EHKSko militanteak

Beste bost greba egun hezkuntza publikoan

Leire Makazaga eta Ainhoa Vidal
2025eko martxoaren 20a
10:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Beste bost greba-egunera deitu dute sindikatuek hezkuntza publikoan. Hauekin, 17 greba-egun izango dira urtea hasi zenetik. Lehen hamabiak sektoreka banatuta egin genituen (irakasleak, sukaldari eta garbitzaileak, eta haur-eskoletako langileak). Oraingoan, irakasleok, sukaldari eta garbitzaileak elkarrekin deitu gaituzte grebara, haur-eskoletako hitzarmena sinatu baitzuen LABek. 17 greba-egun, sindikatu nagusiek elkarrekin deituta; badirudi apustu serioa dela. Horixe da hezkuntzako langileok jasotzen dugun mezua: egun batetik bestera bi asteko epean jarri diguten deialdi berri honetan, dena emateko unea dela; hezkuntza publikoaren egoera dagoela jokoan.

Eta bai, ulertzen da urgentzia. Hezkuntza publikoan serio jartzeko beharra badago. Ezinegona agerikoa da: ikasleen beharrak ezin artatuta gabiltza, denengana iritsi ezinik; burokraziak kentzen digu gure saioak prestatzeko behar genukeen denbora eta indarra; pantailen inposizio zentzugabeak dakartzan arazoei aurre egiteko ezintasuna dugu. Etorkizunak itxura iluna du, eta ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko dugun ezintasuna geroz eta pisutsuago ari zaigu gertatzen.

Gainera, ezagutzen ditugu horren guztiaren erantzuleak: Hezkuntza Sailak gero eta modu argiagoan eta lotsarik gabe azaltzen dizkigu etengabeko inposizioen atzean dauden interes ekonomiko zein politikoak. Milioika euroko akordioak ixten ditu Microsoft bezalako enpresa erraldoiekin, hezkuntzaren kontura negozioa egitea ahalbidetuz. Irakasleoi esaten digute gure eginbeharra ez dela ikasleei ezagutza transmititzea, etorkizuneko lanpostu ezegonkor eta prekarioetara moldatzeko beharko dituzten gaitasunak lantzea baizik. Ikastetxe publikoak fusionatu eta zentro erraldoietan pilatzen dute ikasleria zaurgarriena, banakako arreta, komunitatearekiko lotura eta eskolaren kudeaketa zailduz. Lehentasunezko beharrentzat (profesionalen kontratazioa, behar bereziei erantzuteko baliabideak, azpiegituren mantenua...) dirurik ez dagoen bitartean, pantaila eta arbel digitaletan xahutzen dute dirua. Urtez urte, gure lan-baldintzei erasotzen diete, etengabeko higaduran.

Oldarraldiaren aurrean zerbait egin behar da. Esango genuke gehienok konpartitzen ditugula aipatutako kezkak eta haserrea, eta baita aurre egin behar den ideia ere. Baina kontua da, nola egin? Nondik hasi? Egoerak eskatzen du azterketa kritikoa egitea. Izan ere, hezkuntzaren azken urteetako joera eta aurrera begirako perspektiba kontuan hartuta, borrokarako aukerak zabaltzea ezinbesteko eginbeharra da datozen urteetara begira.

Hasteko: lehentasunezkoa da langileria aktibatzea. Zer ulertzen dugu dela aktibo egotea? Mobilizazioetara joatea? Lanuztea egite hutsa? Ondoen ordezkatuko gaituen sindikatua bozkatzea? Afiliatuta egotea? Baliteke batzuentzat hala izatea, politika gure aldarriak instituzioetan negoziatu dezaketenen esku uztea dela pentsatzen dutenentzat. Guretzat, ordea, politika ez da delegazioz bakarrik egiten, eta grebak borroka prozesu baten parte edo ondorio izan behar du. Horrela, greba baten bitartez langileok aktibatzea borroka prozesuaren parte aktibo bihurtzea litzateke; gure artean antolatzea gure interesak defendatzeko, eta horretarako mugitu behar dena mugiarazteko.

Alde batetik, ez da langileon aktibazioa greba-ziklo honekin lortzen ari dena. Alderantziz, langileok erabat desartikulatuta gauden honetan, sindikatuak dira gure atea jo eta beraiek prestatutako greba babestera dei egin digutenak. Ikastetxeetan deitzen dituzten asanbladak, eztabaidatzeko eta langileok antolatzeko baino, jada diseinatuta dagoen greba eta aldarriak azaldu eta zalantzak argitzeko izaten dira. Langileok, modu indibidualean, greba egingo dugun ala ez erabakitzen dugu. Irakasleon kasuan, ia-ia gure kontzientzia lasaitzeko modu bat da.

Izan ere, sindikatuek eta hezkuntza publikoan jardun sindikala antolatzeko formak egiturazko mugak dituzte langileak antolatzeko: militantzia aktibo oso murritza dute ikastetxeetan; ordezkari sindikal hautaturik ere ez dago. Gainera, sindikatuen artean dagoen lehiakortasuna dela eta, baterajotze bat egiteko beraien artean erabaki behar dituzte aldarriak, eta ez, beraz, langileokin batera. Horrek areagotu egiten du grebak goitik burokratikoki adostu eta langileok pasiboki jarraitzeko joera. Ondorio gisa, ezin espero grebatik harago joango den langileon benetako aktibazio bat greba-ziklo honekin, ez baitago langileok antolatzeko espaziorik. Horregatik guztiagatik, greba mota honek langileok borrokarako dugun tresna garrantzitsuenetako bat desitxuratzen duelakoan gaude.

Bestalde, mahai gainean jarri diren aldarrikapenak ez zaizkigu egokienak iruditzen. Izan ere, ez dugu uste hezkuntzako langileon interes eta kezken arabera ezarri direnik. Itxura hartzen diogu aldarrikapenok negoziazio-mahaiaren tenperaturaren arabera ezarri direla, mahai horretara eraman daitekeenaren markoaren barruan. Hala ere, sindikatuengandik datorren edozein proposamen babestu behar dela ematen du, eta modu indibidualean egin dezagun eskatzen zaigu, gainera. Horrela, langileon artean batasuna beharrean zatiketak eragiten dira. Hezkuntzan gertatzen ari den guztiaren aurrean, gutako gehienontzat, gure lan-baldintzez gain, belaunaldi berrien hezkuntzaren kalitatea da kezka-iturri nagusia. Eta gizartera hedatu nahi dugun mezua ere bide horretatik doa: hezkuntza publikoa gain behera doala, ez gure lan-baldintzak bakarrik.

Hasieran esan dugun bezala, badirudi sindikatuek hordagoa botatzeko unea dela baloratu dutela. Ikusiko da nola joaten diren kontuak. Edozein kasutan, ezin dugu ahaztu determinantea dirudien greba-ziklo honetan, kasurik onenean, gure lan-hitzarmena berritu eta lan-baldintzak hobetzea lortuko dugula. Alegia: ikusezin egin nahiko bagenie ere, hezkuntzako egiturazko arazo gehienek bere horretan jarraituko dute. Ogi-apurrengatik ari gara borrokan, eta beldur gara ez ote garen horiekin konformatuko.

Kezka handiz bizi dugu hankaz gora dagoen gizarte honetan dagoen despolitizazioa, desmobilizazioa eta pasibotasuna. Kezka handiz bizi dugu belaunaldi berriek aurrean duten panorama iluna, bai lan- eta bizi-baldintzei dagokienez, baita borrokarako baldintzei dagokienez ere. Eta kezka horri lotuta ulertzen dugu hezkuntzarekiko ardura. Belaunaldi berrien hezkuntzaren kalitatea etengabeko gainbeheran egotea ez da txantxetarako kontua. Adarretatik heldu beharreko arazoa da, eta geuri dagokigu hori egitea. Eta zeregin horri antolatzeko kultura eta borrokatzeko kulturaren transmisioa edo katea ez etetea gehitzen zaio.

Horregatik guztiagatik uste dugu beharrezkoa dela kritika hau egitea. Hezkuntzako langileok ez genuke ortzi-muga hobe baten aukera horren erraz baztertu behar. Ez genituzke gure aldarrikapenak negoziazio-mahaietan posible diren puntuetara bakarrik mugatu behar. Eztabaidarako eta parte-hartze politikorako espazioak sortu behar genituzke, ikasleekin batera ditugun interesak identifikatu eta horien alde kolektiboki borrokatzeko. Oraingo grebarako agian ez dago astirik, baina hurrengoetarako deia: borroka antolatu egin behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.