Joxe Azurmendik 1980-1981 urteetan Argia kazetan argitara eman zituen dozena bat artikuluren tesi nagusia horixe da. Artean autonomi estatutua onartu berri, garapenari ekin gabe... Hona pasarte adierazgarri batzuk:
«Egiaren orduan euskara ez da problema» 1980-11-02
Eta euskal politikak, Gobernuaren eta oposizioaren eta Alderdi guztien artean ezezik, elizaren, udaletxeen, auzo elkarteen, informazio bideen eta hemen gabiltzan guzti-guztion iharduera guztiez osatzen den euskal politikak, euskararen arloan orientazio firme bat hartzen ez badu, berak itoko duela euskara, pertsegizioak baino gehiago. Optimista izateko arrazoi gehiegirik ez dago. Orain arte bezala jarraitu behar. Pesimista aktibo.
«Euskaltzaleak eta politikoak» 1980-11-30
Euskararen alde lan egiteari eta euskaltzaletasunari «politika usaina» hartzen zitzaion orain urte batzuk: kalean ezezik, elizaren barruan eta seminarioetan ere ez zen oso ondo ikusita egoten, inor euskaltzale izatea. Zer esanik ez handik kanpora. Gero iraultzaileak agertu ziren. Horien aldetik ere makina bat burla jasan behar izan du euskaltzaleak: biolina jotzen ari omen ziren «kulturalistak». Lan gogorragoak behar zituen, ordea, Euskal herriak, bizirik aterako bazen. [...]
Hemen, ETAtik PNVeraino, Alderdien praxian erdara da beti jaun eta jabe. Hori da egia. eta apenas Alderdi batetan edozein bestetan baino gutxiago edo gehiago. Denak dira eskizofrenikoak alde batetik esaten, eta bestetik egiten ari direnetan. Arrazoiak denok dakizkigu. [...]
«Zertarako euskara?» 1980-12-07
Izan ere, euskaltzaleak, politikoengandik distantziatu nahita zebilenean ere, ez du bere lanaren barne-barneko sentido politikoa inoiz ahaztu. Aitzitik, kontzientzia politiko guztiz aritu da beti. Horixe bait da: euskaltzale edo «kulturalisten» atzetik etorri direlako edo, politikoek berek ematen dute gaur inpresioa, euskararen arazoa terreno neutral, despolitizatu edo politikaren gainetiko batetara eraman nahi dutela. Planteamendu kulturalista neutro bat egin nahi diotela euskararen arazoari. Euskaltzaleentzat, ordea, euskararen arazoa sekula ez da neutroa izan. Nazio arazoa izan da beti. Soziala, politikoa. Politiko guztiek nahi omen dute orain euskara indartu, bizkortu. Baina zer nahi dute euskararekin, zertarako nahi dute euskara? Zenbait planteamendu kulturalistaz, euskara indio erreserbetan «salbatzea» besterik, ezingo bait da lortu.
«Euskararen arrazoiak» 1980-12-28
Arrazoipide guztietan kontsiderazio kulturalistek betetzen duten lekuaren zabal-haundiak harritzen du. Horrek dirudi inportanteena: Aitorren hizkuntza zaharra, etab., «único resto vivo idiomático en Occidente de la primitiva lengua de Europa, anterior a la invasión indoeuropea» (Deia, 19.10.80 Editorial) Eta: «euskal kulturarik ez euskara gabe». Eta zein gutxi desarroilatu diren beste arrazoi politikoago batzuk: identitate nazionalaren alderdia, esate baterako. Euskara naziogile. Eta kontextu politiko batetan hori. Parlamentu politiko batetan bertan.
«Euskara ez da kultura» 1981-01-25
Oso gaizki hitzegitea da, «euskara ez da kultura» esate hori. Esan nahi dut, euskararen arazoa kultur-arazo soila baino gehiago dela: politikoa da batez ere. Eta politikoa dela esanez, ez dut esan nahi euskararen arazoan planteamendu alderdikorrak, partidistak, egin behar direnik (esate baterako, abertzaleok bakarrik onar genitzakeen planteamenduak). Komeni ere seguruenik ez da komeni. Egiterik ere ez dago seguruenik. «Estatu arazoa» dela, esan beharko genuke. Nazio arazoa da, zehazkiago.
Iruditzen zait, planteamendu ez-partidistak egin nahi direla, baina arrazonamendu partidistak erabiliz. Planteamendu historizista-kulturalistak, ezin esango dugu berez Alderdi bati bakarrik dagozkionak direla, bai ordea, Alderdi baten izpirituari eta tradizioei hobeto dagozkiela, abertzaleoi hain zuzen, askoz gutxiago PSOEri esate baterako. [...]
Agian hobeto ulertuko ligukete, guk geuk hobeto azalduko bagenu, gure arrazoiak (euskararen aldeko, berreuskalduntzeko, arrazoiak) ez daudela prehistorian, historian baino: funtsezko arrazoia, egin nahi dugun euskal gizarte libre eta solidarioa dela alegia. Projektu sozial global batekin.
Hau da, planteamendu guztiaren orientazioa aldatu. Geroari begira, ez antzinateari. Eta sozialki oinarrituz, ez historiko-kulturalki.
«Defentsibatik ofentsibara» 1981-02-08
Eta, azkenik, defentsibatik ofentsibara pasa nahi badugu, perspektibak ere aldatu beharra dago. Orain artean gehienbat giza-eskubideen mailan mogitu izan gara: euskaldunak gara eta euskaraz aritzeko eskubide dugu; giza-eskubideen kontrakoa da eskolarik, irratirik, telebistarik, etab. euskaldunentzat ez egotea, etc. etc. Giza eskubideak. Birreuskalduntzea, ordea, beste nolabait oinarritu eta motibatu baharko da.
«Birreuskaldundu: euskal gizarte txikitua berritu» 1981-05-17
Eskubide zapalduak, errepresioak, behiala euskaldunak omen ziren eta orain ez diren herria, ez dakit nongo euskal hondarrak topografian, Tutera lehenago euskalduna ote zen ala ez, etab-etab. gabiltza beti, beti aspaldiko denborei begira. Zenbait jende asper-asper egiteko ere bai bait da, hemen historiazaleak garen arren. Planteamendu egiaz politiko batetan, ordea, iraganak adina pisu eta gehiago geroak eduki behar luke. Euskadi euskaldun, solidario, libre baten projektu globalak. Ez da bestegatik, Euskadi birreuskaldundu nahi badugu. Ez dugu birreuskaltu nahi, noizpait euskalduna izan omen zelako, afizio arkeologiko eta restaurazionista hutsez, eliza eta gaztelu zaharrak restauratzen diren moduan. Bururatzen dugun projektu sozialean, euskara bakarrik ez, baina euskara ere inportantea delako baizik.
«Integrazioa: Nazionalismo/sozialismo» 1981-12-02
Ceterum censeo [Baina uste dut]: berreuskalduntzea, integrazio sozial eta nazionalaren projektu global batetan ez bada, lan kultural merezigarria izan liteke, baina restaurazio arkeologiko baten antzera, sentido politiko berezirik gabe. Sozialismoak eta nazionalismoak, biek parte har lezakete, biek hartu beharko lukete parte, Euskadi komunitate euskaldun eta integratu bat bihur dadin.
Gaur egunera ekarrita, PP, Vox eta UPN kenduta, beste guztiek, ezta?, eta lehenbailehen, Hego Euskadi guztiz erdaldun, espainiar norteño bilakatu baino lehen!