Aurtengo Udaltop Soziolinguistika Jardunaldian euskara erabiltzeko planak eta berrikuntza aztertu dira. Berrikuntzak ebaluazioaren eskutik etorri behar du, ezin da berritu berritzearren, egindakoaren balantze kuantitatibo eta kualitatiboen emaitza izan behar du, eta subjektibotasunak baino gehiago objektibotasunak agindu behar du.
32 urte joan dira EAEko Euskararen Legea onartu zenetik. Lehen urteak ilusionagarriak izan ziren, dena egiteko baitzegoen. Gero, legearen garapenaren lehen urteak izan ziren, normalizazioa zehazteko garaia. Euskararen Legea onartu eta 15 urtera, 1997an, herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua onartu zen. 2006an, kontratazio publikoetarako hizkuntza-irizpideak onartu ziren, eta 2008an, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko dekretua; Euskararen Legea onartu eta 24 eta 26 urtera, hurrenez hurren, eta 97ko dekretutik 9eta 11 urtera, hurrenez hurren. Esanguratsua da legea garatzeko behar izan den epe luzea. Gainera, 2008an, PSOEren laurteko iluna hasi zen. Ordura arte euskarak jendarte erdaldunean lortutako posizionamendu geroz eta hobeagoari azpia jateko baliatu zuten.
Gaur arte, legeen eta arauen ezarpena apala eta gorabeheratsua izan da. Onenean, atzerapenez ari gara, baina kezkagarria da, herritarrei zor zaizkien eskubideez ari baikara. 97ko Dekretuaren 17 urteko ezarpenak datu argigarriak utzi ditu IV. Plangintzaldiaren balorazioan: langile publikoen %60 soilik da bere eginkizunak euskaraz egiteko gai; oraindik EAEko erakunde publikoen laurdenak ez du euskara erabiltzeko planik; langileen prestakuntza ikastaroen %65 gaztelaniaz egiten da; tresna informatikoen %17 soilik erabiltzen da euskaraz; argitalpenen %62 gaztelaniaz egiten da; eta hizkuntza-irizpideei dagokienez, diru laguntzen eta kontratazioen %30ean soilik ezartzen dira. Jaurlaritzak berak «anomaliatzat» jo du oraingo egoera, langileen laneko hizkuntza ohikoa gaztelania delako, nabarmen (BERRIA, 2014/01/25). Gauzak horrela, zilegi al da esatea Euskararen Legearen ezarpena arian-arian egin behar dela, oraindik? Jakina, esaten dute «bazeneki nondik abiatu ginen! Asko da egin dena». Pertzepzioetan oinarritutako balorazioek ez dute balio hizkuntza-eskubideen esparruan. Gainera, ba ote dakigu benetan zenbat egin den eta zenbat dagoen egiteko?
Berrikuntza behar da hizkuntza-politikan. Areago, hizkuntza-politika berria behar dugu. Orain artekoa aldatu beharra dago. Ofiziala den hizkuntza baten normalizazioaz ari gara, pertsonen hautu libreaz, eskubideez. Herri administrazioetan euskararen erabilerak jauzi esanguratsu bat egiteko egiturazko erabakiak behar ditu, erabaki politikoak. Horien artean, baldintza prepolitiko hauek daude: lehenik, hizkuntza-politika burujabea gauzatzea ziurtatu behar da, kanpoko esku sartzerik gabea (adibidez, C.M. Urquijo). Euskarak soberan ditu Frantziak eta Espainiak ezartzen dizkiguten hizkuntzen arteko hierarkizazioa eta desberdinkeria, eta falta zaizkio Europako estatu-hizkuntza ofizialek elkarri aitortzen dizkioten berdintasuna, simetria eta tratu ekitatea. Bigarrenik, euskarari estatus berria eman behar zaio: berezkoa, ofiziala, inklusiboa, lehentasunezkoa, jakin beharrekoa.
Hizkuntza-politika berrian euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermeak gidatu behar du administrazioaren jarduera, jendartean harreman parekideak lortzeko eta gizarte kohesioari laguntzeko. Gainera, euskara lehenesten duen hizkuntza-politika garatu behar da administrazioan, gutxienekotik gora jardunez. Azkenik, prebentzioaren ikuspegia barneratu behar da instituzioen lan moldeetan, euskararen ikuspegitik osasuntsu dagoena zaintzeko, eta ez jadanik kaltetuta dagoena konpontzen aritzeko, beti.
Hain zuzen ere, hizkuntza-politika berria ezarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, azken hiru urteotan. Bereziki azpimarragarriak dira ezarri diren berrikuntzak: Legealdiaren bukaerarako zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko helburu argia eta epe zehatza ezarri dizkio Aldundiak bere buruari. Horretarako, urtero hobekuntza indize edo helburu orokor bat ezartzen dio bere buruari. Helburuen ezarpena ziurtatzeko, departamentukako batzorde politiko-teknikoak antolatu dira, eta jarraipen sistema sendotu duten barneko ikuskapena eta ebaluazio soziala antolatu dira. Gainera, Aldundiaren ohiko jardueran prebentzioaren ikuspegia txertatzen hasi da, bere eraginpeko esparruetan garatzen duen ohiko jarduerak euskararen garapenean balizko kalterik ez eragiteko. Komunikazioan euskarari lehentasuna ematen dioten irizpideak onartu dira (irudi korporatiboa, aldibereko itzulpena ekitaldietan eta prentsaurrekoetan…). Interes taldeen parte-hartzea sustatu da, adibidez, euskara sustatzeko diru laguntzen irizpide guztiak berrikusiz on-line egin den kontsulta baten bidez. Azkenik, proiektu elkartuen dinamika nabarmendu behar da, herrialdeko instituzioen arteko konplizitatea eta lankidetza bultzatzeko, eta herri administrazioetan euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzeko helburuz egina.
Gure ustez, herri administrazioetan euskararen normalizazio prozesua onerako irauliko duten berrikuntzak izan dira horiek guztiak. Orain, zuen iritzia Aldundiari jakinarazteko aukera duzue herritarrok, abian den ebaluazio sozialaren bidez. Gainera, animatuz gero, saritxo bat ere eskura dezakezue!
Berrikuntza hizkuntza-politikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu