'Bertsolari', kulturaren subjektu estetikoa

2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Sozialitate berriranzko eremu erlazionalean koka liteke egungo bertsolaritza. Gaur, eremu hori, gurutze-bide edo puntu nodal gisara artikulatzen ari den kulturaren zelai jokoa baita, harreman berriak eta harreman mota berrietan gauzatzen den jolas kultural sakonagoaren esparrua. Hortaz, gizarte praktikak azaleratzen duen ahozko ondare balioetsia biltzen da hor, elkarreraginaren armiarma sareak eguneratu eta biziberrituz diharduen ahozko ondarea, ezbairik gabe. Gertatze horrek, ahozko komunikazio prozesu kulturalaren transmisio ubide bat berrasmatu egiten du, eta bide batez, taldetasun batek duen jokamoldean indartu, jarraidura ubide hori belaunaldien arteko truketik elikatzera datorrenez. Bertsolariak berak, jolas gisara darabilen hitzaren adierazpena, taldetasunaren jardun praktikaren motibazio sakonena erakusten duen hitz berbera da. Hitz horrexek erakutsiko baitu zein taldetasun errepresentazionalaren araberakoa sortutakoa den; zein jolas sakonaren motibazio kulturalak lehertu edo pitzarazi duen.

Bertsolariak honela dio: «Ahots bat besterik ez naiz» eta amaieran «ta mendeetan barrena isiltasunak ta hitzak / ahoz aho egiten du geroa bertsolaritzak». Hortaz, nor da egiazki bertsolaria kulturaren irudi gisara? Zein da bere esangura-tasuna? Zein funtzio eransten dio jendetasun baten bizipen sozialari, haren ahotsari darion diskurtsibitate, ikonizazioa eta duen izaera erlazionalak sor lezakeen emozio bizipena trinkotzeko hainbeste?

Bertsolari filmean aurkezturiko bertsolariaren irudia zentzu harreman bat birsortzen ari den irudi kulturalaren ikuspegia azaltzen duelakoan nago. Bertsolariaren arrazoi poetikoa, arrazoi sortzaile bilakatua, errealitate diskurtsiboa berrasmatuz diharduen ahots poetizatua. Hori liteke bertsolariaren ezaugarritasun berezkoena: ahalezko mundu posibleak birsortzeko eta bizi izateko gaitasuna, unibertso poetiko-narratiboa bertatik eraikiz. Lurralde poetikoaren eraikuntza sustatu, eta giza jokamolde sortzailearen zelaia zabaldu egungo kulturan.

Gaur bertsolaria, transmisio bidez iraunaraziak izan diren munduen adierazgarri soildua dateke, igarotako denbora baten kate-begi maila bat. Horregatik, kultura sortzeko hainbesteko eragin lezakeen ahotsa da bertsolariarena, errealitate diskurtsiboadenboratasunean berrelikatuz.

Arrazoi estetikoaren jomuga «gertaera» baldin bada, bertsolaria ez da «gertatzen» dena baino. Bertsolariaren ahozko jolasa irudi kulturalean azaleratzen baita. Zeren sortzen duen oihartzuna, iragan batetako harremanezko balioak lorratzen duen erro batetik elikatzen baititu. Eta baliagarritasun horretatik etorkizunerantz proiektatzen diharduen ahotsa zabaldu. Gertatze hori da, beraz, bertsolariaren izaera performatiboa (zeinak sortu eta azaldu biak batera egiten diharduen) azaleratua, idiosinkrasia sakonagoaren isla, auto-kontzientea bilakatu den adierazpen diskurtsiboa, adierazpen ikonikoa, eta adierazpen erlazionala. Iraunbizi izan duen «egote» modu baten uhin komunikatiboaren ahotsa.

Zeinek orduan, bertsolaririk ez bada, adieraz ote dezake hautazko mundu posibleen sorrera, arrazoi sortzailea bidelagun?Ez bada, pertsonaren zati berrautsien sormen metaforikoa berezkotasun jarreraz bizitzeko ausardiazko jarreratik. Ez bada, mendeetan biziraundako hizkuntza batek lezakeen berezkotasunean, adibidez; ez bada, esanguratzen diharduen taldetasun baten jarreran, edo hari darion pertenentzia molde baten sentipenean, adibidez. Akaso, begiradaren gurutzaketa besterik ez zukeen izango, munduan jartzeko modu bati ohartarazpena egin. Zeren bertsolariarenzumezko jantziak mintzairak janzten ditu, bertsolariaren ahotsa, mintzaira berbera denez. Eta mintzaira bat betiere, bizimodu bati lotu zatzaizkio. Mintzaira bat delakoz giza bizieraren islapen behinena.

Bertsolari filmak bertsolariaren trantze sortzailea azaltzen duenean, bertsolaria bere baitara murgiltzen da. Gertaera estetikoaren edertasunak jota, pertsonaren barne irekidurantz egindako barne-bidaia, unibertso mundu posibleen arteko baten hautua egiten du, bertan murgiltzeko. Aldiro bakar batean, besterik ez. Berezkoenari darion sormen sortzailean murgil, eta izaera irekidura bati bide eman, pausoz pauso, ethos kulturala eta banakoaren gertaera sortzaileak bat egingo duten lurrean. Sormen jarrera hori orduan, garabide pertsonalaren ariketa bihurtzen duen gertaera da, bizitutakoarekin inplikatzea ahalbidetzen duen jarrera estetikoa. Subjektu kultural eraberritua ahalbidetuko duen gertaera, bere baitatik sortua eta bere baitara eraberritua.

Jolas erretoriko sakonaren lurralde diskurtsibo horretan txertatzen da bertsolariaren ahotsa. Begirada subjetibizatzen duen lurra, urradurabatetako keinu. Lur horretara bakarrik sor bailiteke edertasunaren soiltasuna. Ahots bat. Gorputz bat. Doinu bat. Sarkor iristen den emozio hunkidura. Eta, darion dinamika sortzaileari, gorputz soziala egin den taldetasunean, ehuntzen ari den lur bat. Sortzen ari denean, bertsolariak, pausoz pauso egiten du amildegiaren ertza, lasai, zuhur, ziur bere baitan, mugatik gertu, transitatzen duen bidea da, entzuleria bestaldeko orman, irmoturik begira ari zaiola. Zeren jendetasunak euskarritzen duen konfiantza bene-benetakoa da. Eta magiak beste behin eragingo du. Bertsolaria ez da amildegira eroriko.

Bertsolari filmean ikusi dugun hondartzako eszena da bertsolariaren atzekoz aurrerako teknika ondoen erakusten duena, Oteizak deskribatu bezala, ez baita besterik «egindako bidea desegin, iraganeko gertaeretan, haren errealitatea etaideiekin ilunduz joan zirenekoen bidea». Bertsolariaren irudia da komunitate aurrera berpiztua eta itsasoari bizkar emanda desagertuz doana, haren barne munduaren sakontasun ozeanikorantz. Eta itsas sakontasunean murgil adiera artistikoa eta kultural eraberritua zukeen subjektu estetikoa birsortu. Jende taldearentzat ezberdin, baina funtzio berdintsua betetzeko jaiotako subjektu. Subjektu diskurtsiboa, ikonikoa, erlazionala, ezberdindua, kultura-senaren garraiolaria. Pentsamendu subjektu etikoa. Eta berdin lur bat. Zeinetan egia anitzak soslai berdineko denbora batean batu litezkeen. Begiraden gurutze-bide bat. Hitz berrien subjektu eta hitzen arteko erlazio berrien subjektu. Jokamolde biziaraziak eta harreman hobetuak besterik ez diren hitzetan proiektatzen ari den subjektu kulturala.

Bertsolariak kulturari egindako ekarpena dateke honako hau, bere funtzioa, subjektu kulturalaren identitatea, genero identitatea eta duen esangura-tasuna kulturan, bere baitatik eraikiz, bere baitara sortua, besteengan birsortzeko. Kulturaren subjektu estetikoa. Bertsolari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.