Bi urte igaro ditugu ustezko normalitatera itzuli nahian. Aspalditik esan izan dugu guretzako normalitatea gerra etengabean bizitzea dela. Normalitatearen ortzi-muga sasi-itxaropentsu bat saldu digute.Baina normalitatea heldu da, eta betidanik jakin izan badugu ere, gure aurrean agertu den errealitatearen ondoeza egiturazkoa da: Hego Euskal Herriko 25 eta 64 urte arteko herritarren %53,52 egoera prekarioan daude, lan duinik gabe eta diru sarrera eskasekin. Emakumeen batez besteko soldata batez besteko soldataren azpitik dago (3.171 euro gutxiago 2020an); Espainiar Estatutik kanpoko nazionalitatea dutenen soldata, berriz, 9.214 euro baxuagoa da, eta nola ez, emakumeok* lana doan egiten jarraitzen dugu, langileon erosahalmenaren galera ikaragarria, etxebizitzaren garestitzea, etxean berotasuna izatea luxu bilakatu da... Normaltasuna hilgarria da. Normaltasuna egiturazko pobrezia eta prekaritatea dira.
«Muturreko indarkeriak itsutu egiten du, honen interesdunak ikusezin bihurtuz», aspaldi azpimarratu zuen Naomi Kleinek. Baina krisi honek baditu arduradunak. Krisi ekonomikoak kapitalismoaren berezkoak badira ere, klase egiturak eta zapalkuntzak ez dira berezkoak: merkatu kapitalista, instituzio heteropatriarkalak, familia nuklearra eta pribilegioei uko egiten ez dieten gizonak. Gobernu kontserbadore eta politika neoliberalak dira hau guztia betikotzen dutenak, eta, gurean, izen propioak dituzte: Iberdrola, EAJ, PSN, CEN, Confebask... Etsaia antolatzen ari da, gure hitzak hartu eta esanahiz husten. Guk, eraldaketa masibo bat katalizatu behar dugu, zaintzen osotasuneko eraldaketa, bizitzak zentralitatea izango duen antolamendu politiko, sozial eta ekonomiko baterantz.
Guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen planteamendua da gurea, zaintza sistema berri bat eraikitzea. Hau ez da emakumeon eskubideak lortzeko planteamendu bat, edo ez da hori bakarrik. Jendarte, sistema oso bati analisi global bat (ertz ezberdin askotatik) egiteko kapaza izan den tresna bat da, eta sistema hori inpugnatzeko gaitasuna duen proposamen politiko, kultural eta ekonomikoa.
Mugimendu Feministak egiten dugun proposamena jendarte honetan ematen diren botere harremanak eraldatzeko proposamen bat da, patriarkatu kapitalistak guztiok (intentsitate ezberdinetan bada ere) kolpatzen gaituelako, eta ezkerreko mugimenduetan premisa honek zentrala izan behar du. Hau ez da emakumeon gauza, hau guztion afera da. Horregatik, herri mugimenduek boterea eskuratzeko bide partekatuari ekin behar diogu. Feminismoak eta mugimendu feministak aski ondo erakutsi duen indar eta lidergotza gaitasun horretatik eraldaketa soziala bultzatu nahi dugu, askotariko aliantzak eraikiz bidean. Bideak partekatua izan behar du, zaintza erregimenak guztiok gurutzatzen gaituelako. Beste zaintza sistema bat egituratu nahi dugu. Beste sistema bat nahi dugulako. Baditugu nahiko arrazoi: kaleak hartzeko unea heldu da.
Beste zaintzasistema bat nahi dugu, beste sistema bat eraikitzeko bidean. Aspaldi hasi genuen bideari jarraituz, gaur ere, denon bizitzak erdigunean jartzera gatoz!
Gora borroka feminista!
Beste zaintza sistema bat: Euskal Herria feminista!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu