Beste 'sorpasso'- a

2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Katalunian lehendik aritua izanagatik, Ciudadanosek Podemosekin bateratsu lortu zuen garrantzia estatuan: 2014an Europarako eginiko hauteskundeetan. Forma aldetik bazuten parekotasunik, eta bi-biak aurkezten ziren bipartidismo herdoildua berritzeko tresna gisa. Podemosek bost eurodiputatu eskuratu zituen, eta Ciudadanosek, berriz, bi; emaitza onak, beraz. Handik aurrera, parekotasunak bere hartan segitu zuen, elkarrengandik urrun egonik ere. Ciudadanos zera zen, PPren Podemos moduko bat, PP ordezkatu nahi zuena, Podemosek —esperantza handiagoz— PSOE gainditu nahi zuen bezala.

Harrezkero izan diren bi hauteskunde orokorretan, Ciudadanosek hauteskunde emaitza apalak izan ditu, bai erdigunean eta bai autonomia erkidegoetan. Baina emaitza ikusgarria Kataluniakoa izan da. Boto gehien lortu duen alderdia izanik, 25 aulkitik 36ra igo da, eta PP deuseztatu. Kontua sorpasso-a bada, horratx probalekua. Ciudadanos da eskuinaren alderdi hegemonikoa. Non, eta sortu zen tokian, Ciutadans izenarekin sortu ere —PPren bozeramaileak ere ciutadans deitzen zien—.

Horrek guztiak eskuinaren barne orekarentzat bakarrik balio du. Irudika daiteke Alemaniako egoeraren antzeko bat sortzea Espainian: CDU federazioan —alegia, Espainian—, eta CSU Bavarian —hau da, Katalunian—. Espekulatzea libre da.

Kontua, beti bezala, hau da: ea Kataluniako emaitzak estrapola daitezkeen estatuko gainerako lurraldeetara. Eta hortxe agertzen dira Ciudadanosi buruzko galderak, eta hortxe aipatzen da populismoaren kontzeptua, ulertu nahian zer-nolako eskuina den Ciudadanos, gobernatzeko hautagai gisa ageri den honetan. Orduan, agerian geratzen da oso gutxi dakigula haren fundatzaile eta gaur egungo buruzagi nagusi Albert Rivera biluzik jarrita plazaratu zen alderdi horretaz.

Bere zehaztugabetasun ideologikoan, Ciudadanosek formula neoliberalik gordinenak uztartzen ditu eskuin tradizionalari babesa ematearekin —eskuin tradizionalaren ustelkeria zera da, estatuaren patrimonializazioa—. Eta, jakina: Eliza, ezta aipatu ere. Halako malgutasun airosak emaitza ezin hobeak ekarri dizkio. Ciudadanosek Rosa Diezen alderdi UPD zuen ondoan, Podemosek IU zuen bezalaxe. Biek beretu zuten bestea, baina oso modu desberdinean. UPD guztiz desagertu da, eta geratzen den bakarra Rosa Diezen txio eragabeak dira. IU, berriz, eragile bizia da UPren nahas-mahasean.

Populismoari dagokionez, Ciudadanosek Katalunian duen pisuak gogora dakar, lehen begiratuan, lerrouxismoaren oihartzuna, zeina nahiko bakana zen Gaztelako lurretan, Katalunian eginiko diskurtso antikatalana zenez gero. Kontua da ea, Lerrouxekin gertatu zen bezala, Kataluniako jardunak Madrilgo botereraino eramango ote duen. Eta, bistan denez, diskurtso antikatalanak jarraitzaile asko ditu Espainian.

Ciudadanosek estatuan duen aurpegiak berekin dakartza falangisten eguzkipeko harako aurpegi haren izpi gehiago. Falangeetako batek, ez naiz gogoratzen zeinek, argi eta garbi eskatu zuen abenduaren 21eko hauteskundeetan botoa Ciudadanosi emateko. Pentsatzekoa da beretarrentzat eskatuko zuela: Espainiari buruz Jose Antonioren tonuaz mintzo direnentzat; Espainiak aniztasun handiko eta lan kontratu bakarreko herrialde bat izan behar lukeelako ideia hori lan harremanen gainetik jartzen dutenentzat.

Broker ausartaren irudia da Ciudadanosi nabarmendu izan zaion hirugarren ezaugarria: eskuin modernoaren botoa liluratu dezake, hura aurrera egiteko gogoz eta grinaz baitago, eta asper-asper eginda eskuin atzerakoi, estatista eta klientelar baten atzetik joan beharraz; eta broker horrek uste du hori guztia lortzeko nahikoa duela bankuetan, aseguru konpainietan eta finantza enpresetan esperientzia izatea. Teknokraten haztegi baten marrazkia da.

Diskurtso horretan ez dira inon ageri gastu soziala eta ahulenentzako, emigranteentzako, etorkinentzako, langabeentzako, gazteentzako, emakumeentzako, zientzialarientzako, dendetako langileentzako eta erretiratuentzako baliabideak. Izu-laborria ematen du halako diskurtsoa eta halako isiltasuna izango lituzkeen gobernu batek.

Antikatalanismoak, falangismoak, espiritu teknokratikoak eta hutsune sozialak formula bat osatzen dute, irabazlea ez bada, bai behintzat sendoa eskuinaren esparruan. Besterik da hauteskundeetan zer babes duen orohartzailea izan nahi duen alderdi batek. Hamar urte krisi suntsigarri batean pasatu eta gero, bi ahoko labana izan liteke bankuekin lotura estu-estua izatea.

Ciudadanos izena ez da txarra, baina, alderdi izen klasiko bat hartu behar balute, Alderdi Liberala izan liteke, ez baitu ezertan konprometitzen: liberalak dira bai Alemaniako liberalak eta bai Austriako neonaziak.

Frankismo soziologikoaren botoa abentura modernizatzailearen eskuetara aldatzea: horra zertan datzan eskuinaren sorpasso-a egiteko esperantza. Kontua da boto frankista zentroko alderdi batek jasotzea berriz. Horregatik baliatu da Rivera batzuetan Suarezen irudiaz, harengan batu baitziren lehen aldiz falangismoa eta liberalismoa; gero, ukitu neoliberala gehitu dio, aldi berean praktikoa eta patriotikoa, baina ulerbera kontua baldin bada ustelkeria auzietan PPrekin bat eginez egonkortasuna sendotzea. Diferituko kitapenak, gero, konturako aurrerakin bihurtzen dira. Eta Estatu Arrazoia deitzen zaie.

Gainerakoan, alderdi askotako jokaleku batean, garaian garaiko indar korrelazioaren araberakoa izango da halako programa malgua duen alderdi baten jardunbidearen esanahi konkretua. Eta besteei ere beste hainbeste gertatzen zaie. Hor egongo da PP, eta hor egongo dira PSOE eta Podemos. Ikusteko dago, ordea, zer erlazio politiko eta, jakina, parlamentariotan egongo diren. Izan da PSOE-Ciudadanos hitzarmen bat. Izan daiteke Ciudadanos-PP itun bat ere, eta ez da gertatzen erraza izango, baina ezinezkoa ere ez, Ciudadanos-UP hitzarmen bat. UP PSOErekin aliantzaren bat egin nahian dabil, sokatira bitxi batean, eta PSOEk ez du baztertzen PPrekin aliantza bat egitea. Hain zuzen, egina du jadanik.

Aurreko hori guztia txundigarria da, baina are gehiago korapilatzen da koadro horretan Kataluniako prozesua sartu nahi badugu; prozesu horrek shock egoeran dauka espainiarra, abenduaren 24an erregeari aurpegian igartzen zitzaion bezala.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.