Aitor Bizkarra.
Mugimendu Sozialistako kidea

Berriak zahar

2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Joseba Andoni Enbeita Gorrik, Uribarriko Ezker Abertzaleko militanteak, artikulua idatzi zuen berripaper honetantxe estrategia politiko zahar berriez abenduaren 30ean. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak aurkeztu eta berehala argitaratu zuen testu estrategikoari kritika ei zen berea. Izan ere, zioskun Gorrik, besteren ikuspegi estrategikoari zor zaion begiruneak ez du kritikarako eskubidea bazter uzten. Ez horixe! Dena den, gauzei ez dagozkien izenak jartzera ohituta dagoenak ez da arraroa begirunea eta begirakunea nahastea, edo kritikaren izenean kitzikan jardutea.

«Berri» eta «zahar» izendapenen anbibalentzia ohikoa da. Kasuan kasu, destaina gisa edo zilegitasun iturri modura erabiltzen du zenbaitek, hala zahardadea, nola berritasuna. Forma berripean bilduta ere, zerbaiti betiko leloaren traza ematen dionak «zaharrak berri» gutxieslea erabiltzen du; zaharra izatea meritutzat du, aldiz, nazionalismo modernoak (Euskal Herrian ere «Europako herririk zaharrena» izateaz laketzen da asko). Komenentziaren arabera izendatzen ditugu besteak eta geronen burua zahar ala berri. Nolanahi ere, estrategia politikoen alorrean galdera zuzena ez da holako edo halako zaharra den ala berria, baizik eta anakronikoa den ala aktuala; alegia, garaiari dagokion ala ez.

Proiektu sozialdemokrataz hitz bi. Laclau, Mouffe edota Jessopen bernizez zaharberritu arren, oinarrian Eduard Bernstein eta bere errebisionismoa ditu sozialdemokraziak: «Iruditzen zait oso zentzu gutxi duela ‘sozialismoaren azken helburutzat’ hartzen denak. Helburu hori, (...), ez da ezer niretzat; mugimendua dena da». Hortaz, Ezker Abertzalearen doktrina berriak 125 urte ditu gutxienez alor horretan. Alajaina! Nazionalismoaz, berriz, zer esanik ez. Kontu horiek ez dira atzo goizekoak.

Edozein kasutan, adinaz ez eze, mintzo gaitezen garaiaz. Alderdi sozialdemokraten urrezko aroak, oro har, kapitalaren ziklo gorakorrei eta oparoaldiei dagozkie. Izan ere, birbanaketa-politiken kontzeptu sozialdemokrataren baldintza zera da: klaseen arteko aliantza nazionala. Hau da, justizia soziala posible da, baldin, eta soilik baldin, enpresa- etekinen marjinak hazten badira soldaten eta zerbitzuen hobetzea ahalbidetzeko neurrian. Horiek horrela, ongizatearen kontzeptua klase-borrokari ez ikusi eginda pentsatzen duenak uraren gaineko aparretan eraikitzen du gaztelua; hain zuzen, krisi- garaian ongizatea orokortzeko modu bakarra irabaziei eraso egitea baita.

Bada, oparoaldiaren gainbeherak alderdi sozialdemokraten errepresentazio-krisiaren baldintzak ezartzen ditu, jendea ohartzen delako txakur-ametsetan hezi dutela. Orduan, aire bonapartistako figuren gidaritzapean, erdi mailako klase nazional dekadenteek askotariko kolektibo eta alderdi faxisten babespera egiten dute. Hala gertatu zen joan den mendeko 20ko hamarkadan, eta halatsu ari da gertatzen egun ere. Gorrik faxismoaren arrakasta Kominternaren erabaki partikular bati egotzi nahi lioke: horretarainokoxe magikoa da kausei erreparatzen ez dienak efektuez duen iritzia. Dena den, estrategia sozialdemokrataren porrotak faxismoarekin duen lotura organikoa da, ez da jazoera partikular bat edo zerbait ez zuena zertan gertatu. Ezker Abertzalearen kultura politikoak darabilen norantzaren adierazletzat daukat nik errebisionismo historiko hori, apropos ahazten duena Europaren gainazaletik faxismoa ezabatu zuena komunismoa izan zela, eta ez sozialdemokrazia. Gibela behar du.

Espainolismo-estatalismo izendapenaz hitz bi. Mugimendu Sozialistari sorreratik bertatik egin izan dioten «kritika» horrek ez du izaera kritikorik. Alde batetik, Mugimendu Sozialistako antolakundeak zazpi herrialdeetan daude antolaturik; bestalde, euskara dute komunikatzeko lehen hizkuntza; eta, azkenik, EHKSren dokumentuak defendatzen du nazio zapalduetako langileriak bere kultur eta hizkuntz berezitasunak aintzat hartuta antolatzeko eta estatu sozialista bat eratzeko eskubidea duela (geurean Euskal Estatu Sozialista). Egiaz, sasikritika horren xedea estigmatizazioa da, ez besterik; jakinik, gainera, estigma horrek inguruotan duen pisua zein den.

Ezker Abertzaleak, kontzientzia aristokratikoz, bere buruari aitortzen dio gauzei izenak jartzeko ahalmena; eta horrek, ustez, izendatu duenaren gaineko botere sinbolikoa ematen dio. Alabaina, kontzeptuari bagagozkio, zein da espainiar estatalista? Zer da, bada, espainolismoa, ezpada norbere estrategiaren egiazko ardatza espainiar estatua izatea? Zer da, norbere xedea espainiar botere-egituren berme (PSOErekin itungintzan Madrilen) eta kudeatzaile (EAEn eta Nafarroan) izatea ez ezik? Zer, finean, ezpada norbere lanerako hipotesi behinena izatea estatu-egitura horien «demokratizazioa»?

Maizenik, zuhurrena izaten da urliak edo berendiak pentsatzen duenari, hitzetan ordez, ekintzetan erreparatzea. «Nazio bat gara» aldarriak bainoago, atzean dagoen praxi politikoak erakusten du Ezker Abertzalearen izaera estatalista. Esan nahi baita: atsotitzaren aurka, kasu batzuetan atzeak erakusten du aurrearen dantzak ze musikari darraion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.