Besarkatu eta bide eman

2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Apirilaren bukaeran, Tafallan elkartu genituen bertako, Caparrosoko eta Lodosako zenbait familia. Beraiekin batera, Nafarroako hezkuntza komunitateko, politikagintzako eta euskalgintzako eragile eta norbanako aunitz. Euskara besarkatu genuen, eta sare publikoan D ereduari ongietorria eman genion, beraien seme-alabentzat etorkizun euskaldun eleaniztuna aukeratu duten familia horiei babesa erakutsiz.

Besarkadaren biharamunean, UPNko buruzagi baten mehatxua jaso genuen prentsaren bidez: UPNk iragarri zuen Nafarroako Gobernua eskuratuz gero D eredua ezabatzeko asmoa duela. Espero dugu inoiz holakorik ez gertatzea, eta jakin ezazue horretarako lanean jarraituko dugula. Dena dela, egoera horri aurre egitera behartzen bagaituzte, argi esango diegu: gure eskubidea da, Nafarroa osoko gurasoen eta hezkuntza komunitatearen eskubidea da, D eredua gure hautua da; eta gainera, oraindik ez bazarete jabetu, jakin ezazue D eredua Nafarroak duen hezkuntza-eredu osatuena dela. Hor dago koxka! Inposizioaren eta bazterketaren garai ilunetatik gatoz. Orain, herri-gogoak eta borondate politikoak, zenbaitetan, bat egiten dute. Kasu horietan, euskararen kontrako indar politikoei zauria irekitzen zaie, eta minek sortutako karrankek egunkari baten azalaren bozgorailua lortzen dute. Egun hauetan, Espainiako Epaitegietatik iritsi da min horiek lasaitzeko ukendua: Euskarazko telebista baten uhinak soilik Nafarroako lurretan debekatuz, eta Iruñeko Udalaren bizikletaren gurpilean makila zahar eta usteldu bat sartuz.

Garai horiek atzean utzi genituen, nahita eta pozez. D ereduaren eta euskararen gainean etengabe egoten ziren hodei beltzak desegin, eta eguzkiaren indarra sentitzen hasiak ginen. Ilusioari eta itxaropenari bidea ematen, euskararentzat Nafarroa osoan etorkizun duin bat marrazten, euskaldunduko duen eskola baten bila, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko duen hezkuntza eredua amesten hasiak ginen. Argi dugu ez dela izango bi eguneko bidea, eta argi dugu zenbait bihurgune, bidegurutze, abiadura muga, aldapa, amildegi eta bidezidor aurkituko ditugula ere. Baina, modu berean, egun hauetan, azken urteetako amesgaiztoak etorri zaizkigu arrapaladan. Elebakartasun atzerakoiaren mamua erasoka dabil. Adi!

Horregatik, ekainaren 4an, baita lehenago eta ondoren ere, bidea egitearen garrantziaz arituko gara, eta bide horrek behar dituen urratsak, zutoinak eta harriak mintzagai izango ditugu. Egunero eman nahi diogu bidea euskarari, ikastetxeetan ere, zonifikazioen gainetik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen. Bide horretan, maiatzaren 14an Iruñerriko D eguna ospatuko dugu Gotorlekuan, eta maiatzaren 22an, Eskolharria, biharko Herria jaialdi nazionala Hernanin. Eskubideak parlamentuetan soilik ziurtatzen ez direlako. Horregatik ere besarkatu genituen Nafarroako zonalde diskriminatuan D eredua eskola publikoetara zabaltzea lortu duten familiak, beraiek ekarri dizkiotelako euskarari bide berriak. Familia horiek eredugarri dira, beraiek erakutsi digute aurretik beste askok egindako lanari jarraituz jorratu beharreko bidea. Beraz, adi, eta bidea eman euskarari, izan adibide, eta bide eman diezaiogun gure eskubideari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.