erregimenen berezitasunak bermatuta geratu direla; aldi berean, Moncloako Itun berri bat eskatzen du, krisiari aurre egiteko... Harri eta zur utzi gaituzte.

Murrizte-politika sozial eta laboralak ezartzen dituztenek blindaje korporatiboa lortu nahi dute, elkarri babesa eman alegia. Enpresen interesekin lotuta dagoen «aditu» batek honela azaldu zuen: «Kaltedunek protesta egitea saihesteko bide bakarra dago, gaurkoa baino kontsentsu politiko askoz zabalagoa iristea». Kontsentsu horrek, noski, ezin du botere ekonomikoaren interesik ukitu. Eurek kezka bakarra dute: gu, kaltedunok, antolatzea, protesta egitea eta haiek nabarmen uztea. Kontuz ibili beharko lukete; jendea konturatu da txotxongilo gisa erabiltzen dituztela.

Euskal alderdi eta erakundeak prest al daude Rajoyren neurriak ezartzeko? Guk ohartarazi behar diegu neozentralismoaren neurrira egindako legeen aitzakia hartuta ere, hala eginez gero, berdinak izango direla. Agenda hori oso gogorra da, eta ez du etenik izango. Langabezia handiagoa eta gizartea erabat txirotzea eragingo du. Horretan laguntzeko prest al zaudete? Auziaren mamia —batzuek eztabaida juridiko gisa mozorrotu nahi dute— lehen mailako eztabaida politikoa da, esparru sozialari dagokiona (hori mespretxuz ikusten duten arren): euskal administrazioak Madrilen ordezkaritza huts bihurtu nahi dituzte, erabakitzeko aukerarik txikiena ere ukatuz. Benetan... hori onartzeko prest zaudete? Hala balitz, ELAk argi esan nahi du jarrera otzana eta sumisioa direla medio ez dagoela ibilbide politiko, ez sozial alternatiborik.

«Bestela pentsatuz gero, ez ezazue berdin joka», esan genuen greba orokorreko egunez. Eta berriro esango dugu, behar bestetan. Aurrekontuetan, osasungintzan eta hezkuntzan murrizketak egitea, enplegua suntsitzea, soldatak jaistea, lanaldia luzatzea, erabakitzeko esparruari uko egitea, akordio sindikalak eta parlamentuek onartutako legeak ez betetzea…Hori guztia onartuko duzue?

Zeren horixe baita Greziaren bidea, kasta politikoaren ospeak izan duen gainbehera barne. Murrizten jarraituz gero, langabezia areago haziko da. Hori inozoenak ere badaki. Gure ogasunek zerga-politika aldatzeari uko egin diotelarik (harritzekoa da Rajoyk berak gehiago egitea), eta errezesioaren ondorioz, bilduko den diru kopurua gero eta txikiagoa izango dela gauza jakina da. Zer da hurrena ezarri nahi diguzuen murrizketa?

Politika otzan hori baztertu eta benetako krisi politiko bat eragin behar da, baldin eta etorkizun sozialagoa nahi badugu. Hori izan zen otsailaren 25eko manifestazioaren eta martxoaren 29ko greba orokorraren asmoa. Grebak arrakasta sindikal eta sozial itzela izan zuen, eta errealitate bat nabarmentzen du: Euskal Herrian sindikatuak eta mugimendu soziala oso bizirik daude, aldarrikapenak plazaratzeko ahalmena daukate, eta ez dute ametitzen beste indarrek erabiltzerik. Grebarekin agerian geratu zen tarte izugarria dagoela politika munduaren eta jendearen arazoen artean. Horregatik esan genion klase politiko honi bost urteko krisiaren buruan aspertuta gaudela, ez dugula onartzen porrot egin duten politikekin jarraitzerik, ustezko «ardura» baten izenean izanagatik ere. Ez dugu gezur gehiago entzun nahi.

Grebaren arrakasta orain antolakuntza indartzeko baliatu behar dugu, eta aliantza sindikal eta sozial bat finkatzeko: aliantza honek proposamenak eta mobilizazio-egutegia partekatuko ditu, eta murrizketak aplikatzen dituen botere politiko eta ekonomikoari inongo babesik ez dio emango. ELAk ahalak egingo ditu hori gauza dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.