BERRIAko langileok, azaroaren 30eko grebarekin bat

BERRIA Taldeko langileak
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, estreinako aldiz, greba orokor feministarako deia egin du azaroaren 30erako, eta BERRIA Taldeak deialdira batzea erabaki du, «zaintza eskubide kolektiboaren» aldeko aldarriarekin bat eginez. Modu horretan, kazetari, diseinatzaile, zuzentzaile, harrerako arduradun, publizista, banatzaile, komertzial eta sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileok lanuztea egingo dugu hilaren bukaeran.

Aldi hau kontatzeko dio BERRIAren 20. urtemugako leloak, eta, garaiaren berri emateko gure eginkizunean, zaintzari lotutako hamaika gatazkaren testigu izatea egokitu zaigu azken urteetan. Asko dira orriotara ekarri ditugun datuak, errealitateak eta zaintza lanak feminizatuta, prekarizatuta eta pribatizatuta daudela salatzen duten ahotsak; hemeroteka hurbilean ditugu, esaterako, pandemia garaiko argazkia eta zahar etxeetako langileen protesta luzeak. Lehen eskutik eman dugu zaintzaren alorreko krisiaren berri, eta eguneroko lanean berresten dugu kezka arrazoitua dela.

2018ko eta 2019ko greba deialdietan esan genuen moduan, hedabideetako langileok hainbat arrazoi ditugu oraingoan ere grebara batzeko. Sektorearen prekarizazio orokorra eragin zuzena izaten ari da gure eguneroko jardunean, osasunean eta bizimoduan. Digitalizazioak ekoizpen eta abiadura eskakizun handiak ezarri ditu, eta horrek are zailago bihurtu du lan erritmoak eta bizitza sostengatzeko beharrak bateratzea. Jakitun gara zaintzaz informatu bitartean zaila zaigula taldearen ongizate premiei adi egotea, eskakizun produktiboak gainjartzen baitira maiz. Badakigu, gainera, zaintza lanak modu zabal batean emakumeen bizkar gainean daudela oraindik ere, eta, horiei erantzun ahal izateko, aldi batez lanbidetik urruntzen diren eta lanaldiak zein soldatak murrizten dituzten emakumeen kopurua handiagoa dela gurean ere.

Horregatik, uste dugu berandu barik gure ofizioan ere zabaldu beharreko eztabaida dela kazetaritza eta bizitza bizigarriak uztartzea. Erronka ugari ditu sektoreak, eta hau horien artean kokatu beharra ikusten dugu. Uste dugu gurean ere badugula zertaz pentsatu, zaintzaren krisiaz ahalik eta ondoena informatzen saiatzearekin batera, barruan ere lantaldea zaintzen asmatuko badugu.

Gogora datorkigu, baina, BERRIA —eta aurretik Euskaldunon Egunkaria— aitzindari izan dela parekidetasunaren aldeko zenbait politika martxan jartzen, lankide feministek egindako lanari esker; ohiko harreman afektiboetatik haragoko zaintza baimenak onartzean, esaterako. Bide horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmo sendoa daukagu, eta irakurleek ere hala exijitzen digutelakoan gaude.

Grebaz informatzea da kazetariok egin dezakegun ekarpenik handiena, eta, beraz, lanpostuen ezaugarrien arabera egingo dugu BERRIAko langileok lanuztea: erredakzioko langileok azaroaren 29an itzaliko ditugu ordenagailuak, eta administrazio arlokook, berriz, 30ean. Hartara, greba egunean ez dugu papereko egunkaririk argitaratuko, eta webgunean grebaren berri baino ez dugu emango; ohi bezala, ikuspegi feministaz eman ere, sinetsita baikaude hori dela kalitatezko kazetaritza egiteko modurik onena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.