Hasi bazara irakurtzen artikulu hau, ziurrenik, ulerterraza gertatu zaizu «beste» hitzak duen esanahia. Bai horixe: ez noa, ez, ETA desberdinek egindakoaz aritzera. Eta ez da izango hortaz esateko ez dudalako, baizik eta aspaldi honetan indarkeria politiko mota ezberdinen arteko tratamendu-asimetria handiagotu delako, hain zuzen ere, Estatu-biktimen kaltetan.
ETAren biktimak behar bezala tratatuz gero, poztekoa behar du izan. Aurrekoak ez du kentzen, aitzitik, tristatzekoa, ordea, behar duela izan, Estatuaren biktimak gizalegez tratatzen ez direnean. Giza eskubideen zatiezintasunak zera galdatzen du: giza eskubideen bortxaketa larri guztiak, guzti-guztiak, serio hartu eta justizia estandar parekideekin tratatu behar direla. Eta hori ez da gertatzen ari Estatuko biktimekin.
Estatuko biktimaz ari naiz, funtzionario publikoek, autoritateek, edota haien estalduraz, pertsonak hil, lesionatu edo torturatu zituztelako. Zentzu hertsian hor giza eskubideen urraketa larriak gertatu dira eta horren aurrean egile indibidual jakin batzuez gain, Estatuak berak du erantzukizuna. Baina hemendik aurrera hasten dira arazoak. Nola jarri martxan justizia, poliziek eta talde paramilitarrek gure Herrian egindakoaz?
Lehenengo bide bat epaiketa penala izan liteke. Baina hura ez da erabili nahi izan. Hamarkadatan epaileek, fiskalek, auzi-medikuek, ofiziozko abokatuek, egunkari nagusiek, unibertsitateek, eta enparauek, alde batera begiratu zuten. Poliziek edo haien laguntzaileek hil, torturatu, lesionatu eta erasotu eta gero, ia dena estali egin zuten, eta horren kontrola egin behar zutenek ez zuten ia ezertxo ere egin, ez bazuten, besterik gabe, kontzientzia osoz estali, begi aurretik pasatzen zena. Denboraren poderioz egin ezak bide penala itxi du: horri deitzen diote, batzuetan, amnistia; batzuetan preskribatzea; beste batzuetan «ez zen frogatu» edo «ez zen existitu»; aspaldi honetan, «polizia-abusua».
Bigarren bidea legeen bitartez saiatzen ari da. Besterik ezean, merezi duen bidea: objektiboki adabakia, bigarren mailakoa. Euskadin 12/2016 eta Nafarroan 16/2019 legeen bitartez gauzatzen ari da, eta ikusteko dago Memoria Demokratikoaren Lege-egitasmo berriaren bitartez ere antzeko zeozer egiterik dagoen. Legeotan jada justizia-estandarra jaitsi egin da: ez da erantzukizun indibidualik egongo, justizia penala albo batera utzita. Beraz, biktimen tratamendu parekidea, justua, errotik desagertzen da, izan ere bakarrik kalte konponketa eta egia, zatikakoa, ezarri ahalko baitira. Gainera, legeok, berez mugatuak izan arren, bai Nafarroan bai Euskadin, oztopoz beterik daude. Bidean zangotraba etengabekoa izan da jaio aurretik ere. Alegia, legeen kontrako errekurtsoak tartekatu dira eta tartekatuko dira, beraien eginkizuna gelditzeko; espedienteak osatzeko informazioa ez da heltzen, ezkutaturik jarraitzen duelako, ilunpetik atera nahi ez delako. Askotan, herritar askoren ikuspegitik gainera, arrazoibide funtsatuez, ez du ematen, aipatu legeak aplikatzeko orduan «Herri»-politika baizik eta alderdikeria nagusitzen denik; ez du ematen bitarteko nahiko jartzen direnik; ez du ematen horren berri zabala herri-plazan benetan jarri nahi denik; ez du ematen, beraz, erabat serio eta lehentasun gorenez kudeatzen direnik.
Oztopoak oztopo, eta, gutxi batzuen borondate ona gorabehera, legeen emaitza objektiboki oso urria izaten ari da: ez daude biktima guztiak, horien oso ehuneko txikia baizik. Hain berandu iritsi ondoren eta konfiantza nahiko sortu ez denez gero, biktima gehienak ez dira hurbiltzen. Biktimak bidean galdu ditugu, biktimak hil zaizkigulako; biktimek konfiantza galdu dutelako; biktimek legeen zentzua eta zertarakoa ulertzen ez dutelako; biktimek alderdien arteko ika-mikarako gaia izan nahi ez dutelako.
Hurbildutako biktimen kasuan kalte-konponketa xumea da eta egia oso zatikatua heltzen ari da, oso motel. Tantaka. Apurka. Mila zatien puzzle amaigabean, desitxuratua. Eta, gainera, egia horren inguruan egon beharko lukeen estaldura politikoa bigarren mailako sentitzen da, nori erantzukizuna eskatu behar zaion desagerturik. Hau da: biktimen kaltea azalarazten da, baina erantzukizuna, norena da ba? Ez badago egilerik, nori eskatu behar zaio erantzukizuna? Estatuari? Zeinek eskatzen dio Estatuari indarrez, koherentziaz, irmotasunez, maiztasun nahikoz erantzukizun hori? Nork eskatzen die Guardia Zibilari, Polizia Nazionalari, Fiskaltzari, Epaileei, Auzi-medikuei, isilik egon diren Egunkariei, intelektualei, gobernuei... haien erantzukizuna hartzeko? Nork exijitzen die aldiro, behin eta berriro barkamena eskatzeko, hildakoen, lesionatuen, torturatuen erantzukizun penalak argitzeko? Nork altxatzen du abotsa erakunde publikoek lehentasun ez-zilegiak ezarri ezin diren kasuetan, hierarkia injustuak eraikitzen dituztenean? Horren guztiaren faltan indarkeria politikoen arteko asimetria, amildegia, ez da desagertzen. Eta desagertu ezean sinesgarritasuna galtzen da.
Estatuko indarkeria politikoa serio hartzeak ez du botorik ematen. Estatuko indarkeria politikoa serio hartzeak ez du ematen realpolitik denik. Baina etengabeko diskurtso etiko-moral absolutuen izenean hainbeste aldiz entzuten dugunean ETAko biktimen kasuan, arrazoi osoz gainera kasu gehienetan, justizia ezin dela erlatibizatu, zergatik besteen kasuetan bai? Hildako guztiak ez al dira berdinak? Estatuko biktimen kasuan baimenduta dago Justizia indibidualari uko egitea? Baimenduta dago egia zatika eta astiro ematea, lausotzea? Baimenduta dago bitarteko urriekin aritzea? Baimenduta dago, laburbildurik, parekideak ez diren estandar ahulekin aritzea?
Gaur Euskadiko 12/2016ko legearen aurrean estatuko biktima bezala aitortua izan ahal izateko eskari-epea ixtekoa da. Biktima gehienak ez dira hor izango. Zergatik ez ba? Autokritika egin dezagun... eta ondorioak atera. Ezta?
«Beste» indarkeria politikoa eta Autokritika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu