Pozarren hartu nuen albistea otsail hondarrean: Jaurlaritzak Mikel Zabalza estatu indarkeriaren biktimatzat aitortzen zuela, eta ukatzen zuela bertsio ofiziala. Estatuko segurtasun indar ezberdinek Euskal Herrian burutu dituzten hilketa, tiroketa, segada eta krimen gehienak oraindik itzalean daude, argitu gabe; desagertu ziren batzuk ere hor daude oraindik, desagertuta, senitartekoen saminerako, demokraziaren jantzia ezarri nahi dioten sistema politiko honen joskerak gero eta gehiago urratuz.
Adin bat dugunok oroitzen dugu lehen egunkarietan usu irakurtzen zen esaldi hura: «Bertsio ofiziala kolokan jarri du lekuko honek», edo «Lehendakariak bertsio ofiziala kuestionatu du». Izan ere, lehendakariek, gotzainek, diputatuek maiz agertzen zuten zalantza bertsio ofizialen aurrean, ikerketak agintzen zituzten «dena argitu arte», baina egun gutxira ahaztuak geratzen ziren asmo on guztiak.
Jendearengan ere bazen bertsio ofizialak ez sinesteko joera tinkoa, kontakizun polizial haiek egia estaltzen zuten gezur sortak zireneko usteak bultzatuta. Sarraskietan hildakoen abokatuak saiatzen ziren epaitegietan ikerketa bideak zabaltzen, baina gehienetan, beti ez esatearren, epaileak instrukzioa itxi egiten zuen denbora laburrean, polizia ikertzeko biderik ireki gabe. Karpetazoa ematea deitzen zitzaion. Gaur egun Euskal Herriaren historia bertsio ofizialekin idatzia dago. Eta bertsio ofiziala bertsio poliziala izaten zen.
ETAko militanteekin zerikusia duen edozein gertaera lazgarri aztertzen hasten bazara, bertsio ofiziala baino ez da agertzen interneteko dokumentazio erraldoiaren erdian. Bertsio ofizialen txatalez josita geratu da gure historia garaikidearen zati handi bat. Ilunpean, alegia, itzalean, Calvinok definitu zuen anti-lingua-ren prosa astun eta koipetsuan idatzirik; jerga kuartelero batean.
Oso kasu gutxi argitu ziren. Tiroketa edo segada baten aurrean, tiroketa eta segada hori prestatu eta burutu zutenen hitza soilik geratu zaigu. Ez dugu beste esplikaziorik, ez dugu kontakizun alternatiborik, egia konta zezaketenak gehienetan hil egin zituztelako; edo hilik agertzen ziren, jakin gabe zehatz-mehatz nola izan zen. Horiek argitzen saiatu da hainbat pertsona eta elkarte, Iñaki Egaña esaterako, Karlos Almorza, Francisco Etxeberria, Martxoak 3 elkartea, Egiari Zor edo Euskal Memoria fundazioak eta beste hainbat, ezinbesteko lana egiten ari direnak. Baina asko dago oraindik egiteko.
Izan ere, euskal gizartea, orokorrean bertsio ofizialak sinesten ez zituen hura, orain bertsio haiek errepikatzera kondenatua dago, ordezko narratiba baten faltan. Gure jakin-mina eta egia ezagutzeko eskubidea ukatzen duen egoera batean gaude, eta hori oso tristea da. Garbi geneukan bertsio ofiziala gezurra zela, egia estaltzeko mozorro bat, gertaera anker eta ilegal baten benetako kontakizuna ezagutu ez genezan egina, eta gure irudimenarekin osatu behar genuela datu faltsuen azpian lurperatutako istorioa, egiantza emateko, inoiz ez egia osoa.
Gauzak aldatu egin dira urte hauetan, eta gai honi dagokionez ez onerako. Kontzientzia nazionala asko apaldu da, eta, batez ere, kontzientzia horren funtsa, ETAren existentzia bezala, esplikatzen zuen testuingurua desagerrarazi du politikaren haizeteak: herri menderatu bat garen ideia. Aitortzen bada menderatuta gaudela, horrek dakar menderatzaileak daudela, menderakuntzaren zioa herri hau suntsitzea dela probintzia soil bilakatu arte, eta menderakuntza horri erresistentzia jartzen dioten era askotako taldeak egon daitezkeela, haietan ezagunena ibilbide armatua hartu zutenena.
Egitate eta koordenada historiko horiek gabe, borroka armatua gupidarik gabeko hiltzaile talde huts batera murrizten da, ezer merezi ez duena, ezta euren legeek itxuraz finkatzen duten gutxieneko tratu demokratiko bat ere. Eror bitez haien gainera munduko kondena guztiak! ETAren izenak berak zikindu bezala egiten ditu elkarbizitzarako asmo guztiak, zintzoenak edo maltzurrenak, eta, jada, ETAko militanteak erori ziren gertaerak ikertzea bera susmagarri bihurtzeko bidean dago, inplizituki haiekiko konplizitatea balekar bezala.
Baina nahi eta nahi ez ETAko militanteen heriotz lazgarriak gure historiaren zati dira, eta atal hori betirako ilunpean geratzeko arriskuan dago. Hargatik du garrantzia, baita ere, Xabier Susperregik idatzi duen Miguel María Iturbide-Crimen sin castigo liburuak, non beste kasuen artean kontatzen den Guardia Zibilak 1967an Zugarramurdin hil zuen artzainaren historia. ETAkoa zela esan zuten, eta pistola bat jarri zioten eskuin eskuan. Dena gezurra: Migel Mari ezkerra zen. Herrian ez omen zuten inoiz bertsio ofiziala sinetsi. Lan asko dago egiteko oraindik. Udaletxeek ikerketak bultzatu behar dituzte, liburuak, filmak eta nahi dena, bestela, urte gutxiren buruan betirako galduko da gure historiaren pasarte horiek argitzeko aukera; gure historia Espainiako Barne ministroek idatzia geratuko da.
Etsigarria ere bada hildakoen senideekin hitz egin, eta Barrionuevoren edo Corcueraren bertsioak entzutea haien ahotik; ez daukate besterik. Hil zuten militante baten amak zioen bezala: «Guri ez digu inork barkamenik eskatu, ez dut nahi gainera haien barkamenik (...) Esaten dute gureak zabiltzala gaizki egiten... Plazan egoten ginenean zioten 'gu demokratak, zuek terroristak'. Ene! Han aurrealdean zeuden euren aitak fusilatu zizkietenak, urteetan kartzelan egondakoak, nondik nora zebiltzan ez zekitela, oraindik non enterraturik dauden ez dakitenak. Eta orain, haiek egiten lagundu zietenekin bat eginda ikustea ere!».
Gutaz ez al dute hori bera esango etorkizunean, gure historiako hilketa hauen bertsio ofizialak bere horretan uzten baditugu?
Ezin dut ahaztu, Irunberriko Arroilan 1990an gertatutakoaren harira Corcuerak, garaiko Barne ministroak, Kongresuan esandakoa: «Nahiko nuke hau ez izatea Zabalza kasuaren antzekoa. Ze gauza esan ziren orduan, eta zenbatek esan zituzten! (...) Eskatzen dudan bakarra zuhurtasuna da, zuhurtasun asko, Zabalza kasuarekin entzun genituenak berriro errepika ez daitezen». Nahikoa esan zuen.
Bertsio ofizialak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu