Berde izena jaso izanak ez ditu berde egingo

2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Europar Batzordeak argi berdea eman die nuklearrari zein gasari, halaxe (energia berde) izendatu baititu biak otsaila hastearekin batera. Hori bai, trantsizio-bide amaigabe honek dirauen bitartean bakarrik: 2035. urtera arte gasaren kasuan eta 2045. urtera arte nuklearrarenean, gehienez ere. Izendapen taxonomikoari eginiko aldaketa baino ez dirudien horrek, ordea, ondorio esanguratsuak izango ditu, eta esan beharra dago: mesede txikia egingo diote ingurumenari.

Erabakia babeste aldera, Batzordeak ikatza hizpide eman zuen ezagutzera berria. Zeren, ikatz- erreketek, gaur-gaurkoz, Europan kontsumitzen dugun argindarraren %15 hornitzen duten arren, ingurumen-inpaktu ugari dituzte. Besteak beste, berotegi-efektua, euri azidoa eta kedarra eragiten ditu; hori guztia, ikatzaren meatzeetatiko erauzketak sorturiko bestelako eraginak arbuiatuta. Hori horrela, arazo larriok murrizte aldera izendatu omen ditu Europak gasa eta nuklearra trantsiziozko baliabide berde gisa. Behintzat, ortzi-mugan omen dugun energia berriztagarriz soilik hornitutako etorkizun utopiko horretara iristen garen arte.

Gasak eta nuklearrak ere, ordea, badituzte ondorioak, eta ez dira gutxi. Gasak, ikatzak bezain beste ez baldin bada ere, berotegi-efektua areagotzen du bere errekuntzan emititzen den karbono dioxidoaren (CO2) ondorioz. Gainera, erauzketarako behar den energiak ere CO2a igortzen du atmosferara, eta erauzketa-prozesuan gertatu ohi diren gas-galerek metanoa (CH4) isurtzen dute, hori ere berotegi-efektuaren eragile nabarmena izanik. Azkenik, Europak ez du kontsumituko duen gasa bere lurraldean erauzten, eta esan barik doa herrialde arrotzekiko urte luzetarako mendekotasunak gatazka geopolitiko itzelak sor ditzakeela, aurretiaz ikusi izan dugunez.

Energia nuklearra hizpide hartuta, nabarmen gehiago dira tonua altxatu duten ahotsak, ulergarria denez. Bere alde egiterik baldin badago, aitortu beharrean nago martxan dagoen artean energia nuklearrak ez duela CO2rik isurtzen atmosferara eta, hartara, berotegi-efektua sano murritz dezakeela esatea zilegi da. Aitzitik, elementu kimiko ezegonkorrak ditu ardatz, eta horien meatzeetatiko erauzketa zein biltegiratzea bada arazo-iturria. Alabaina, nuklearrari egozten zaizkion buruhausterik handienak beste bi dira.

Alde batetik, ezohiko istripu nuklearrak daude. Ez dut uste gaian sakontzeko beharrik dagoenik, bakan batzuk izanik ere ez direlako ahazteko modukoak, inondik inora. Beste alde batetik, hondakin erradioaktiboen kudeaketa dago. Orain arte, nuklearra eskala handian elektrizitate-ekoizpenera bideratu den azken ia 70 urteetan, aurrerapauso gutxi egin ditugu hondakinekin zer egin asmatzerakoan. Egun dugun metodorik eraginkorrena honetan datza: hondakinok upeletan ontziratzen dira, uhin-emisioa zertxobait murrizteko tratamendu xumea ematen zaie, eta lur azpiko sakonune batera edota ozeano hondoetara botatzen dira, mendeetan zehar erradiazioa askatzen jarrai dezaten, egonkor bilakatu arte. Berriz, Europar Batzordeko zenbait herrialderen aburuz, horiekin guztiekin ere, energia nuklearrak «berde» titulua merezi du.

Europaren izendapen berriak eragingo du, zeharka bada ere, gai hauetan adituak ez diren askok pentsa dezatela gasa eta nuklearra garbiak direla, mundu-mailan energia-arloan erreferente gisa jardun beharko zukeenak berdetzat jo izateagatik. Hori guztia gutxi balitz bezala, datozen hamarkadetan dirutzak inbertituko dira zentral termiko eta nuklearren abiaraztean; abantaila fiskal esanguratsuekin, gainera.

Ezin uka daiteke egun batetik bestera ekoizpen-sistema eraldatzea eta berriztagarriak diren iturriekin bakarrik hornitzea ezinezkoa denik. Trantsizio-bidean kalteak eragiten jarraituko dugu, ezinbestean, baina gasa eta nuklearra berde gisa izendatzea hanka-sartze garbia da, pixkanaka desagertu eta berriztagarriei lekua egin beharko lieketen energien birsustapena dakarrelako. Ingurumen-inpaktuen ikuspuntutik, argi dago: berde izena jaso izanak ez ditu berde egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.