Izaskun Landaida Larizgoitia.

Beste hauspokada bat berdintasunari

2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Oso garrantzitsua da 2015. urtea mundu osoko berdintasun-politiketarako. Izan ere, oraintxe dira 20 urte Pekingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma onartu zenetik, Nazio Batuek Emakumeari buruz egindako Laugarren Mundu Konferentzian (Pekin). Adierazpen hori mugarri bat izan da emakumeen eskubideen sustapenean, berari zor baitzaio araudi-esparru bat eta ibilbide-orri bat ekarri izana, berdintasuna lortzeko eta emakumeen eskubideak baliarazteko; horretaz gainera, mobilizazio sozial handia eragin du mundu osoan, zeinak zuzenean eragin baitu gobernuen agenda politikoetan.

Zalantzarik gabe, azken hogei urteetan gauza asko aldatu dira gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez; Zorionez gure baloreak eta sinesmenak berdintasunaren aldekoagoak dira. Hala ere, oraindik ere bide luzea egin beharra dago Pekingo agendaren konpromiso guztiak betetzeko. Bihartik aurrera, bi astez, Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen 59. saioa egingo da New Yorken; esparru aproposa, hortaz, Pekingo Adierazpena aplikatzean izandako aurrerabideei eta arrakalei buruz eztabaidatzeko. Emakundek gertutik jarraituko du topaketa hori.

Oso une garrantzitsuan egingo da Beijing+20, aukera egokia baita estatuek hartutako konpromisoei beste bultzada bat emateko. Berdintasunaren arloan azken 20 urteetan legedian eta araudian egin diren aldaketak eztabaidaezinak dira, eta unea iritsi da berdintasunerako eskubidea egia bihurtzearen premia galdatzeko. Hain zuzen ere, martxoaren 8ko kanpaina honetan Emakundek igortzen duen mezu nagusietako bat da. Izan ere, aurrerabide handiak lortu direla aitortzen du kanpaina horrek, eta gogorarazten digu gizarte honek berdintasunerako bidean aurrera egin badu, pertsona, erakunde eta mugimendu sozial ugarik egindako lanari esker izan dela; baina, aldi berean, ohartarazi ere egiten digu: ez dezagun atzera egin.

Atzera egiteko arriskuaz ohartarazteak ez du esan nahi gizartea atzera doala uste dugunik. Badakigu gizarteak, oro har, gero eta kontzientzia handiagoa duela sexismoaren aurka, diskriminazioa gero eta hobeto antzematen duela eta gero eta gehiago salatzen duela, eta aktiboagoa dela emakumeenganako indarkerian aurkako borrokan; hala da, baina, gure iritziz, beharrezkoa da gogoraraztea oso dela indartsua berdintasuna mehatxatzen duen inertzia, eta sinesmen eta balio jakin batzuk mende askotan izan ditugula barneratuta: emakumeak gutxietsi dituzten sinesmenak eta desberdintasuna eta diskriminazioa onartu duten balioak, hain justu ere.

Berdintasunerako lasterketa eskailera mekaniko batean doa: eskailera beherantz doa, eta berdintasunaren aldeko indarrak, berriz, gorantz, haize kontran. Eskailera horretan, geratuz gero, atzera egiten dugu. Beharrezkoa dugu, beraz, pausoak ematea, geratu gabe, eta elkarrekin. Inertzia batasunetik baino ez dugu garaituko; nork bere eragin-eremuan egin dezakeena eginez baino ez dugu gaindituko.

Ez zaigu iruditzen, beraz, une honetan gizartea atzerantz doanik, baina benetan uste dugu badirela zantzu batzuk, adi egotea beharrezko egiten dutenak. Alderdi asko izan behar ditugu kontuan: esate baterako, krisi ekonomikoak zer nolako eragina izan duen emakumeen egoeran; gazte askok zer pentsatzen duten bikotekidea kontrolatzeari buruz, askotan kontrola normaltzat jotzen baitute eta maitasunarekin nahasten baitute; abortuari buruzko legea erreformatzeko mugimenduak hor daude, ikaragarrizko ahaleginaz erdietsitako eskubideetan atzera egiteko saioak, azken batean; neskatilak gero eta sexualizatuago agertzen dira publizitatean eta komunikabideetan; berdintasunean irabazitakoaren kontrako erreakzioak gertatzen dira gizarteko sektore batzuetan; emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen da zenbait kasutan, edo hari buruzko tratamendu informatiboa ez da egokia, eta abar.

Berdintasunean, aurrerabideak urratsez urrats egiten dira, ahalegin handia eginez eta sinergien bitartez, indar guztiak batuz; ezin dugu bermatu, ordea, inoiz ere ez dela atzera egingo. Aurtengo martxoaren 8an horregatik diogu beharrezkoa dela atzerapausorik ez egitea, beharrezkoa dela adi egotea berdintasunean lortutakoa mehatxatzen duten indarren aurrean.

Horregatik, aurtengo martxoaren 8an, gu ere hemen gaude hauspoa ematen, eskailera mekanikoaren inertziak atzerantz eraman ez gaitzan, eta geure egiten ditugu Beijing+20ko helburuak: orain 20 urte hartutako konpromisoak azkarrago aplikatzea, kontzientziazio soziala eta eztabaida areagotzea gizartearen sektore guztietan, eta berdintasunaren aldeko politikak sendotzea, politika horiei zor baitiegu genero-ikuspegia gero eta gehiago sartuta egotea emakumeen eta gizonen bizitzetan eraginen bat duten eremu guztietan. Beste hauspokada bat eman behar diogu berdintasunari. Gaina hartu behar diogu inertziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.