Berritzea gizartean elementu berriak sartzea da, gizartea eraldatzeko asmoarekin. Berrikuntza, beraz, funtsezko tresna da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako gizarte bat berreraikitzeko ahaleginean. Berdintasun-ezari buruz dihardugunean, gizarte honek duen egiturazko arazo batez dihardugu, inondik ere berria ez den arazo batez. Emakumeek, emakume izateagatik bakarrik, mendeak daramatzate ikusezin bihurtuta, diskriminazioa eta indarkeria nozitzen. Baina emakumeen giza eskubideen urraketa horrekin amaitzeko ahalegin hori denborarekin aberasgarri bihur daiteke, jokabide, jarrera eta ikuskera berrien bidez.
Berrikuntza hitzak, batzuetan, eremu handietara eramaten gaitu, hots, teknologiaren, industriaren, hezkuntzaren, ikerketaren eta abarren bidez berritzen diren eremuetara. Bada, ordea, berritzeko beste modu bat, izenburu handietan agertzen ez dena, baina maiz ikusten dena eremu txikietan: familia batek gauero-gauero afaltzen duen mahaiaren inguruan; aita batek edo ama batek eskolatik atera berri den haurrarekin izaten duen elkarrizketan; gure adiskideei bidaltzen dizkiegun txisteetan, edo laneko elkarrizketa batean pertsona batek erantzun behar dituen galderetan. Lur asko dago oraindik ereiteko. Ongarri berriekin eta berritzaileekin erein behar dugu lur hori, geure inertziei buruz hausnartzera bultzatzen gaituzten ongarriekin, gure eguneroko jokabideen zergatiaz galdetzen diguten ongarriekin, egia biribiltzat genituen jarrera asko auzitan jartzen dituzten ongarriekin.
Gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna da: aurrerapausoak eman izana ospatzeko eguna, oraindik ere hainbat pauso eman behar ditugula aldarrikatzekoa, atzerapausorik ematen ari ote garen arreta handiz aztertzekoa, eta, baita ere, gizartea sentsibilizatzeko eguna. Emakundek egun hau baliatu nahi du zenbait adibide eta jarraibide mahai gaineratzeko: nola berritu daitezkeen gure praktika sozialak, eguneroko jokabideetan nola txerta ditzakegun begiratzeko modu berriak, arduratsuagoak, justuagoak, giza eskubideekin bat datozenak, eta berritzaileagoak.
Izan ere, pixkana-pixkana gizarte hau berritzeko eta eraldatzeko gai izango gara, erabakiak hartzen baditugu, kanpainako protagonistek bezala: txiste matxisten soka etetea erabaki duen gizon bat; ama bat, erabaki duena alabari erakustea bere burua maitatzea dela ezinbestekoa, eta ez bikotekide bat izatea; aita bat, semeari erakusten diona zer esan nahi duen «Ez beti da ez» esaldiak; publizitate sexistaren bidez iragartzen den produkturik ez erostea erabaki duen emakume bat; umearen lehen abizena amarena izatea erabaki duen aita bat; irakasle bat, ikasleei irakasten diena zer ekarri dion eta zer ekar diezaiokeen feminismoak gizarteari; edo enpresa bat, pertsonen talentua lehenesten duena, sexua edo arraza inolako eragozpen edo oztopo izan gabe.
Baikortasunezko adibideak eta jarraibideak aurkeztu nahi izan ditugu, inguru hurbilean berdintasunaren alde jokatzea erabaki duen jendearen bidez. Horiek guztiak eredu bihurtzea nahi dugu, edo, behintzat, hausnartzera eraman gaitzatela gure eguneroko zenbait jokabideren inguruan, askotan ez baititugu aztertzen.
Berdintasuna lortzeko erantzukizuna gizarte osoarena da: instituzioena, gizarte-mugimenduena, enpresena, familiena, ikastetxeena, komunikabideena, zeinahi motatako entitateena... Eta, baita ere, norberarena, gutako bakoitzarena. Izan ere, denok egin dezakegu zerbait berdintasunaren alde, nork bere eragin-eremuan. Ama edo aita moduan, lagun moduan, hezitzaile moduan, kontsumitzaile moduan, enpresa bateko arduradun moduan... Eta kanpainan esaten dena berresten dut, ziur bainago geroz eta gehiago direla jardutea erabaki dutenak, geroz eta gehiago direla beren eguneroko ekintza eta jokabideen bidez berdintasunezko gizarte bat eraikitzen laguntzen dutenak, eta horrela, ez dezagun ahaztu, emakumeen kontrako indarkeriatik libre dagoen gizarte bat eraikitzen laguntzen dutenak. Geroz eta gehiago dira beren jokabideen bitartez berritzea eta beren inguru hurbila eraldatzea erabaki dutenak, eta, hartara, gizartea eraldatzen laguntzen dutenak.
Berdintasuna lortzeko, gizarte berrikuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu