Aste hauetan klimaren inguruko goi-bilera (COP25) egiten ari dira Madrilen. COP hau Txilen egin beharrekoa zen, baina Txileko herria kalera atera da, bere eskubide demokratikoak defendatzera eta diktaduratik heredaturiko konstituzioa aldatu behar dela aldarrikatuz. Espainiako Gobernuak COP hau Madrilen jasotzea eskaini zuen eta aukera izan dutenek, billeteak aldatu, diru gehiago gastatu eta Madrilera bertaratu dira, besteak beste, Txilera gerturatu behar ziren indigenak, GKEak, aktibistak, eta noski, gobernuak, baina baita enpresak, lobbyak eta klima aldaketa ukatzen dutenak ere, Madrileko Ifema aretoan daude orain.
Ukatzaileek beraien aukera aprobetxatu dute klima krisia eta hauen ondorioak ezeztatzeko, baina ez hori bakarrik, Trump, Bolsonaro eta Abascalen lagunek bide batez poluzioa, genero ezberdintasunak, arrazakeria eta ezberdintasun sozialak existitzen ez direla esateko erabili dute goi-bilera (negoziazioak oztopatzen dituzten bitartean).
Aste honetan, aukera izan dut COP25ean sartzeko, eta ikusi dudana deigarria iruditu zait; kontatzeko grina kontrolatu ezin dezakedanez, hemen doa deskribapen txiki bat:
Ifemara gerturatzean ikusiko duzun lehenengo gauza freskagarri ezagun baten publizitatea da, zeinak hau ez edatea gomendatzen duen, botila birziklatu behar ez baduzu. Aurrerago, enpresa energetiko ugariren kartel erraldoiek pasealekuari eskolta egiten diote hainbat metrotan zehar. Bide hori bukaeraraino jarraituz gero, bi aukera izango dituzu: gune berdea (ezkerretara) edo gune urdina (eskuinetara).
Gune urdinean (ozeanoen omenez) turismo feria ematen duen erakusmahaiz beteriko espazio erraldoi batean gauza «serioak» gertatzen ari dira: bertan, aldeen arteko negoziazioak ematen dira, eta pribilegiodun gutxiengo batek, tramite burokratiko ikaragarriak gainditzea lortu duenak, ekitaldiak eta solasaldiak antolatzeko edo entzule bezala hauetara gerturatzeko aukera du bitartean. Ekitaldi hauetan «ahulenak» direnei buruz hitz egiten da: emakumezkoak, indigenak, haurrak... Klima aldaketak hauetan duen eragina latzagoa dela argi adierazten da. Esate baterako, klima aldaketak eragindako bost heriotzatatik lau haurrenak dira; lehorteen eta uholdeen ondorioz migrazioak areagotu dira Afrikako zenbait lurralde pobretan eta bidean zehar emakumeek bortxaketen biktima izateko arrisku handiagoa dute; neskatoen kasuan, adin txikikoak direnean ezkontzera behartzen dituzte, baliabide gutxi daudenean gurasoek ezin dituztelako elikatu etab. Adibide hauek guztiak direla eta neurri urgenteak hartzea ezinbestekoa dela entzuten da solasaldi guztietan. Herri indigenak, emakumeak, haurrak, neskatoak salbatu behar ditugula errepikatzen da etengabe. Hizlariak, noski, gizon zuri aberats eta enpresariak dira.
Goazen gune berdera (baso eta oihanen omenez). Gune berdean sartzea errazagoa da, ministerioko webgune batean erregistratzearekin nahikoa izango duzu (beharrik ez, gune urdinera sartzeko txartela lortu baduzu). Sartu eta hainbat enpresa energetikoren erakusmahai handiak ikusiko dituzu, hauen artean estatuko poluzio kopuru handienetarikoak isurtzen dituztenak ere, espazio horren babesleak baitira. «Gizarte zibila» deitzen den esparrua nahiko hippya da (hori baita gizarte zibila definitzen duen ezaugarria, ezta?), puf ugari ditu esertzeko eta solasaldiak entzuteko, baina mikrofonorik ez. Enpresen guneetan gertatzen diren ekitaldiak gizarte zibileko gunean argitasun osoz entzuten dira bozgorailuei esker, GKEek eta aktibisten taldeek elkarri entzun ahal izateko oihukatzen duten bitartean. Mexikoko emakume indigena batek Kanadako beste bati esaten dio hau ez dela aktibismo kontua, biziraupen arazoa baizik. Besteak, «CEO» titulua duen eta bozgorailuetatik ateratzen den ahotsaren gainetik, berarentzat kolonizatzaileen lurraldera bidaiatzea zein zaila izan den adierazten dio. Hortik gertu, beste puf batean eserita, 15 urteko neska batek ozen esaten du berak lobbyrik ez duela egin nahi, bere ahots propioa duela eta mahaian eseri nahi duela negoziazioetan.
Bai, COP25ean emakumezko gehiago dago COP1ean zeudenak baino. Bai, Nazio Batuetan, Txileko eta Estatuko gobernuan orain duela 25 urte baino emakume gehiago dago. Bai, Greta Thunbergek haurren eta gazteen ahotsa COPera eramateko aukera du eta hau pentsaezina zen orain duela hamar urte. Bai, gizarte zibilak parte hartzeko aukera (txikia) izan du. Herri indigenen ahotsak entzun dira, bai. Baina Ifemako metro geltokira sartzen naizenean egun luze baten bukaeran, ezkortasuna ezin dut ekidin. Goi-bilera hau enpresek aurpegi garbiketa egiteko, ukatzaileeknazioarteko bozgorailu bat izateko eta gobernuek promesa hutsak egiteko aprobetxatu dutela sentitzen dut. Azken finean, hor barnean oraingoz gutxi batzuek bakarrik ulertu dute Ifematik kanpo, bilera sozialean, argi dagoena: ez dugula klima aldatu behar, sistema baizik.
Beste ahotsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu