Autogobernurako premiari eta gogoari buruzko kezka hortxe dago beti euskal kontzientzia kolektiboan, baina are biziago agertzen da orain, Gernikako Estatutua onartu zela 45 urte diren honetan.
Efemerideak bide ematen digu gogoeta egin dezagun urteotan izandako aurrerapenez eta hartutako desilusioaz. Lortutakoak ez luke askorik balio, ordea, iraganean kateatuta geratuko bagina, eta gai izango ez bagina oraingo argazki estatikotik harantzago begiratzeko, euskal gizarteak beti begiratu duen bezala. Harantzago begiratzeko, ordea, ezinbestekoa da gure aurreko guztien anbizioa gureganatzea. Hau da, zilegizko asmo zintzo honetan sakontzen segitzea: etorkizunean ere aurrera egitea euskal nazioaren eraikuntzan, Gernikako Estatutuan jasotakoa gainditurik. Gure iritziz, lantegi horretan jardun beharra dago, alde batera utzi gabe noski Pirinio atlantikoen inguruko herri honek hurrengo hamarkadetan izango dituen erronka handiei erantzuteko lana.
Horrenbestez, 45 urte dira bigarren instituzionalizazioa abian jarri zela Arabarentzat, Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat, 36ko Estatutuaren ondotik 40 urte pasatu eta gero diktaduran eta askatasunik gabe, «frankismoko gau luzea» esan izan zaion horretan. Berriz ere Nafarroa alde batera uzteak zapuztu egin zuen Eusko Kontseilu Nagusian piztutako esperantza (PSEko kide Ramon Rubial izan zuen buru, eta lau euskal lurraldeetako parlamentarioek osatu zuten). Esperantza hauxe zapuztu zuen, hain zuzen: estatutu bakar batean biltzea Hego Euskal Herriko lau lurraldeak, 1931ko Lizarrako Estatutuak hasitako bideari segika. Hori trabatzeko orduan, bi indar izan ziren funtsezkoak: Nafarroako eskuinak euskaltasunaren kontra duen grina obsesiboa eta sozialisten funanbulismo patologikoa. Orduko erabakiaren ondorioz, instituzionalizazio autonomiko doblea dugu gure herrian, naturaz kontra. Oraingo bidegurutze honetan, ordea, lurraldea nola egituratu ere aztertu behar da, auzi horrek nazio proiektuari buruzko gogoeta eta erabaki estrategikoen parte izan behar baitu, kontuan harturik nola estutu daitezkeen lotura politiko, sozial eta kulturalak Ipar Euskal Herriarekin eta orain duen erakunde egiturarekin.
«Trantsizio demokratikoa» deitutakoaren hasieran, gehienek pentsatu zuten Gernikako Estatutua lehen tresna juridiko-politikoa izango zela instituzionalizazioan aurrera egiteko eta autogobernuan sakontzeko. Nolanahi ere, gogora ekarri beharra dago sektore politiko batzuek ez zutela onartu, eta agerian utzi zituztela testuaren edukiaren gabeziak. Desadostasun horretan oinarrituta, estrategia kontrajarriak sortu, eta, azkenean, konfrontazio egoera batean mamitu ziren, tartean zirela indarkeria eta giza eskubideen askotariko urraketak. Hala eta guztiz ere, euskal gizartea gai izan da onartzeko Gernikako Estatutuak beste garai politiko baten hasiera ekarri ziola, bere aspirazio politikoa lantzeko prozesuan.
Berrogeita bost urte geroago, badugu aski adin nagusitasun politikoa kontuak ateratzeko, ea zein izan den estatutuari buruzko hitzarmenaren bilakabidea, ea baliagarria den orain tresna juridiko gisa, eta, ondorioz, ea balio duen EAEk eta/edo Nafarroak estatuarekin etorkizunean izan beharreko harreman politiko, juridiko eta instituzionalak atontzeko, begien bistan proiektu nazional bat izanik.
Orain arte, estatutuaren gaineko hitzarmena behin eta berriz urratu du alde batek, estatuak, eta behin eta berriz uko egin dio betetzeari. Hitzartutakoa gogoan hartzen badugu, nabarmena da desleialtasuna: konstituzioak zuzenbide estatutzat jotzen duen horretan, oraindik ere bete gabe daude lege organiko batean jasotako 29 transferentzia. Hori aski ez, eta 45 urte hauetan argiro ikusi dugu nola mehetu dituzten, hutsaren hurrengo bihurtzeraino, hasierako testuetan jasotako hainbat eskumen esklusibo edo foral. Estatuko parlamentuaren jardun legegilea erabili dute horretarako, oinarrizko legeriaren bitartez, bai eta Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen murriztaileak ere.
Bada garaia, beraz, etorkizunari hel diezaiogun orain arteko esperientzia zorrotz aztertuta, eta bat eginez oraingo euskal gizarteko gehienen eskaerekin. Hain zuzen ere, eskaera horiexek adierazi zituen Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren Proposamenak 2004ko abenduaren 30ean. Espainiako Kongresuak, ordea, arbuiatu eta indargabetu egin zituen, baina hortxe daude hogei urte geroago ere. Gogoan izan behar dugu Gasteizko legebiltzarrak onartua duela Ibarretxe plana deituriko proposamen hori —beraz, indarrean dago politikoki—, eta ezin baztertuzko erreferentzia da oraingo eztabaida politikoan.
Beraz, estatutua bete gabe egoteak sortutako mesfidantza gorabehera, uste dugu euskal gizartea jabetuta dagoela inperatibo kategoriko bat duela herri gisa, premia gorria duela protagonismoa hartu eta zuzenean definitzeko eta hitzartzeko nolako tresna juridikoa behar duten gure erakundeek eta herritarrek, euskal nazioaren proiektua lantzen segitzeko arlo instituzionalean, sozialean, kulturalean eta ekonomikoan, noiz-eta garai politiko honetan, pandemia global bat izan ondoren gure gizarteak astindu eta gure bizimoduari sakon eragin diona, eta erronka ikaragarriz beterik daukagularik etorkizuna: erronka digitala, energetikoa eta/edo demografikoa, besteak beste.
Gure ustez, berriz ere aukera dugu oinarri sendo bat emateko euskal gizarteari, modua izan dezan bere potentzialtasun eta nahi guztiak betetzeko, eta erreferentzia demokratikoa bihur dadin hala arlo politikoan nola sozialean. Oinarri sendo horrek gutxieneko osagai batzuk eduki behar ditu, eta, inoiz baino gehiago, premiazkoa da osagai horien arabera eratzea estatus berriak EAEk eta Nafarroak estatuarekin izan beharreko harreman politikoari dagokionez. Behar dugun jauzi politikoan, funtsezkoa da euskal nazioa onartzea estatu plurinazional bateko jokalekuan; funtsezkoa da, halaber, subjektu politikoak onartzea (EAE eta Nafarroa), bi aldeko harreman batean, halakoxe harremana baitagokio subiranotasun historikoaren erakusgarri den foraltasunari; eta funtsezkoa da, azkenik, eskumen esklusibo edo foraletan sakontzea, eta estatuak eskua sartzeko duen joera indargabetzeko bermea izatea. Estatus berri horiek, gainera, sendotasuna eta bide juridiko bat eman behar diote euskal gizartearen etorkizuneko borondate demokratikoari. Beraz, printzipio demokratiko hau defendatzen dugu: gure herriko gizon-emakumeek eskubidea dute erabakitzeko nolako harremana izan nahi duten estatuarekin.
Beraz, gure ustez, edukizko egitura hori bat dator herri honetako gehiengo instituzional eta sozialak adostutako esparruarekin, eta bide bat zabaltzen du euskal gizarteak aurre egin diezaien gaur egungo erronka handiei.
Atxikimenduak:
Miren Azkarate Villar, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia, Euskal Filologiako katedraduna eta euskaltzaina; Joseba Azkarraga Rodero, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohia eta Madrilen diputatu izana; Rafael Larreina Valderrama, Madrilen eta Eusko Legebiltzarrean diputatu izana; Esther Larrañaga Galdos, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolakuntzako eta Ingurumeneko sailburu ohia; Rafa Diez Usabiaga, Madrilen eta Gasteizen diputatu izana eta LABeko idazkari nagusi ohia; Urko Aiartza Azurtza, senatari ohia eta Monzon Laborategiko zuzendaria; Iñigo Iruin Sanz, senatari ohia eta abokatua.