Berdintasuna: estatu nazionalismoen mantra

2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ez du ertzik falta, bainakomodoa da, balioanitza, passe-partout, bertutez jantzita dator, ezkutatu eta berriz azaleratzen da, gaurkotasunez betea, hor dago beti: berdintasuna. Espainiako alderdien arteko borrokaren atakan, protagonismo berezia hartu du, berriz ere. Isabel Diaz Ayusok eta nazional-populismoak argi utzi dute: berdintasuna eta, hedaduraz, Espainiako Konstituzioa da katalan independentisten amnistiaren kontrako errezeta. Epaileek berdintasunaren doinua maite dute, badakigunez.

Berdintasunaren leloa ezagun zaharra dugu. Frantziako Iraultzarekin batera eta Mendebaldeko nazio-estatuen konstituzioen goraldian sendotu zen. Historikoki berdintasunak kontrakoa du pribilegioa. Pribilegio hitza, ordea, bihurria da, piegé (edo tranposoa), Jean-Louis Davantek adierazi duenez. Frantziako Iraultzaren 1789ko abuztuaren 4ko Pariseko gau aztoratuan, pribilegioak abolitu ziren, eta frantses herriaren berdintasuna onartu. Desberdina zena salbuespena zen, eta berdindu behar zen. Joan ziren euskaldun kontinentalen betiko instituzioak eta zuzenbidea, Nafarroako Erresuma ere tartean.

Pribilegio edo lex privata haiek, etimologikoki lege bereziak, tokian tokiko araubidea eta askatasunak ziren Euskal Herrian. XIX. mendean, bidegabe eta apetatsu bilakatu ziren bat-batean, gorrotagarri; traba zitzaizkion espainiar erregetzari eta errege erakundeei. Espainiar koroak ez zuen astirik galdu: Euskal Herriko foru araubidea, Nafarroako Erresuma barne, desegin behar zen.

XIX. mende erdialdean, Espainiako Gorteetan ez zen zalapartarik falta. Ezinbestekoa zen euskal herritarrak Espainiako Erresumarekin berdintzea. Berdintasunaren izenean, Marokoko gerra kolonial absurdora joan behar ziren, besteak beste. Euskal agintariak amua irensten hasi ziren. Bigarren Karlistaldiaren amaierako okupazio militarrak eta gerra legeak eman zuten berdintze ia osorako parada, 1876an.

Espainiar Gorteetako kide aztoratuek berriz astindu zuten (espainiarren) berdintasunaren mamua. Canovas del Castillo presidenteak eta Espainiako Gorte ez demokratikoetako enparauek indarrik gabe utzi zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioak eta zuzenbidea. Asimilazioa bidean zen, eta Kode Zibilaren auzia geratu zen dantzan. Parlamentari espainiarrek euskaldunei orain hizkuntza ere kendu behar zitzaiela oihukatzen zuten.

Sagastaren gobernua, Gamazo ministroaren bidez, berdintze hori erabat gauzatzen ahalegindu zen, Nafarroa Garaia Espainiako probintzia soiltzat hartuz. Euskal herritarrak haserre ziren, 1893-1894ko Gamazada matxinada piztu zen. Gernikako arbola-ren doinuen artean, herri protesta horrek Nafarroa Garaia zuen erdigune; Donostian ere sei hildako utzi zituen, duela aste gutxi batzuk gogoratu dugunez.

Nolako hautsak, halako lohia. Ordutik, badugu adjektibo markaturik gabeko zuzenbide bat, zuzenbide erkidea edo komuna, ez berezia, ia unibertsala, ia neutroa, eta, jakina, berdintasun konstituzional totemiko bat. Espainiakoa, noski. Hizkuntza bezala: komuna. Eta euskaldun izatea? Pribilegioa edo, Feijook Espainiako Kongresuan esan duenez, karaoke bat. Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.