Pako Aristi

Berdintasunaren baldintza lehena

2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Patxi Lopezek Euskal Autonomia Erkidegorako hauteskundeen deialdia egin zuen une berean aspaldiko eskuizkribu bat etorri zitzaidan gogora, gure historian agertu den lehen bando independentista. 1855. urtekoa da itxura guztien arabera, eta Xabier Irujok aurkitu zuen, bere arbaso Manuel Irujo Apeztegiaren karpeta batean. Urte hartan Espainiako Ogasunak indarrean jarri nahi zuen desamortizazio lege berri baten aurka idatzia dago, espainolez; zorrotza da bere estilo dotorean.

Asko laburtuz, honela dio hasieran: «Iritsi da eguna Euskal Herria lehen izan zena izatera iritsi dadin berriro ere: bere erakundeek, ohiturek, hizkuntzak, historiak eta bere deiturak erakusten duten horixe, lurralde bereizia». Hurrengo paragrafoan, gaurkotasun harrigarria erakutsiz, Espainia hondoratzeko zorian dagoela aipatzen du, eta salba gaitezela: «Egia da euskal probintziek ez dutela tutorerik behar, mende asko baitira haurtzarotik atera zirela. Bere antolaketa eta eraketa bereziak, bere izateko moduak ez die oztoporik jarriko Penintsulako gainerantzekoei, ondoen dagokien martxa jarrai dezaten. Zeren, badirudi pauso bizkorrez doala dena Recaredoren Aberriaren desegitera, salba bedi Euskal Herria hondamen horretatik, lehen Erromako arranoetatik eta Ilargi Erdiaren boteretik bezala».

Ondoren salatzen du Gaztelak ez dituela bete Euskal lurraldeekin hitzartu zituen akordioak; engainatu egin gaituztela, alegia: «Aska bitez Gobernuaren aldetik modu aski zakarrean etetzen hasi diren lotura politikoak, eta bizi bezate euskal probintziek bizitza propio bat». Eta bukatzeko, gure herria botere garaile guztiek laidotu dutela salatu ondoren, herri honek jaso duen etsipen uztari amaiera jartzeko dei egiten du, etorkizuneko euskaldunak, gu, alegia, gaztigatuz: «Gainezka egin duen sufrimendu honek aurrerantzean jarraitzea ere benetan lotsagarria eta inozoa izango litzateke».

Harrigarria, pentsatu nuen. Horra, duela 157 urte idatzia, gaur gertatzen zaigun gauza berbera: Gaztelako erakundeetan sartu dira euskaldunak, adarra jo diete, engainatu dituzte, eta orain bereizi nahi dute. Berriro ere, zirkuluan biraka gabiltzan inpresio desatseginak hartu ninduen. Gauza berberak esaten ari gara gaur egun ere. Eta are okerrago: lotsagarri eta inozo sentiarazi behar gintuzke bandoak, aipatzen duen sufrimenduari amaierarik jartzen asmatu ez dugulako.

Hauteskundeen deialdiak uda honetan asko errepikatu den beste mantra baten oihartzuna ere ekarri du nire gogora. Murrizketen aurrean «herri bezala» erantzun behar dugula zioen leloa. Baina, hain zuzen, herri bezala egituratzea galarazten digun sistema politiko arrotz bateko erakundeetatik deialdi hori egitea egokia da? Eta are urrunago joanez: zein neurritan, bertan parte hartuz, sistema arrotz hori geure bihurtzen dugu?

Uztailaren 28an, Gipuzkoako Ogasun diputatua den Helena Francoren prentsaurreko bat zetorren murrizketen egoera salatzeko, eta bederatzi puntutan Espainiako estatuaren deskribapen erabakigarria egin zuen. Hona laburpen bat:

1. Espainiak «esku hartuta» ditu euskal erakundeak. Bost aldiz aipatzen zuen eskuak lotuta ditugun ideia.

2. Aldundien eskumenetan eskua sartzeko Espainiako Gobernuak «lege zentralistak» egiten dituela salatu zuen.

3. Gipuzkoako Foru Aldundiak dio egoera ekonomikoari erantzuteko duen gaitasuna mugatua dela.

4. Hala ere, «nork bere kontuak kudeatzeko ahalmena» berreskuratu behar dutela zioen.

5. Baina, «Espainiako Gobernuak bere interesak beste edozeren gainetik jartzen ditu».

6. «Espainiako Gobernuak zehazten du zein erritmotan zuzendu behar ditugun kontuak, eta, gainera, noizko eta nola egin behar dugun».

7. Espainiaren interesek kalte handia dakarkigute: «Zorraren interesak ordaintzera bideratu beharko dugu gastuaren zati handiena. Horrek departamentuen oinarrizko gastua murriztuko du».

8. Hori egitera «behartuta» daudela dio behin eta berriz diputatuak, eta baita ere Espainiako Gobernuak ezarri dizkien neurriak eta baldintzak inposizioa direla.

9. Espainiaren baldintzak betetzera behartuta daudenez, diputatuak dio ekonomiaren suspertzea eta herritarren ongizatea «sakrifikatu» beharko dituztela.

Honekin betetzen da inperio baten azken ametsa: menderatutako lurraldean berak nahi duen aldaketa sozialak eragitea, berak ezarritako gizarte eredua garatzea, ekonomiaren indarberritzea kontrolatzea, menderatuen ongizateari mugak jartzea.

Badakit Bilduko hautetsiek borondate ona dutela altxor, ilusioa dutela odolean eta PNVren hamarkada askotako eredu ekonomizistari aurre egiteko grina benetakoa elikagai, baina itsaso sakonaren korronteetan dabilen arazo nagusia konpondu gabe aritzeak arrisku handiak dakartza erakundeetan sartzeko planteamenduari.

Hauteskundeen deialdiak beste oihartzun bat ere bidali baitu nire belarrietara: normalizatuak izango direla. Javier Perez Royok aipatu zuen Gara-n, Sortu legeztatu berritan: «Lehen aldiz hauteskundeak, zergatik ez esan, normaltasunez biziko ditugu. (…) Lehen aldiz berdintasun baldintzetan parte hartu ahal izango da. Orain ikusi beharko da zer erabakitzen duen Euskal Herriak baldintza hauetan».

Baina uztailean, Pello Urizarrek zioen El Diario Vasco-n: «Badakigu Espainia deituriko estatu batean egoteagatik eskuak eta oinak lotuta ditugula Europatik datozen proposamenei dagokienez».

Batetik berdintasun baldintzak ditugu, baina bestetik eskuak eta oinak lotuta ditugu.

Herri batek izan behar du propiotzat ezagutzen ez duen eraikuntza politiko batetik alde egiteko aukera. Hori ezin badu erabaki, herri hori ez dago berdintasun baldintzetan, menderatua baizik.

Merezi al du legediaren indar guztia gure aurka erabiltzen duen (eta horrek berak estatu espainola gurekiko totalitario bilakatzen duen) erakunde politiko batean parte hartzea? Hori da gakoa; horixe dela iruditzen zait, hemen, mendeetan erantzun gabe daukagun galdera potoloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.