BERRIAk eta Kantu Jirak 20 urte

Joserra Beloki
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Donostiako Intxaurrondo auzoan aldarri, 2001eko otsailean: «Ez dugu koru bat egin nahi, kantatzen gustatzea nahikoa da». Eta berrogei bat lagun. Ez dago gaizki. Hartu du gitarra Bergaretxek eta Bilintx atera du: «Triste bizi naiz eta...»; eta jendeak «hilko banintz hobe...» arrapostu, eta «badakit zabiltzala nigandik ihesi / ez didazu ematen atsekabe gutxi...». Bukatu da, kito. Eta hilko balira nahiago omen duten horiek, bizirik halere, harriturik daude, irribarrez: «joño, zeozer..., tira...».

 

Hasieratik kantuak kalean ere behar zuela pentsatu, eta kurtso bukaeran, «Antillak zintzilik daude...», kultur etxeko salatik auzora atera dugu kantua, jira egin diogu auzoari, hiru kanta hemen, bi han... Eta izena duenak izana baldin badu, izana duenak ere izena beharko duela eta, jarri diogu: jira auzotik, kantuan... Kantu Jira.

Bi urte geroago, 2003ko otsailaren 20an, Andoainen, etxeko ateraino iritsi ziren (Orain hogei urte iritsi / ziren etxeko atera...), eta ateraino ez ezik sukalderaino sartzen atrebitu ziren, bai, Aznar, Juan del Olmo, Guardia Zibila, eta komunikabideak, asko, denak batera; eta euskaldunoi, mundu-munduan geneukan egunkari bakarra, Euskaldunon Egunkaria, itxi egin ziguten; eta kazetagileak atxilotu; izan ere, «todos son del mismo saco».

Orain epaile konstituziodunen asaltoaren aurrean ez bezala, orduan euskaldungo (ia) osoa mobilizatu zen ziplo, bakoitza bere arlotik. Tarteko bi urteotan, Donostiako beste auzo batzuetan ere sortuak ziren kanta-taldeak, eta gure inguruan norbaitek esan zuen: «eta zergatik ez guk...?». Astearte buruzuri bateko iluntzerako egin genuen deialdia, 70 bat lagun elkartu eta, solidaritatezko ahotsak Parte Zaharreko kale babesgarrien paretetan gora ikustean, behin berriro ere harridura, behin berriro ere irribarrea. Larunbat bateko eguerdian jende gehiago bilduko ginela-eta, hirugarrena jarri genuen zita berria, eta horrelaxe sortu zen Donostiako Kantu Jira. Ekainak BERRIA besapean ekarri zuenerako, jendeak oso argi zeukan horrelako gertaera gozagarri batek segitu behar zuela. Bitarte horretan, eta hurrengo hiletan, Kantu Jira Hegoalde osoko hainbat herritara zabaldu zen (Iparraldean baziren lehenagotik antzeko esperientziak: Donibane Lohizune, Baiona, Azkaine... Kantu bai, baina Jira ez hala ere). Hasierako 70 lagunak ugaldu, eta geroztik 150-200-250 bat lagun bildu izan gara Kantu Jira arruntetan (urteurrenetan-eta, jendetza: 5. urteurrenean, inputatuei babesa ematen jende mordoa; eta 10. urteurrenean, Euskal Herri guztitik etorritako mila lagun bildu ginen Parte Zaharreko kaleetan, eta 700 lagun mahaiaren bueltan).

Muxutruk antolatzen den kultur jarduera xume batek hogei urtez irautea ez da horren erraza, are gutxiago hasieretan egokitu zitzaizkigun urte politikoki gogorretan, eta arrazoi batzuk egongo dira iraupen horretarako; hona nire ustezko batzu-batzuk:

- Lehenik eta behin jarduera gozagarria da taldean kantatzea, areago kalean (eta are gehiago Parte Zaharreko kale-txoko estu-babesetan, non 200 lagunen ahotsak halako erresonantzia bat lortzen duen). Jarduera gozagarria, beraz.

- Pertenentzia sentimendua, kantuak gure hizkuntzan emateak eragiten duena (are gehiago, gurea bezalako egoera minorizatu batean).

- Barne-erresonantzia: parte-hartzaileak maiz kantatu dituen (eta, kasu batzuetan are, aspaldi kantatu dizkioten) abestiak taldean emateak sortzen duena... (Erresonantzia horren adibide ugari izan ditugu urteotan, grafikoenetako bat lagun batek kontatua: aitaginarreba alzheimer aurreratuarekin dago, gurpildun aulkian daramate, Kantu Jirarekin topatu dira, eta han prantatu dira entzuten; halako batean, gizonari malkoa dariola konturatu dira...).

- Abestien aukeraketa: abesti sorta landua prestatu genuela esango nuke: kantu tradizionaletan Zuberoako abestiak sartuagatik (Eperra, Maria Solt...), belaunaldiz belaunaldi gure inguruetan kantatu diren abestiak ez genituen saltzeko; irizpide bakar bat: gutxieneko grazia bat edukitzea; naifak izan zitezkeen (Behin batian Loiolan, Ene maitia jeiki ta jeiki...), ñoñoak ez, ordea...; abesti herrikoi baina berriagoei dagokienez, letrek zerbait, eta modu ederrean, esatea, doinu gozagarri batean ekarrita, noski, aukeran (Habanera, Baionatik Bilbora, Aberriaren mugak, Atxaga-Ruperren Bertso Berriak, Itsasoari begira, Mendian gora, Zure begiek, Martxa baten lehen notak... inon ez inor; argiz beterik buruak...); horiek, gutxi gorabehera, irizpideak.

- Euskaldunen kopurua: letrei garrantzia eman bagenien, letra horiek kantatzen zituztenek letrok ulertzea garrantzitsua da, noski. Sekula ez dugu inkesta bat egin, baina esango nuke partaideen %75 euskaradunak direla; horrek ekarri du abestia beste era batera bizitzea, modu kolektibo batean: barregarria denean barre, hunkigarria denean hunkitu... Bide batez, urteotan Kantu Jiran parte hartu duten erdaldunei aitorpena: giro osoa euskalduna izanik (abestiak, azalpenak...) kexarik ez. «Kantu Jira euskaraz da eta hala da», nonbait...

- Azkenik, baina ez azken, ahalik eta jende gehien eroso sentituko zen inguru bat sortzen ahalegin berezia egin izana.

Esatea, azkenik, urteotan Donostiako Kantu Jira antolatzen ibili garenok oso argi izan dugula beti jarduera gozagarri hori jarduera kulturalki xume bat dela, eta esaldi topikoa, «kantatzen duen herria ez da hilko» (pueblo que canta no muere), ilusionismo hutsa dela; Egunkaria lapurtzen dioten eta lau hilean Berria ekartzen duen herria, herri horixe ez dela hilko (ez herri horrek Berri hori, ekartzeaz gain, irakurri ere egiten baldin badu, behinik behin...); eta bizitzaren arlo desberdinak bere eskuetan hartzen dakien herria, tartean bere kultura, tartean bere komunikabideak, herri horixe ez dela hilko. Eta, halatan, bai, kantatu ere egiten duen herria, gozatzeaz gain, izan izango da eta, seguru asko, ez da hilko...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.