Berrogei urte gabezia demokratikoaz

2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Franko diktadorea hil ondoren —1975eko azaroan gaude—, haren erregimena erreformatzeko lana abiatu da: ezinbestekoa da gauza asko aldatzea, funtsezkoa bere horretan mantendu dadin. Maila eta egoera guztietako frankistek mustatxa faxista moztu eta demokrazia hitza letreiatzen ikasten dute. 1977ko ekainean, 40 urtetan izaniko lehendabiziko hauteskundeak egin, eta haiek diseinatu eta antolatu dituztenek, hots, UCDk, irabazi dituzte.

Horien ondotik, Katalunian, Euskadin, Galizian, Aragoin, Kanarietan, Andaluzian, Valentzian... autonomia aurreko gobernuak sortu ziren. Toki bakoitzean berriki izandako emaitza elektoralen araberako behin-behineko organoak ziren. Alabaina, Nafarroa salbuespena izan zen. Amadeo Marco frankistaren diputazioak boterea lematzen jarraitu zuen urte erabakigarri haietan (1977-1979), Nafarroaren trantsizioa modu antidemokratikoan baldintzatuz. Bitartean, 1978ko abenduan, Konstituzioa onetsi zen, eta bertan, besteak beste, eskumen autonomikoen mugak finkatu ziren.

Ondoren, 1979ko apirilean, Foru Parlamenturako lehendabiziko hauteskundeak egin ziren. Diputazio frankista beste diputazio batek ordeztu zuen, Jaime Ignacio del Burgo buru zuela eta ondokoek osatua: UCDko lau diputatu, PSEko diputatu bat (gaurko PSN, PSE zen, hots, Euskadiko PS), HBko bat eta beste bat herri kandidatura bateratu batzuk ordezkatzen zituena. Testuinguru horretan hasi zen Foru Hobekuntzari buruzko Legearen negoziazioa.

Mahaiko alde batean UCDko gobernu zentralaren ordezkaritza zegoen, Martin Villa buru zuela. Beste aldean, zazpi partaide: hiru UCDkoak, beste hiru PSEkoak eta UPNko bat. HBk, EAJk, herri kandidaturek eta Alderdi Karlistak lortu zuten ordezkaritza parlamentarioa (hautesle kopuruaren heren bat ia-ia) erabat bazterturik gelditu zen negoziazioan. Halaz ere, gabezia demokratikorik handiena izan zen Nafarroa zela Estatuko lurralde historiko bakarra (besteak Katalunia, Euskadi, Andaluzia eta Galizia ziren) non bere estatutua ez zen erreferendumaren bitartez onetsi.

Negoziazioaren ondoren, 1982ko martxoan, Hobekuntzari buruzko Legea onetsi zuen Foru Parlamentuak (UCD, PSE, UPN eta Alderdi Karlistaren aldeko botoez). Urte hartako abuztuan sartu zen indarrean, Madrilen Kongresuak eta Senatuak onetsi ondoren. Orduz geroztik, testua ez da funtsean aldatu. Erreforma bakarrak, 2001ean eta 2010ean, bigarren mailakoak izan dira, ez baitute eraginik izan ez eskumenetan, ez eta estatus instituzionalean ere.

Bitartean, azken hamar urteotan bakarrik, Nafarroako Parlamentuak onetsitako hamazazpi lege errekurritu ditu gobernu zentralak. Ia beti baliogabetu egin dituzte; gehienak, Auzitegi Konstituzionalak, osorik edo partez. Gure Parlamentuak, gure herriak dituen behar eta eskaerei erantzuteko legislatu beharrean, Madrili begiratzen dio, bere burua autozentsuratzen, bere legeak etenak edo baliogabetuak izango diren beldur.

Gaurko Nafarroa ez da 1982koa,oso bestelakoa da. Populaziotik hasita: orduan 365.000 biztanle, orain 483.000. Baiezta dezakegu gaur botoa emateko eskubidea duten herritarren hiru laurdenek ez zutela inola ere Hobekuntza onesteko prozesuan parte hartu, orduan adina ez zutelako, beranduago jaio zirelako edo beste lurralde batzuetatik gurekin bizitza konpartitzera iritsi direlako.

Baina, gainera, 2021eko Nafarroaez da ordukoaren berdina. Ekonomia aldatu da: lehen sektorea, industria eta zerbitzuen sektoreak, kapital atzerritarraren sarrera, Europako Batasunean egotea, monetabakarra... Soziologikoki ere oso bestelakoa da: biztanleriaren zahartzea, jasotako immigrazioa (populazioaren %10), lan prekaritatea... Gauza bera eremu ideologikoan, izan ere, sinesmenak, feminismoa, kontzientzia ekologikoa, kultura, euskara... asko aldatu baitira urte hauetan guztietan.

Laburbildurik, sortuzko gabezia demokratiko garrantzikoari gehitu behar dizkiogu bestelako jendartea eta aurre egin beharreko erronka berriak.Ez al da tenorea bizi dugun denborari egokitutako eskumen eta instituzio erregimena emateko geure buruari? Legeak, estatutuak eta konstituzioak ez dira jainkoaren eskuak idatzitako bibliak edo koranak, betiereko eta ukiezinak, pertsonek eta pertsonentzat eginak baizik, eta ez alderantziz.

Aurreko egunetan Nafarroako Parlamentuak aldeko botoa eman dio Hobekuntzaren eguneratzea ikertuko duen ponentzia bat sortzeari. Horrekin batera, jardunaldi batzuk eginen dira mundu akademiko eta unibertsitarioko adituekin. Bistan da modu positiboan hartu behar dugula, gure instituzio erregimena bizi dugun errealitateari gaurkotzeko beharra aitortzea baitakar. Baina, hori esanik ere, beharrezkoa da nabarmentzea ebazpen horrek bazter utzi dituen funtsezko zenbait alderdi.

Lehenik eta behin, aipatu behar da ongi dela izaera akademikoko jardunaldi horiek egitea, baina, gaur, 40 urte iraganik, benetan behar duguna da jendarte nafarrari eta bere talde sozial garrantzizkoei zuzendutako prozesu ireki bat sustatzea, egin beharreko eztabaida ez baita akademikoa edo instituzionala bakarrik izan behar, herritarrena eta popularra baizik. Bigarrenik, prozesu parte-hartzaile, sozial eta instituzional horren bukaeran, aterako den proiektuak herritarren berrespenari men egin beharko dio, Hobekuntzak sortzez duen gabezia demokratikoa zuzenduko bada.

Joan den legealdian, orain Parlamentuak onetsitako antzeko proposamena bildu zen Gobernuaren Hitzarmenean, baina ez zen sekula gauzatu, ezta partez ere. Hanka-puntetan pasatu zen gai horri zegokionez. Espero dezagun orain hartutako erabakia ez izatea adierazpen parlamentario hutsa eta Hobekuntzaren 40. urtemugak balio izatea afera indar politikoen baina, eta batez ere, indar sozial eta jendarte osoaren gai-zerrendan paratzeko. Aukera paregabea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.