Pako Aristi

BERRIAko irakurleok, agur

2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Aurten dira 40 urte iritzi artikuluak idazten hasi nintzela, atzera begiratzeko une aproposa, ezbairik gabe. Oso txikitatik sartu zitzaidan kazetaritzaren pozoia zainetan, Urrestillako gure etxe hartara iristen zen La Voz de España egunkaria irakurriz, eta Hoja del Lunes astelehenetan. Futbol partiden kronikak eta guzti irensten nituen.

13 urterekin idatzi nuen nire lehen testu txukuna: Gabonetako meza baten kronika, emozio berezi bat sentiarazi zidana, Donato zaharra organoa astintzen, herriko abesbatza dotore. Baina bokazio orok behar ditu bide-erakusleak, eta institutuan hiru pertsona klabe ezagutu nituen: euskarazko irakasle dohatsu bat, Iñaki Azkune, euskal literatura garaikidea maitatzen erakutsi ziguna; Jose Ramon Treviño apaiz gaztea, humanismoa zertan datzan transmititu zidana; eta ikaskide berezi bat, Luis Olano, nire gaztetasun arinari soineko ideologiko iraunkor bat eman ziona liburu interesgarrien bitartez.

Egun batean Elixabete Garmendia etorri zen Argia kazeta aurkeztera, eta ni liluratuta geratu nintzen: emakume moderno bat euskarazko aldizkari bat aurkezten, gure idazlanak bidaltzeko gonbita egiten. Zirraraz betea zen, punpaka, ene barrena. 

Herrian bertan ere baneukan euskal kulturako aktibista zorrotz bat, Ramon Etxezarreta; hark utzitako liburuak eta emandako aholkuak ere ez ziren gutxi izan.

Kazetaritzako karreran Karmelo Landa ezagutzeko zoria izan nuen, beste harribitxi bat nire ibilbidean. Eta handik laster, 20 urte bete berri nituela, Egin-enelkarrizketak egiten hasi nintzen, beste maisu baten gidaritzapean: Xalbador Garmendia. Handik aurrera dena oso azkar joan zeneko inpresioa daukat gaur egun.

La Voz de Euskadi sortu zen, Pepe Rei maitea zuzendari zuela, eta etxera deitu zidan erredakziora joateko eskatuz, egunero euskarazko orri bat apailatzeko enkarguarekin. Tamalez gutxira kiebra jo zuen egitasmo eder hark. Hurrena El Diario Vasco-neuskarazko zutabeak idazteko gonbita egin zidaten, eta han hasi ginen aipaturiko Etxezarreta, Maite Gonzalez eta hirurok. Laster Zabalik euskarazko gehigarria abiatu zuen egunkariak, eta bertan parte hartzeko aukera eskaini zidan Felix Ibargutxi zuzendariak. Kazetaritzaz jakin litekeen ia guztia erakutsi zidan.

Gaurtik begiratuta, garai hartan neure buruaz gehitxo idazten ote nuen susmoa daukat. Normala da; gaztea izaki, egoa haizaturik egon ohi da, munduko pertsonarik garrantzitsuena zarela sinetsarazteraino. Kazetari izateaz aparte idazlea ere bainintzen, gure herriaren testuinguruaz ahazturik bizi izan nintzen urte askotan. Baina dena da aldakorra bizitzan, eta, nahi gabe ere, helburu, pertzepzio eta interes ezberdinak sartzen dira buruan. Nirean bederen bai. 

1992an Jose Ramon Treviño apaiza atxilotu zuten. 1993an Xabier Kalparsoro Anuk Zumaiako ETAkidea hil zen poliziak kuartelean atxiloturik zeukala, ustez suizidatua. Institutuan ezagutua nuen hura ere, eta gertaera hauek zerbait astindu zuten nire barrenean. Herri bat nire bihotzean sartzen sentitu nuen, haren (eta bere kulturaren, euskararen) egoera tamalgarria bistaratu zitzaidan, eta nire lanarekin horri erantzun bat eman behar nioneko kontzientzia erradikal bat isiotu zen niregan.

Horrek nire idazkera aldarazi zuen, eta El Diario Vasco-nsobera nengoelako xuxurla batzuk iritsi zitzaizkidan. Izan ere, gogoan dut 1996 inguruan edo egin zidaten elkarrizketa batean amets bat esateko proposatu zidatela, eta zalantzarik gabe bota nuela: Euskal Herriaren independentzia. Hauek guztiak jasota daude, urte haietan izan nuen artxibozain ezin setatsuago baten merituz: gure aita Joxe Mari.

Lizarra-Garaziko hitzarmenak ilusio sakona eragin zidan, milaka lagunen itxaropenaren zati sentitu nintzen, baina neurri bereko desilusioa izan zen haren porrot lasterra. Zer fundamentu gutxi egon zen eragile haien espirituan! Egin-en idazten hasia nintzen berriro, Sabino Ormazabalen bitartez, eta hura itxi ostean Gara-n, baina Lizarra-Garazikoa eta gero ezin nuen jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala. Euskaldunon Egunkaria-nhasi nintzen, Martxelo Otamendik eskatuta, eta hor geratu naiz gaurdaino, hura ere itxi ostean BERRIAra igaro ondoren.

Gure politika ulertzeko zerbait falta zitzaidan, betiko EAJ/ETA ardatz horretatik landa, eta une hartan funtsezkoa izan zen Benito Lertxundirekin izan nuen harremana, Mikel Markez lagun nuelarik orduetan luzatzen genituen bazkalondo haietan. Han izan nuen Iñaki Aginagaren berri. Funtsezkoa baita ere Orreaga taldearen babesa, eta haiei esker Joseba Ariznabarreta eta Kepa Anabitarte ezagutzeko luxua, nola ideologo bezala, hala pertsona gisa ere. Nabarralderen lana ere ezinbestekoa izan da: gure historia gure begietatik ezagutarazi didate, eta Euskal Herriak bizi duen egoeraren ikuspegi global bat marraztu ahal izan dut ene gogoan.

Feminismoaren eklosioa ere iritsi zen nire bizitzara, eta morez tindatu zizkidan betaurrekoak. Nik ere umetan sistema hetero-patriarkal baten mezu guztiak jaso bainituen, mundua horrelakoa zela sinetsi arte. Naturaltzat hartzen genuen emakumeen presentzia urria kulturaren ia alor guztietan, eta izan ditut, zuzenean edo zeharka, hori bestela ulertzen lagundu didaten irakasle finak: Yolanda Arrieta, Ainhoa Irazu, Karmele Jaio eta beste hainbat.

Beti egon naiz ikasteko eta entzuteko prest. Neure burua ederresten zuen ispilua apurtu zenetik askoz ikuspegi sakonagoa eta interesgarriagoa eskuratu ahal izan nuen. Saiatu naiz gure herria munduaren mapan kokatzen, eta herri horretan norbanakook izan dezakegun zereginaren zantzuak aztertzen.

Geure begiez ikus dezakegunaz haragoko norbaitek galdetuko balit zer egin dudan ene bizitzarekin, lasai nengoke erantzuteko: «Milaka artikulu idatzi ditut menderatutako herri eta gizarte baten galderak eta erantzunak plazaratzeko». Hor dago hemeroteka.

Zuen interesak mantendu du bizirik enegan artikuluak idazteko gogoa, hamarkada hauetan guztietan Euskal Herria dagoena baino hobeto ikusteko inarrosi nauen grinak eta kezkak, ahal izan dudan ondoen idazten saiatu naizenak. Noizbait haserretu zaretenok, bada, sentitzen dut, baina ondradua izan naiz neure buruarekin, eta ezin nuen besterik egin. 

Ondo izan: noizbait aurkituko dugu elkar emantzipazioaren bidean.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.