«Berriz egingo genuke»

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hala adierazi zuen Jordi Cuixartek, zigorrik gabe espetxean 600 egunetik gora daramatzan Omnium erakunde kulturalaren lehendakariak, epaiketako bere azken alegatuan. «Ho tornariem a fer». Berriz egingo genuke. Zer da, baina, Cuixart-ek uste osoz esandako esaldi horrekin adierazi nahi izan zuena? Auzi politiko katalanak epaiketa ostean eduki dezakeen bilakaerak galdera honi behar bezala erantzutearekin zerikusi zuzena edukiko du.

Lehenik eta behin, orain arte ibilitako bidearen inguruko gogoeta kritikoa legoke. Izan ere, Katalunian 2017ko udazkenean maila gorena izan zuen ibilbide politikoan akats eta asmatze askotarikoak bezain ugariak izan ziren. Akatsei dagokienez, independentismoaren gehiengo nabarmena sakon ari da hartu ziren estrategien nahiz erabakien inguruan eztabaidatzen. Oro har, hobetu beharreko gakoen artean aztergai dira prozedimendu traketsak, epe motzera lotutako estrategia, aurkarien boterearen balorazioa, gizarte katalanaren barne egituraren irakurketa edo gizarte zibilaren eta erakundeen arteko harremana. Funtsean, pluralismoa eta errealismoa hobeto bideratzeko beharra. Akats edo gabezia hauek guztiak irailaren 6an eta 7an, nahiz urriaren 27an islatu zirela esan ahalko litzateke.

Asmatzeen artean gizarte zibilaren mobilizazio gaitasuna, une oro mantendutako dinamika baketsuak, adostasunetara iristeko asmo egonkorra, elkarlan publiko-pribatu eredugarria edo gizarte haustura ekidin izana azpimarra litezke. Laburbilduz, gizartearen etorkizunaren inguruan gogoeta inklusiboa sustatzeko eta aldarrikapenak era zilegian adierazteko gaitasuna. Hau guztia irailaren 20an, urriaren 1ean eta 3an islatu zen. 2017ko udazkenean errepublika katalan independenterik sortu ez zen arren (gutxi batzuek oraindik ukatu arren), balio errepublikanoak gizartean sakon sartu zirelako: menpekotasun eza eta elkarrekiko aitortza, alegia.

Bigarrenik, aurrerantzean irekitzen den egoera politikoa edukiko genuke. Izan ere, argi dago Cuixarten ahoan entzundako bide beretik jarraitzeko asmoa ez dela literala. Batetik, bere horretan ez lukeelako zentzu askorik izango. Bestetik, baldintzak guztiz irauli direlako. Izan ere, independentismoa mugimendu gisa sendo mantentzen den arren, barne osaketa biziki eraldatu du. Erakundeetan, ERC Eskozian SNPk duen hegemoniaren pareko zerbait lortzeko helburutik gertuago dela dirudi. Nazionalismo kontserbadorearen espazioan, aldiz, bere tokia bilatu nahian dihardute, erreforma/haustura eta sozialdemokrata/neoliberala ardatzen inguruan. Lidergoen esparruan ere aldaketak aurreikusi daitezke, espetxeak eta jazarpenak zentzu horretan eragin kontraesankorrak eduki ditzakeen arren.

Independentismotik haratago begira, baina, testuinguruaren eraldaketa ez da xumeagoa. Batetik, Katalunian bertan, egungo blokeo eta mesfidantzaz jositako bloke hermetikoen egoera gainditzeko beharra geroz eta zabalagoa da. Alabaina, asmo hori jazarpenaren salaketarekin eta gizarte katalanaren erabakitzeko eskubidearekin orekatzea izango da erronka. Bartzelonako alkatetzaren inguruko eztabaidak oreka horiek lortzeko zailtasunak agerian uzten ditu. Kanpora begira, aldiz, Estatu nahiz Europar hauteskundeek garapenerako bide berriak ireki dituzte. Estatuan, Pedro Sanchezek presidentetza lortzeko babesak eskuratuz gero, lau urte edukiko ditu aitzakiarik gabe konponbiderako urratsak egin edo arazoa areagotzeko arriskuz «conllevanza» deritzon jarrera hartzeko. Europan, erbestean dauden politikariek nazioarteko estrategiari eusteko oholtza berri bat eskuratu dute, Estatuaren halabeharrezko eragozte saiakerak bozkatzaileei errespetu falta agertzeaz gain, estrategiak sortzen duen beldurra erakutsiz.

Azkenengoz, berriz egiteko egitasmoaren esanahia argitzeko, epaiketak demokrazian eduki ditzakeen ondorioak aztertu behar dira. Izan ere, fiskaltzak 2017 arteko gertakariez egindako zalantzazko berreraikitzean eta, batez ere, salaketaren oinarrizko argudioan, adierazpen, bilera eta asoziazio askatasunaren ikuspegi oso mugatuak azaleratu dira. Are gehiago, oinarrizko eskubideen babesaren kasuan justifikatua egon arren, hau bezalako kausa penal batean sekula justifikatu ezin den «aktibismo judizial» bat eskatzen du fiskaltzak: legegileak aurreikusi ez duen zigor bat ezartzea, hain zuzen ere. Eskaeraren funtsean, Felipe VI.ak 2017ko urriaren 3an eutsitako ordena konstituzionalaren ikuskera sakralizatu bat nabari da. Ordena hau ez da, ikuspegi horren arabera, hiritarren eskubide demokratiko zehatzak bermatzearekin zer ikusia duen zerbait, zentzu abstraktuan balioa duen zerbait baizik: hiritarrek ukatu edo aurka agertuz gero erortzen den zerbait, alegia.

Zorionez, Estatuan indarrean dagoen legediak ez du ikuspegi hori babesten. Fiskaltzaren ikuspegi politiko hori, orain arte behintzat, ez du hiritarren gehiengo batek babestu. Fiskaltzak, hiritar gisa, konstituzioaren eta demokraziaren ikuspegi atzerakoi hori ezartzeko gura askatasun osoz azaldu dezake. Fiskal gisa, baina, ezin du epaiketa helburu hori gauzatzeko erabili. Batetik, epaiketa politikoak ez direlako zilegiak. Bestetik, helburu horiek bultzatzeko eremuak legebiltzarrak direlako, ez epaitegiak. Legebiltzarrek bakarrik baitaukate halako erabakiak hartzeko behar den hiritarren baimena. Zer esanik ez halako erabaki politiko baten ondorioak epaitzen ari diren kasuaz haratago eduki ditzakeen ondorioak ikusita. Jokoan dagoena ez baita, besterik gabe, bere horretan jarraitzen duen gizarte katalanaren zati nabarmen baten aldarrikapenaren etorkizuna, demokrazia bera ulertzeko ikuspegi aurrerakoi, ireki, partekatu, plural eta zabal bat baizik.

Gatazka politiko horretan, epaituak izan diren preso politikoek irmo jarraitzeko asmoa agertu dute oro har. Ez egindakoaren argi-ilunak ukatzeko asmoa edo egungo testuinguru berria ez ikusteko asmoa. Ez eta epaiketaren sakoneko ondorioak alboratzeko asmoa. Berriz egiteko asmoak hiritarren aldarrikapen zilegiak bideratu ahal izateko erabakiak hartzen jarraitzeko asmoa agertzen du. Hau da, sekula amaitzen ez den hiritarrak protagonistatzat dituen demokrazia bat eraikitzeko aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmoa. Horregatik, ziur beste era batera (eta, posible bada, hobe) izan arren, askok diogu ozen eta argi: ho tornariem a fer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.