Beste isun bat jaso dut

Ione San Ildefonso eta Maialen Begiristain
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Isuna jaso berri duzu etxean. Beste isun bat, bakardadea, inpotentzia, ezjakintasuna...Bat-batean, gogora etorri zaizu duela hilabete batzuk zure eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik, protesta batean parte hartzeagatik, kalea hartzeagatik... gertatutakoa. Armatutako polizia gerturatu zen zu identifikatzera. Polizia, mozal legearen bidez epaile bihurtutako polizia. Segurtasunaren izenean isuna jarri zizun, eta gaurkoan iritsi zaizu.

Baina zein segurtasunen izenean? Gizarte sumiso, obediente eta berekoi bat helburu, errepresioa segurtasunez mozorrotzen dute. Honen aitzakiapean euren gizarte eredua inposatuz. Horretarako, tresna ezberdinak baliatzen dituzte. Isuna jartzen dizun polizia da horietako bat. Jendarte obediente eta berekoia lortzeko eta disidentziak isilarazteko helburuarekin, euskaldunok bizi dugun zapalkuntza askotarikoa aurrera eramango duena. Polizia armatua, gu beldurtzeko eta isilarazteko helburuarekin bere presentzia normalizatu nahi dute, baina ez dugu hori asimilatuko!

Errepresio beltza zein zuria, indarrean dauden biak ala biak baliatuko ditu poliziak. Beharren arabera aplikatzen digute bata edo bestea, baita biak batera ere. Salbuespen legeak, 78ko erregimenean mantendutako arkitektura juridikoaren oinordekoak. Urteen joanean beharren arabera moldatuz joan direnak.

Gaurkoan, mozal legeak ekarri gaitu testu hau idaztera. Igandean hiru urte beteko ditu lege arrotz horrek. Hiru urte dira lege horrek gure eskubide zibil eta politikoak etengabe urratzen dituela. 16.834 aldiz baino gehiago aplikatu dute; izan ere, guk ditugun datuak 2017. urtera artekoak dira EAEn, eta 2016ko martxora artekoak Nafarroan.

Polizia epaile bihurtuz, dena delitu bihurtu dute, eta bereziki sare sozialen erabilera. Guztiok beldurrarazi nahi gaituzte, gaur besteei gertatutakoa bihar guri gerta dakigukeela erakutsiz.

Beldurra, bakardadea eta ezjakintasuna alde batera utzi eta elkartasuna, konpromisoa, babesa... zabaldu nahi ditugu, kolore laranjaz margotu nahi dugu gure gizartea.

Pasa den astean, Nafarroa zein EAEko legebiltzarkideei mozal legea indargabetzea eskatzen genien, orain posible delako!

Bitartean, zuei, norbanako zein kolektiboei, isuna jaso duzuenoi, mehatxatuak izan zaretenoi, inoiz beldurra sentitu duzuenoi, amorrua, inpotentzia... zuei guztioi zera eskatu nahi dizuegu: guretzat desobedientzia, kolaboraziorik eza, intsumisioa edota ekintza zuzena, salaketarako bitarteko beharrezkoak dira, eta gure eskubideen eta askatasunaren defentsan eta praktikan makurrezinak izango gara horien bidez. Horregatik, antolatzeko eta desobeditzeko deia egiten dizuegu.

Mozal legearen aplikazioak salatu eta gure eskubide zibil eta politikoen defentsa egiteko deia. Gure eskubideak urratzen dituztenean salaketa egiteko deia.

Eta, nola ez, desobeditzeko deia. Lege injustuak desobeditzea beharrezkoa delako. Uztailaren 1ean desobeditu dezagun, egin ditzagun mikrodesobedientzia ekimenak, margotu dezagun Euskal Herria laranjaz. Margotu dezagun Euskal Herria elkartasunez eta konpromisoz.

Ez genuke artikulu hau amaitu nahi gure eskubide zibil eta politikoen aurrean erantzuteko gure bitartekoak eskaini gabe. Honako helbide honetan gaude: [email protected].

Desobedientziaz lortuko dugu libre izatea!

Mozal legeari ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.