Berlinen dilema

2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Argitara atera berri da Giza historia ulertzeko azterketa, Isaiah Berlin ideia-historialari handiaren lehen obra, euskaraz. Saiakera antologia bikaina da. Bertan irakur ditzakegu pentsalari letoniarraren saiakera famatuenetariko batzuk; Libertatearen bi kontzeptu, besteak beste.

Sir Isaiah Berlin bere garaiko gizonik gailenenetako bat izan zen, mendeko pentsalari liberal nagusietako bat. Ilustrazioaren zenbait iritzi eta jarrera kritikatu zituen. Ez zituen gogoko haren unibertsaltasun abstraktua, kosmopolitismo berdintzailea eta arrazionalismo hotza. Pentsalari kontra-ilustratuengandik asko ikasi zuen «arrazionalista liberala» izan zen.

Baloreen pluralismoaren aldezle suharra izan zen Berlin, batez ere. Monismo arrazionalistarenaurka jardun zuen bizitza guztian. Vicoren eta Herderren lanetan oinarrituta, erromantikoen jarrera pluralista goraipatu zuen. Ez zuen uste erantzun egiazko bakarra dagoenik auzi guztientzat. Baloreek askotan talka egiten dutela zioen. Askatasunaren eta berdintasunaren baloreak, bereziki, ez dira bateragarriak(ahaltsuentzat erabateko askatasuna dena morrontza da pobreentzat).

Behin, Arnaldo Momigliano idazleak, New York Review of Books aldizkarian kaleratutako artikulu batean, besteren galtzetan sartzen ari zela egotzi zion Berlini. Haren pluralismoa —zioen Momiglianok— erlatibismo forma bat da, eta erlatibismoak etikaren oinarriak hondatzen ditu. Abisu batekin amaitzen zen artikulua: «Herder edo Vico berpiztu baino lehen, geure buruari galdetu behar diogu ea nora garamatzaten batak zein besteak».

Oker zegoela erantzun zion Berlinek,ez zela erlatibismoa: «Nik kafea nahiago dut, zuk xanpaina». Gustu desberdinak ditugu. Ez dago besterik esateko. Hori erlatibismoa da. Baina Herderren eta Vicoren iritzia besterik da: «Nik pluralismo gisa deskribatuko nukeena da, hau da, gizakiek bila ditzaketen xede desberdinak dauden kontzepzioa eta, hala ere, erabat arrazionalak, erabat gizaki izan, elkar ulertzeko gai direnak eta sinpatizatzeko eta elkarrengandik argia eratortzeko».

Berlinek gogoan hartu zuen bere adiskidearen oharra, eta hurrengo hogei urteetan behin eta berriz azaldu zuen bere pluralismoak ez zuela berekin erlatibismoa ekartzen. Berak ere, iraganean, huts hori egin zuela aitortu zuen. Ez dakigu bere adiskidea konbentzitu zuen edo ez. Baina «pluralismoa ez da erlatibismoa», esango du behin eta berriz Berlinek. Halaxe berretsi zuen bere azken saiakeran, My Intellectual Path lan autobiografikoan: «Ideal pluraltasuna existitzen deneko ondoriora iritsi nintzen, izaera eta kultur pluraltasuna baden bezala. Ez naiz erlatibista».

Baloreen mundua plurala eta gatazkatsua da, askotan elkar kontrajartzen baitira. Baloreek eduki ezberdina izan dute historian zehar. Horrek pentsaraz dezake erlatiboak direla denboraren eta espazioaren arabera, ez dutela balio unibertsalik, alegia. «Ez dugu dramatizatu behar balioen bateraezintasuna, akordio zabal handia baitago gizarte desberdinetako jendearen artean, denboraldi luzetan, zuzena eta okerra, ona eta txarrari buruz», dio Berlinek.

Balore komunik ez bagenu, kulturen arteko komunikazioa ez litzateke posible izango. Zibilizazio bakoitza bere burbuilan itxita balego, ezingo genituzke urruneko kulturak ulertu. Bada «muin komun» bat kulturen artean. Gizarte edo kultura bateko kideek beste kultura edo gizarte bateko baloreak, idealak eta bizi formak uler ditzakete, elkarrekin dutelako gizakiak gizatiar egiten dituena.

Bada balore objektiboen mundu bat. Printzipio moralak asko dira, baina ez ezin konta ahalekoak. Askatasuna, berdintasuna, errukia, justizia, egia, zoriona, etab. aipatzen ditu Berlinek. Neurgaitzak direnez, ez dago hierarkiarik haien artean. Baloreen arteko talkak saihesterik ez dagoenez, haiek gutxitzen eta orekatzen ahalegindu beharko dugu. Adibidez, libertatea murriztu egin beharko da batzuetan justiziari leku egiteko. Baloreek amore eman behar diote batak besteari. «Lehentasunakezarri behar dira, ez azkenik eta absoluturik».

Ukaezina da eboluzio moral bat gertatu dela balore kontuan, eta eboluzio horrek aurrerapauso bat ekarri duela. Berlinek berak aitortzen du Europar Batasuna eta haren gorabeherak izeneko saiakeraren amaieran: «Niri hori egiazko aurrerabidea iruditzen zait». Bi Mundu Gerren ostean eman zen hoberako aldaketa adierazi nahi zuen (tamalez, lan hori ez da esku artean dugun antologian jasotzen, ezta VIII. mendeko europar pentsamenduaren ustezko erlatibismoa ere).

Berlin hautabide baten aurrean aurkitu zen: absolutismoa ala erlatibismoa. Eta pluralismoa hautatu zuen. Ihes egin zion, hartara, monismo arrazionalistaren eta erlatibismo muturrekoaren artean hautatu beharrari. Ez dago egia bakar eta betikorik, ez azken soluziorik, ez azken harmoniarik. Baina izan badira oinarrizko balore unibertsal batzuk. Giza eskubideak, alegia.

Ez Vico, ez Herder —eta ez Berlin bera— ziren erlatibistak. Arrazoiaren aurrerapen lineal eta etengabearen ustea arbuiatu zuten. Ilustrazioaren gehiegikeriak salatu zituzten. Erromantizismoa ere modernitatearen osagai eta parte da. Muturreko erromantizismoak niaren goratze fanatikora eta, azken buruan, faxismora jotzen duen bitartean, erromantizismo neurritsuak liberalismora eta tolerantziara eraman gaitzake. Hala uste zuen, behinik behin, Sir Isaiah Berlinek, eta pentsalari erromantikoei kasu handiagoa egiteko eskatu zigun. Baina ezzion Ilustrazioari uko egin.

Zorionak, azkenik, Xabier Mendiguren lagun zaharrari, bere itzulpen lan trinkoarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.